Nola erabiltzen ditu Google-k cookieak?
Google-k erabiltzen dituen cookie motak eta bestelako teknologiak deskribatzen dira orri honetan. Google-k eta gure bazkideek publizitatean cookieak nola erabiltzen dituzten ere azaltzen da bertan.
Bisitatzen dituzun webguneek arakatzailera bidaltzen dituzten testu zati motzak dira cookieak. Haiei esker, zure bisitari buruzko informazioa gogoratzen du webguneak; horrela, zure hurrengo bisita errazagoa izango da, eta webgunea, lagungarriagoa. Beste teknologia batzuk (adibidez, arakatzaile, aplikazio edo gailu bat identifikatzeko erabiltzen diren identifikatzaile esklusiboak; pixelak, eta tokiko biltegiratzea) ere erabil daitezke helburu horietarako. Orri honetan deskribatutako cookieak eta beste teknologiak ondoren azaltzen diren helburu hauetarako erabil daitezke.
Irakurri Pribatutasun-gidalerroak cookieak eta bestelako informazioa erabiltzen ditugunean zure pribatutasuna nola babesten dugun hobeto ulertzeko.
Google-k erabiltzen dituen cookie motak eta bestelako teknologiak
Behean deskribatutako cookie edo beste teknologia batzuk edo guztiak arakatzailean, aplikazioan edo gailuan biltegiratuko dira. Cookieak nola erabiltzen diren kudeatzeko, cookie jakin batzuk alde batera uzteko aukera barne, joan g.co/privacytools helbidera. Horrez gain, arakatzaileko cookieak kudeatzeko aukera duzu (baliteke gailu mugikorretarako arakatzaileek ikusgaitasun hori ez eskaintzea). Baliteke aplikazioak eta gailuak identifikatzeko erabiltzen diren beste teknologia batzuk gailuaren edo dagokion aplikazioaren ezarpenetan kudeatzea.
Funtzioak
Funtzioak ahalbidetzen dituzten cookieei eta bestelako teknologiei esker, zerbitzu baterako oinarrizkoak diren eginbideak atzitu ahalko dituzu. Honako hauek daude zerbitzu baten oinarrizko elementuen artean: hobespenak (aukeratzen duzun hizkuntza, adibidez), saioari buruzko informazioa (erosketa-saski bateko edukia, esaterako), eta zerbitzu hori mantentzeko eta hobetzeko produktu-optimizazioa.
Zure hobespenak mantentzeko erabiltzen dira cookie batzuk eta beste teknologia batzuk. Adibidez, Google-ren zerbitzuak erabiltzen dituzten gehienek NID edo ENID izeneko cookie bat dute arakatzailean, hautatu dituzten cookie-aukeren arabera. Cookie horiek zure hobespenak eta bestelako informazioa gogoratzeko erabiltzen dira, hala nola hizkuntza hobetsia, bilaketa-emaitzen orri bakoitzean erakustea nahi duzun emaitza kopurua (adibidez, 10 edo 20) eta Google Bilaketa segurua eginbidearen iragazkia aktibatuta eduki nahi duzun edo ez. Erabiltzaileak zerbitzua azkeneko aldiz erabili zuenetik sei hilabeteko epean iraungitzen da NID cookiea; ENID cookieak, berriz, 13 hilabete irauten du. VISITOR_INFO1_LIVE eta YEC izeneko cookieek antzeko helburua dute YouTube-n, eta zerbitzuaren arazoak antzemateko eta konpontzeko ere erabiltzen dira. Cookie horiek sei eta 13 hilabete irauten dute, hurrenez hurren.
Saio jakin batean jasotzen duzun esperientzia mantentzeko eta doitzeko erabiltzen dira bestelako cookieak eta teknologiak. Esate baterako, YouTube-k informazioa gordetzeko erabiltzen du PREF cookiea (adibidez, gogoko orri-konfigurazioa eta erreprodukzio-hobespenak, hala nola erreprodukzio automatikoko aukera esplizituak, edukia ausaz erreproduzitzeko aukera eta erreproduzigailuaren tamaina). YouTube Music-en kasuan, bolumena, errepikatzeko modua eta erreprodukzio automatikoa sartzen dira, besteak beste, hobespenen barruan. Erabiltzaileak zerbitzua azkeneko aldiz erabili zuenetik zortzi hilabeteko epean iraungitzen da cookiea. Bestalde, pm_sess cookieak arakatze-saioa mantentzen laguntzen du, eta 30 minutu irauten.
Baliteke Google-ren zerbitzuen errendimendua ere hobetzeko erabiltzea cookieak eta bestelako teknologiak; adibidez, CGIC cookieak bilaketa-emaitzak eskaintzeko modua hobetzen du (izan ere, erabiltzaileak hasieran idatzi duen testua oinarri hartuta bilaketa-kontsultak automatikoki osatzen ditu). Sei hilabete irauten du cookie horrek.
Google-k CONSENT cookiea erabiltzen du erabiltzaileak cookieen inguruan aukeratutakoa gordetzeko. Bi urte irauten du cookie horrek. Bestalde, SOCS cookiea ere erabiltzen da erabiltzaileak cookieen inguruan aukeratutakoa gordetzeko, baina 13 hilabete irauten du cookie horrek.
Segurtasuna
Erabiltzaileak autentifikatzeko, iruzurrak saihesteko eta zerbitzu batekin interakzioan jardutean zeure burua babesteko erabiltzen dira segurtasun-helburuak dituzten cookieak eta bestelako teknologiak.
Erabiltzaileak autentifikatzeko erabiltzen diren cookieei eta bestelako teknologiei esker, kontua haren jabeak soilik atzi dezakeela bermatzen da; adibidez, SID eta HSID izeneko cookieek erabiltzailearen Google-ko kontuaren IDaren erregistro enkriptatuak eta digitalki sinatuak dituzte, baita saioa hasi zen azken aldiaren erregistroa ere. Cookie horiek konbinatuz gero, eraso mota asko blokea ditzake Google-k; adibidez, Google-ren zerbitzuetan bidalitako inprimakien edukia lapurtzeko saiakerak.
Cookie batzuk eta beste teknologia batzuk spama, iruzurrak eta erabilera okerra saihesteko erabiltzen dira. Adibidez, pm_sess, YSC eta AEC cookieek arakatze-saio bateko eskaerak erabiltzaileak egiten dituela ziurtatzen dute, eta ez beste webgune batzuek. Cookie horiei esker, asmo txarreko webguneek ezin dute erabiltzaile baten izenean jardun erabiltzaile horrek jakin gabe. pm_sess cookieak 30 minutu irauten du, eta AEC cookieak, sei hilabete. YSC cookieak erabiltzailearen arakatze-saioa amaitu arte irauten du.
Estatistikak
Analisietarako erabiltzen diren cookieei eta beste teknologiei esker, zerbitzu jakin batekin interakzioan nola jarduten duzun ulertzen dute zerbitzuek. Estatistika horiei esker, zerbitzuek edukia hobetu, eta erabilera hobetzeko ezaugarri hobeak gara ditzakete.
Cookie batzuek eta beste teknologia batzuek bisitariek beren zerbitzuekin duten harremana ulertzen laguntzen diete webguneei eta aplikazioei. Adibidez, Google Analytics-ek cookie sorta bat erabiltzen du informazioa biltzeko eta webgunearen erabilera-estatistiken txostenak egiteko, banako bisitarien identitatea Google-ri jakinarazi gabe. _ga cookieak, Google Analytics-ek erabiltzen duen cookie nagusiak, bisitari bat beste batetik bereizteko aukera ematen dio zerbitzu bati, eta bi urte irauten ditu. Google Analytics darabilten webguneetan erabiltzen da _ga cookiea, Google-ren zerbitzuak barne. Propietate jakin baterako esklusiboa da _ga cookie bakoitza; beraz, ezin da erabili zerrendatu gabeko webguneen bidez emandako erabiltzaile edo nabigatzaileen jarraipena egiteko.
Google-ren zerbitzuek Google Bilaketa zerbitzuan NID eta ENID cookieak eta YouTube-n VISITOR_INFO1_LIVE eta YEC cookieak ere erabiltzen dituzte analisiak egiteko.
Publizitatea
Google-k cookieak erabiltzen ditu publizitaterako; besteak beste, iragarkiak hornitu eta emateko, iragarkiak pertsonalizatzeko (myadcenter.google.com eta adssettings.google.com/partnerads ataletan dituzun iragarkien ezarpenen arabera), iragarki bat erabiltzaile bati zenbat aldiz erakusten zaion mugatzeko, ez ikustea erabakitako iragarkiak ezkutatzeko eta iragarkien eraginkortasuna neurtzeko.
Saioa hasita ez daukaten erabiltzaileei Google-ren zerbitzuetan Google-ko iragarkiak erakusteko NID cookiea erabiltzen da, eta ANID eta IDE cookieak, berriz, Google-renak ez diren webguneetan Google-ko iragarkiak erakusteko. Iragarki pertsonalizatuak gaituta badauzkazu, ezarpen hori gogoratzeko erabiltzen da ANID cookiea. Cookie horrek 13 hilabete irauten du Europako Esparru Ekonomikoan (EEE), Suitzan eta Erresuma Batuan, eta 24 hilabete gainerako tokietan. Iragarki pertsonalizatuak desaktibatu badituzu, ezarpen hori 2030era arte gordetzeko erabiltzen da ANID cookiea. Erabiltzaileak zerbitzua azkenekoz erabili zuenetik sei hilabeteko epean iraungitzen da NID cookiea. IDE cookieak 13 hilabete irauten du Europako Esparru Ekonomikoan (EEE), Suitzan eta Erresuma Batuan, eta 24 hilabete gainerako tokietan.
Iragarkien ezarpenen arabera, baliteke Google-ren beste zerbitzu batzuek ere (YouTube-k kasu) publizitaterako erabiltzea cookie horiek, baita beste cookie eta teknologia batzuk ere, hala nola VISITOR_INFO1_LIVE cookiea.
Google-ren zerbitzuetan saioa hasten duten erabiltzaileentzat dira publizitaterako erabiltzen diren cookie batzuk eta bestelako teknologiak; adibidez, Google-renak ez diren webguneetan saioa hasita daukaten erabiltzaileak identifikatzeko eta erabiltzaileak iragarkien pertsonalizazioa onartu duen edo ez gogoratzeko DSID cookiea erabiltzen da. Bi aste irauten du.
Google-ren publizitate-plataformaren bidez, Google-ren zerbitzuetan eta Google-renak ez diren webguneetan iragarkiak jartzeko aukera dute enpresek. Cookie batzuek hirugarrenen webguneetan iragarkiak erakustea ahalbidetzen diote Google-ri, eta bisitatzen duzun webgunearen domeinuan ezartzen dira; esaterako, _gads cookiearen bidez, Google-ko iragarkiak erakusten dira webguneetan. Izenaren hasieran _gac_ duten cookieak, berriz, Google Analytics-ekoak dira, eta erabiltzaileen jarduerak eta haien publizitate-kanpainen errendimendua neurtzeko erabiltzen dituzte iragarleek. _gads cookieek 13 hilabete irauten dute; _gac_ cookieek, berriz, 90 egun.
Bisitatzen duzun webgunean Google-ko iragarkien eta kanpainen errendimendua eta bihurketa-tasak neurtzeko erabiltzen dira cookie batzuk eta bestelako teknologiak; adibidez, iragarleei haien iragarkietan klik egiten duten pertsonen eta webgunean ekintzaren bat (adibidez, erosketaren bat) egiten dutenen alderaketa erakustea dute helburu nagusi izenaren hasieran _gcl_ duten cookieek. Bihurketa-tasak neurtzeko erabiltzen diren cookieak ez dira erabiltzen iragarkiak pertsonalizatzeko. 90 egun irauten dute _gcl_ cookieek.
Ikusi publizitaterako erabiltzen diren cookieei buruzko informazio gehiago hemen.
Pertsonalizazioa
Pertsonalizaziorako erabiltzen diren cookieek eta bestelako teknologiek zerbitzua doitzen dute eduki eta eginbide pertsonalizatuak eskainita, g.co/privacytools helbidean edo aplikazioaren eta gailuaren ezarpenenetan aukeratutakoaren arabera.
Besteak beste, emaitza eta gomendio egokiagoak, YouTube-ren orri nagusi pertsonalizatua eta zure interesetara egokitutako iragarkiak sartzen dira eduki eta eginbide pertsonalizatuetan; adibidez, baliteke VISITOR_INFO1_LIVE cookieak YouTube-n gomendio pertsonalizatuak gaitzea iraganeko ikustaldi eta bilaketetan oinarrituta. NID cookieak, berriz, osatze automatikoko eginbide pertsonalizatuak gaitzen ditu Bilaketa zerbitzuan, bilaketa-hitzak idazten ari zarenean. Erabiltzaileak zerbitzua azkenekoz erabili zuenetik sei hilabeteko epean iraungitzen dira cookie horiek. Pertsonalizaziorako erabiltzen den beste cookie batek, UULEk, kokapen zehatzari buruzko informazioa bidaltzen du arakatzailetik Google-ren zerbitzarietara, Google-k zure kokapenerako egokiak diren emaitzak erakutsi ahal izan diezazkizun. Arakatzailearen ezarpenen eta arakatzailean kokapena aktibatuta edukitzeko egindako aukeraren araberakoa da cookie horren erabilera. Gehienez sei ordu irauten du UULE cookieak.
Pertsonalizatu gabeko eduki eta eginbideak eta pertsonalizatutako eduki eta eginbideak ez dira gauza bera, lehenengoek beste faktore batzuen eragina jasaten baitute; esate baterako, une horretan ikusten ari zaren edukiarena, Google-n egin duzun bilaketarena eta zure kokapen orokorrarena.
Cookieak arakatzailean kudeatzea
Arakatzean cookieak nola ezartzen eta erabiltzen diren kudeatzeko aukera ematen dute arakatzaile gehienek, baita cookieak eta arakatze-datuak ezabatzeko aukera ere. Gainera, litekeena da cookieak webgunearen arabera kudeatzeko aukera ematen duten ezarpenak izatea arakatzaileak. Adibidez, Google Chrome-ren ezarpenek (chrome://settings/cookies helbidean eskuragarri) lehendik dauden cookieak ezabatzeko, cookie guztiak onartu edo blokeatzeko eta webguneetako cookieen hobespenak ezartzeko aukera ematen dute. Google Chrome-k ezkutuko modua ere eskaintzen du; horrek arakatze-historia ezabatzen du, eta gailuko cookieak garbitzen, ezkutuko moduko leihoak ixten dituzunean.
Aplikazio eta gailuetako beste teknologia batzuk kudeatzea
Beste teknologia batzuk nola ezartzen eta erabiltzen diren kudeatzeko aukera ematen dizute gailu mugikor eta aplikazio gehienek, hala nola arakatzaile, aplikazio edo gailu bat identifikatzeko erabiltzen diren identifikatzaile esklusiboak. Adibidez, Android-eko gailuetako publizitate IDa edo Apple-ren publizitate-identifikatzailea gailuaren ezarpenetan kudea daiteke; aplikazioen identifikatzaile espezifikoak, berriz, aplikazioaren ezarpenetan kudeatu ohi dira.