Sarrera

Google-ren helburua mundu osoko informazioa antolatzea da, unibertsalki eskuragarria eta baliagarria izan dadin. Horretarako, garrantzitsua da kokapen-informazioa erabiltzea. Kokapen-informazioarekin, zerbitzu egokiagoak eta baliagarriagoak eskaintzen ditu Google-k, hala nola gidatzeko jarraibideak ematean, bilaketa-emaitzetan zure inguruko gauzak agertzen direla ziurtatzean edo jatetxe jakin bat beteta egoten den orduak adieraztean.

Produktuen oinarrizko eginbide batzuk eskaintzeko ere balio du kokapen-informazioak; esaterako, webguneak hizkuntza egokian bistaratzeko edota Google-ren zerbitzuak babestuta mantentzeko.

Google-ren Pribatutasun-gidalerroetan azaltzen da Google-k nola erabiltzen dituen datu horiek (besteak beste, kokapen-informazioa) haren produktu eta zerbitzuak erabiltzen dituzunean. Orri honetan, Google-k kokapenari buruz erabiltzen duen informazioari buruzko xehetasun gehiago ematen dira, eta hura erabiltzeko modua kontrolatzeko argibideak eskaintzen dira. Baliteke datuen inguruko beste jardunbide batzuk izatea 18 urtetik beherako erabiltzaileei dagokienez. Informazio gehiago lortzeko, irakurri Google-ren 13 urtetik beherako haurren Google-ko kontuen eta profilen (Family Link bidez kudeatutakoak) Pribatutasun-oharra eta Google-ren Nerabeentzako pribatutasun-gida.

Nola erabiltzen du Google-k kokapen-informazioa?

Google-k kokapen-informazioa desberdin erabiltzen du zerbitzu edo eginbidearen arabera, eta gailuaren eta kontuaren ezarpenen arabera. Hona hemen Google-k kokapen-informazioa erabiltzeko dituen modu garrantzitsu batzuk.

Zerbitzuak baliagarriak izateko

Google-k zure kokapen-informazioa gorde edo erabil dezake jendeari zerbitzu baliagarriak eskaintzeko Google-ren produktuak erabiltzen dituenean; adibidez, lokalki esanguratsuak diren bilaketa-emaitza bizkorragoak, eguneroko joan-etorrietarako trafikoaren aurreikuspenak eta pertsona baten testuingurua kontuan hartzen duten iradokizunak erakusteko. Esate baterako, norbait filmen ordutegiak bilatzen ari bada, seguruenik auzoko zinemetan eskaintzen diren filmak ikusi nahiko ditu, ez beste hiri batean dauden zinemetakoak. Google Maps-en, kokapen-informazioarekin, jendeak mapa batean non dagoen ikus dezake, eta handik nahi duen tokietara joan.

Jendeari bisitatutako tokiak gogorarazten laguntzeko

Jendeak gailuekin bisitatzen dituen tokiak gogora ditzake Kronologia erabilita. Kronologia erabiltzeko, jendeak Kokapen-historia aktiba dezake. Ezarpen horrekin, bisitatutako tokien eta egindako ibilbideen mapa pertsonal bat sortzen da. Kokapen-historia erabiltzea aukeratzen baduzu, gailuaren kokapen zehatzak mapa pertsonal batean gordetzen dira, baita Google-ren aplikazioak irekita ez badauzkazu ere. Informazio hori ikusi edo ezabatzeko, joan kronologiara.

Jendeari gauzak bizkorrago aurkitzen eta emaitza lagungarriagoak lortzen laguntzeko

Sareko eta aplikazioetako jarduerak izenekoa, adibidez, Google-ko kontuaren ezarpen bat da; harekin, jendeak bere jardueren datuak eta haiekin erlazionatutako informazioa (adibidez, kokapena) gorde ditzake, Google-ren zerbitzuei erabilera pertsonalizatuagoa eman diezaien saioa hasita daukanean. Esate baterako, aurretik bilatu duzun kokapen zehaztugabe batekin erlazionatutako emaitzak erakuts ditzake Bilaketa zerbitzuak.

Iragarki egokiagoak erakusteko

Kokapen-informazioari esker, Google-k iragarki egokiagoak erakuts diezazkizuke. Adibidez, "oinetako-dendak nire inguruan" bilatzen baduzu, kokapen-informazioa erabil daiteke inguruan dituzun oinetako-denden iragarkiak erakusteko. Bestela, demagun maskotentzako aseguruen bila zabiltzala. Kasu horretan, baliteke iragarleek abantaila desberdinak erakustea eremuaren arabera. Lortu informazio gehiago kokapen-informazioa iragarkiak erakusteko erabiltzen den moduari buruz.

Zerbitzuak seguruagoak izateko

Oinarrizko zerbitzu batzuk eskaintzeko erabiltzen du Google-k zure kokapenari buruzko informazioa; adibidez, kontua babesteko, ezohiko jarduerak egin direla edo saioa beste hiri batetik hasi dela hautemanda.

Komunitatearen joera eta estimazio anonimoak erakusteko, eta ikerketak egiteko

Google-k, halaber, kokapen-informazio bateratu anonimoa erabiltzen du ikerketak egiteko eta komunitatearen joerak erakusteko.

Kokapen-informazioa erabiltzeko modu gehiago ikusteko, irakurri Google-ren Pribatutasun-gidalerroak.

Nola funtzionatzen du kokapenak Android-eko gailuetan eta Android-erako aplikazioetan?

Gailuaren kokapenean oinarrituta, bilaketa-emaitza lokalak eta eguneroko joan-etorrien inguruko aurreikuspenak lor ditzakezu, bai eta inguruko jatetxeak aurkitu ere. Android-eko telefono mugikorren eta tableten ezarpenekin, gailuaren kokapen-zerbitzuek kokapena estimatzen duten ala ez kontrola dezakezu, baita gailuko aplikazio eta zerbitzu jakinek kokapen-informazio hori erabil dezaketen ere, eta, erabiltzekotan, nola.

Nola kontrola dezakezu aplikazioek zure gailuaren kokapena erabiltzeko duten modua?

Gailuaren kokapena erabiltzeko baimena duten aplikazioak kontrolatzeko, joan Android-eko gailuaren ezarpenetara. Ezarpenetan, aplikazio bakoitzak kokapen zehatza ala zehaztugabea erabil dezakeen kontrola dezakezu. Kontrolatzeko aukera batzuk gehitu ditugu aplikazio bakoitzak kokapena beti edo aplikazioa erabili bitartean erabil dezakeen, aldi bakoitzean galdetu behar duen edo inoiz erabili ezin duen erabaki dezazun. Ezarpen eta aukera horiek zure gailuak darabilen Android-en bertsioaren araberakoak dira. Lortu informazio gehiago.

Nola funtzionatzen du gailuaren kokapenak?

Gailuaren ezarpenen arabera, Android-eko gailuek iturburu desberdinak erabiltzen dituzte kokapena estimatzeko; adibidez, GPSa, sentsoreak (esaterako, abiadura-neurgailua, giroskopioa, magnetometroa eta barometroa), sare mugikorren seinaleak eta wifi-sareen seinaleak. Iturburu horietan oinarrituta, kokapena ahalik eta modu zehatzenean estimatzen da, eta beharrezko baimenak dituzten gailuko aplikazio eta zerbitzuei ematen zaie informazio hori. Lortu Android-eko gailuaren kokapen-ezarpenei buruzko informazio gehiago.

Sare mugikorraren eta wifi-sarearen seinaleekin, Android-ek gailuaren kokapena estima dezake, batez ere GPS seinaleak erabilgarri ez dauden edo zehatzak ez diren inguruetan (adibidez, dentsitate handiko hiri-eremuetan edo eraikinen barrualdean). Google-ren Kokapen-zehaztasuna (GLA edo Google-ren Kokapen-zerbitzuak ere esaten zaio) Google-ren zerbitzu bat da, eta seinale horiek gailuaren kokapenaren estimazioa hobetzeko erabiltzen ditu.

Aktibatuta dagoenean, kokapen zehatzagoa eskaintzeko, GLAk kokapen-informazioa biltzen du noizbehinka Android-eko gailutik (adibidez, wifiaren sarbide-puntuei, sare mugikorrei eta gailuaren sentsoreei buruzko informazioa eta GPSa erabiltzen ditu), inorekin erlazionatuta ez dagoen aldi baterako gailu-identifikatzaile aldakor batekin. Kokapen-zehaztasuna hobetzeko eta kokapenean oinarritutako zerbitzuak eskaintzeko erabiltzen du GLAk informazio hori; adibidez, wifiaren sarbide-puntuen eta sare mugikorren dorreen mapak sortzen ditu auzolan bidez.

GLA desaktibatu nahi baduzu, joan Android-eko gailuaren kokapen-ezarpenetara. Android-eko gailuaren kokapenak funtzionatzen jarraituko du GLA desaktibatuta badago ere, eta gailua GPSan eta gailuaren sentsoreetan soilik oinarrituko da gailuaren kokapena estimatzeko.

Nola daki Google-k non nagoen?

Erabiltzen ari zaren produktuen eta aukeratu dituzun ezarpenen arabera, baliteke Google-k kokapen-informazio mota desberdinak baliatzea, erabiltzen dituzun zerbitzu eta produktuak lagungarriagoak izan daitezen.

Kokapen-informazioa denbora errealeko seinaleetatik (adibidez, IP helbidea) edo zure gailutik etor daiteke, baita Google-ren webgune eta zerbitzuetan gordetako zure jardueretatik ere. Hona hemen Google-k zure kokapenari buruzko informazioa lortzeko erabiliko dituen modu nagusiak.

Zure IP helbidetik

IP helbidea (Internet protokoloaren helbidea) Interneteko zerbitzu-hornitzaileak zure ordenagailuari edo gailuari esleitutako zenbaki bat da. Erabiltzen dituzun webgune eta zerbitzuekin gailuak konektatzeko erabiltzen dira IP helbideak.

Interneteko beste zerbitzu askok bezalaxe, Google-k ere zauden kokapen zehaztugabeari buruzko informazioa erabil dezake oinarrizko zerbitzu batzuk eskaintzeko; adibidez, emaitza egokiak emateko (esaterako, norbaitek zer ordu den bilatzen duenean) edo, kontua babesteko, ezohiko jarduerak egin direla edo beste hiri batetik saioa hasi dela hautemanda.

Kontuan izan: gailuek IP helbide bat behar dute Interneteko trafikoa bidali eta jasotzeko. IP helbideek oinarri geografikoa dute neurri batean. Horrek esan nahi du litekeena dela erabiltzen dituzun aplikazio, zerbitzu edo webguneek (google.com barne) zure kokapen zehaztugabea ondorioztatzea eta hari buruzko zenbait datu erabiltzea IP helbidean oinarrituta.

Gordetako jardueretatik

Google-ko kontuan saioa hasita badaukazu eta Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpena aktibatuta badago, Google-ren webgune, aplikazio eta zerbitzuetan egindako jarduerei buruzko datuak kontuaren Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenean gorde daitezke. Jarduera batzuetan baliteke Google-ren zerbitzua non erabili duzun agertzea (kokapen zehaztugabe gisa). Kokapen zehaztugabea erabilita zerbait bilatzen duzunean, hiru kilometro karratuko eremuan egingo da bilaketa, edo gutxienez 1.000 pertsona dituen eremu batera zabalduko da, bestela. Horrela, zure pribatutasuna babesten da.

Kasu batzuetan, bilaketak egiteko erabili dituzun eremuen bidez zenbatets daiteke bilaketaren kokapena. Adibidez, behin Lasarten zaudela kafetegiak bilatzen badituzu, Google-k Lasarteko bilaketa-emaitzak erakuts diezazkizuke handik aurrerako bilaketetan.

Sareko eta aplikazioetako jarduerak ikusi eta kontrolatzeko, joan Nire jarduerak atalera.

Google-ko kontuan saioa hasi ez baduzu, darabilzun gailuan aurretik egindako bilaketetako kokapen-informazioa gorde dezake Google-k, emaitza eta gomendio egokiagoak emateko. Bilaketa zerbitzuaren pertsonalizazioa desaktibatzen baduzu, Google-k ez du erabiliko aurreko bilaketa-jarduerarik kokapena estimatzeko. Lortu modu pribatuan bilatzeari eta arakatzeari buruzko informazio gehiago.

Gordetako etxeko eta laneko helbideetatik

Zuretzat garrantzitsuak diren tokiak Google-ko kontuan gorde ditzakezu; adibidez, etxea edo lantokia. Etxeko eta laneko helbideak ezartzen badituzu, errazago egin ditzakezu gauza batzuk; adibidez, jarraibideak lortu, etxetik edo lantokitik gertuago dauden emaitzak bilatu eta iragarki baliagarriagoak ikusi.

Etxeko eta laneko helbideak editatu edo ezabatzeko, joan Google Kontua atalera.

Zure gailutik

Nola erabiltzen dute Google-ren aplikazioek gailuaren kokapena?

Aplikazioek (Bilaketa, Maps eta Google-ren bestelako aplikazioak barne) kokapen zehatza erabil dezaketen kontrolatzeko ezarpen eta baimenak dauzkate gailuek. Kokapen zehatza baliagarria da Google Maps-erako eta antzeko aplikazioetarako, jarraibideak emateko edo inguruko bilaketa-emaitza lagungarriak emateko. Adibidez, kokapen zehatzaren ezarpenak edo baimenak aktibatuta badaude, bilaketa-emaitza egokiagoak lortuko dituzu inguruko tokiak eta eguraldiari buruzko informazioa bilatzen dituzunean.

iOS-en eta Android-en, aplikazioek kokapena erabiltzeko zer baimen dituzten zehazteko ezarpenak daude, eta zure beharren arabera aktiba edo desaktiba ditzakezu. Aplikazioei kokapena erabiltzeko baimena eman diezaiekezu; besteak beste, kokapenean oinarritutako eginbide eta zerbitzuak eskaini ahal izan ditzaten. Kontuan izan batzuetan aplikazioek kokapen zehatza gorde behar izaten dutela aldi baterako; besteren artean, emaitza lagungarriak bizkor eman ahal izateko edo bateria aurrezteko (kokapena etengabe eguneratzea saihestuta).

Aplikazio batzuek (adibidez, Bilatu nire gailua) atzeko planoan atzitu behar dute zure gailuaren kokapena eginbide batzuk (adibidez, Kokapena partekatzea) erabili ahal izan ditzazun.

Kokapenak Android-eko gailuan funtzionatzeko duen moduari buruzko informazio gehiago lortzeko, joan hona.

Nola gordetzen dira kokapen-historia eta sareko eta aplikazioetako jarduerak Google-ko kontuan?

Datozen hilabeteotan eta 2024an zehar, Kokapen-historia ezarpena aldatu egingo da. Kokapen-historia ezarpenaren erabiltzaileei jakinarazpen bat bidaliko diegu aldaketa horrek haien kontuari eragiten dionean. Jakinarazpena jaso ondoren, "Kronologia" izena hasiko dira ikusten kontuan eta aplikazioaren ezarpenetan. Dagoeneko Kronologia darabilten erabiltzaileen kasuan, Kronologia zuzenean aktibatu dutenak barne, Kronologia eginbidearen erabilerari aplikatzen zaio orri honetan kokapen-historiako kokapen-datuei buruz ematen den informazioa. Lortu informazio gehiago.

Kokapen-historia eta Sareko eta aplikazioetako jarduerak

Kokapena erabiltzen duten Google-ko kontuaren ezarpenak dira Kokapen-historia eta Sareko eta aplikazioetako jarduerak. Hona hemen bakoitzaren informazio orokorra. Kontuan izan: baliteke kokapen-informazioa biltzen eta gordetzen duten beste eginbide edo produktu batzuk egotea.

Kokapen-historia

Kokapen-historia aktibatzen baduzu, kronologia bat sortuko du; bisitatu dituzun tokiak eta egin dituzun ibilbideak eta bidaiak gogorarazten laguntzen dizun mapa pertsonal bat, alegia.

Kokapen-historia desaktibatuta dago modu lehenetsian. Kokapen-historia aktibatzen baduzu, Kokapen-historia ezarpena aktibatuta daukaten gailu mugikor egokien kokapen zehatza erregularki gordetzen da. Gailuen kokapen horiek kronologia sortzeko erabiltzen dira, baita Google-ren aplikazioak erabiltzen ari ez zarenean ere.

Google erabiltzeko modua baliagarriagoa izan dadin denentzat, hauetarako erabil daiteke Kokapen-historia:

  • Anonimo bihurtutako kokapen-informazioan oinarritutako informazioa erakusteko; adibidez, jarduera handieneko orduak eta ingurumenarekin erlazionatutako estatistikak.
  • Iruzurrak eta erabilera okerrak hautemateko eta saihesteko.
  • Google-ren zerbitzuak (iragarkien zerbitzuak barne) hobetzeko eta garatzeko.

Kokapen-historiak, halaber, iragarki baten ondorioz beren dendak bisitatzeko probabilitatea zenbatesten laguntzen die enpresei.

Kronologian gordetakoa berrikusi, editatu eta ezabatu egin dezakezu. Kokapen-historia aktibatuta daukazun jakiteko, joan Jarduerak kontrolatzeko aukerak atalera. Bertan, Kokapen-historia ezarpena kontrola dezakezu, baita beren kokapenak jakinarazten dituzten gailuak ere.

Kokapen-historia ezarpenerako kokapen zehatza biltzeko maiztasuna aldakorra da. Adibidez, Google Maps-en nabigazioa erabiltzen baduzu, hainbat aldiz bil daiteke minutuero. Hala ere, telefonoa aktiboki erabiltzen ari ez bazara, agian zenbait ordutan behin bilduko da.

Kokapen-historiako datuak gordetzeko denbora zure ezarpenen araberakoa da. Datuak 3, 18 edo 36 hilabeteren buruan ezabatzea aukera dezakezu, edo zeuk ezabatu arte gorde.

Gogoratu

Kokapen-historia desaktibatzen baduzu

  • Iraganean gorde dituzun kokapen-historiako datuak gordeta utziko ditu Google-k, ezabatzen dituzun arte. Bestela, ezabatze automatikoaren ezarpenetan aukeratu duzun epearen ondoren ezabatuko dira.
  • Kokapen-historia desaktibatzeak ez du eraginik Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenak edo Google-ren beste produktu batzuek kokapen-informazioa gordetzeko edo erabiltzeko duten moduan (adibidez, zure IP helbidean oinarrituta). Gainera, baliteke kokapen-informazioa gordetzen duten beste ezarpen batzuk ere edukitzea.

Kokapen-historia aktibatuta daukazun jakiteko, joan Jarduerak kontrolatzeko aukerak atalera. Lortu informazio gehiago.

Sareko eta aplikazioetako jarduerak

Maps-en, Bilaketa zerbitzuan eta Google-ren beste zerbitzu batzuetan erabilera pertsonalizatuagoa eskaintzeko erabiltzen dira sareko eta aplikazioetako jardueren datuak. Gainera, iragarki egokiagoak erakusteko ere erabil daitezke, iragarkien ezarpenen arabera. Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenak gailu guztietan funtzionatuko du, haien bidez kontuan saioa hasita badaukazu.

Sareko eta aplikazioetako jarduerak aktibatuta badago, Google-ren zerbitzuetan egiten dituzun gauzak kontuaren sareko eta aplikazioetako jardueretan gordeko ditu Google-k. Erlazionatutako informazioa dago datu horietan; adibidez, Google-ren zerbitzuak non erabili dituzun (kokapen zehaztugabe gisa).

Adibidez, eguraldiari buruzko informazioa bilatzen baduzu eta gailutik bidalitako kokapen baterako emaitzak jasotzen badituzu, jarduera hori (bilaketa egitean gailuak zeukan kokapen zehaztugabea barne), Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenaren bidez gordetzen da. Ez da gordetzen gailuak bidalitako kokapen zehatza, gailuaren kokapen zehaztugabea baizik. Gordetako kokapena, zeina Google-k hurrengo bilaketetarako kokapen egokiagoa zehazteko erabil baitezake, IP helbidetik edo gailutik etor daiteke. Gordetako kokapena 30 egun igaro ondoren ezabatzen da sareko eta aplikazioetako jardueretatik.

Sareko eta aplikazioetako jardueren datuekin, Google-k zurekin erlazionatutako kokapen zehaztugabeak hauteman ditzake, eta eremu horiei buruzko emaitzak gehi ditzake bilaketak eta antzeko gauzak egiten dituzunean.

Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenaren bidez gordetzen diren kokapena eta bestelako informazioa berrikusi eta ezabatzeko, edo ezarpena desaktibatzeko, joan Jarduerak kontrolatzeko aukerak atalera. Sareko eta aplikazioetako jarduerak desaktibatuz gero, aurrerantzeko jardueren datuak gordetzeari utziko zaio.

Gogoratu

Zer gertatzen da Sareko eta aplikazioetako jarduerak desaktibatuz gero?

  • Baliteke oraindik ere gordetako jarduerak edukitzea. Zeuk ezabatu arte erabili ahal izango dira, baina edonoiz ezaba ditzakezu. Gordetako kokapen-informazioa automatikoki ezabatzen da 30 egunen buruan.
  • Sareko eta aplikazioetako jarduerak desaktibatzeak ez du eraginik kokapen-informazioa beste ezarpen batzuen bidez (adibidez, Kokapen-historia) gordetzeko edo erabiltzeko moduan. Agian kokapenari buruzko bestelako informazioa (adibidez, IP helbidea) beste ezarpen batzuen barnean izango duzu gordeta.

Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpena aktibatuta daukazun jakiteko, joan Jarduerak kontrolatzeko aukerak atalera. Lortu informazio gehiago

Nola erabiltzen du Google-k ez-identifikagarria edo anonimoa den kokapen-informazioa?

Ez-identifikagarri edo anonimo bihurtutako kokapen-informazioa jendearen pribatutasuna hobetzeko erabiltzen du Google-k. Anonimo bihurtutako informazioa orokorrean ezin da erlazionatu banakoekin. Ez-identifikagarri bihurtutako informazioa identifikatzaile esklusibo batekin lotu ohi da (adibidez, zenbaki-kate batekin), eta ez jendea pertsonalki identifikatzeko balio duen informazioarekin (esaterako, pertsona baten kontua, izena edo helbide elektronikoa). Publizitatea edo joerak erakusteko eta antzeko helburuetarako erabil dezake Google-k ez-identifikagarri edo anonimo bihurtutako kokapen-informazioa haren produktu eta zerbitzuetan.

Baliteke erabiltzaileek kokapenaren informazioarekin lotutako pseudonimo moduko identifikatzaile jakin batzuk berrezarri ahal izatea. Adibidez, jendeak pseudonimo moduko identifikatzaile jakin batzuk berrezar ditzake Android-eko gailuetako publizitate-identifikatzaileak berrezarrita. Gainera, Google-k automatikoki berrezartzen ditu pseudonimo moduko identifikatzaile jakin batzuk erabiltzaileen pribatutasuna areagotzeko; besteak beste, GLArako (gailuaren ezarpen horrekin, gailuaren kokapenean oinarritutako zerbitzuak eta zehaztasuna kontrola ditzakete erabiltzaileek).

Modu bereizian, anonimo bihurtutako kokapen-informazioa erabil dezake Google-k. Adibidez, jendeak Google Maps-eko tokiak (adibidez, jatetxeak edo parkeak) saka ditzake, eta eremu horietako joerak ikusi. Joerak (adibidez, jarduera handieneko orduak) sortzeko erabiltzen den kokapen-informazioa ezin da erabili banako bat identifikatzeko. Google-k ez badauka behar adina informaziorik betetze-mailari buruzko informazio zehatza eta anonimoa emateko, ez da agertzen Google-n.

Halaber, Google-n saioa hasi gabe daukaten pertsonei beste modu batzuk eskaintzen dizkie beren arakatzailearekin edo gailuarekin erlazionatutako informazioa kudeatzeko; besteak beste, Bilaketa zerbitzuaren pertsonalizazio-ezarpenak, YouTube-ren ezarpenak eta iragarkien ezarpenak. Lortu informazio gehiago

Lortu informazio gehiago Google-k kokapen-informazioa erabiltzeko duen moduari buruz Google-ren Pribatutasun-gidalerroetan. Lortu informazio gehiago Google-k bildutako datuak atxikitzeko moduari eta Google-ren datuak anonimo bihurtzeko moduari buruz.

Zenbat denboraz atxikitzen du Google-k kokapen-informazioa?

Google-ren Pribatutasun-gidalerroetan azaltzen dira Google-k bildutako erabiltzaile-datuak (besteak beste, kokapen-informazioa) atxikitzeko jardunbideak. Aldi desberdinetako kokapen-informazioa biltzen da, zer den, nola erabiltzen den eta jendeak ezarpenak nola konfiguratu dituen kontuan hartuta.

Kokapen-informazioaren zati bat zuk ezabatu arte gordetzen da Google-ko kontuan

  • Datuak atxikitzeko eta ezabatzeko aukerak kontrolatzea: Kokapen-historia eta Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenek datuak automatikoki ezabatzeko aukerak eskaintzen dituzte: 3, 18 edo 36 hilabeteren buruan ezaba ditzakezu. Datu horiek ikusteko, joan Kronologia eta Nire jarduerak ataletara. Bertan, jarduera jakinak ezaba ditzakezu, edo hainbat datu aldi berean ezabatu. Ezarpen horiek ezabatu egin ditzakezu, edo automatikoki ezabatzeko aukera aldatu.
  • Kokapenari buruzko informazioa gordetzea: Google-ren produktuaren edo zerbitzuaren arabera, litekeena da Google-ko kontuan kokapenari buruzko informazioa gordetzea. Adibidez, Argazkiak zerbitzuan kokapenak etiketatzen badituzu edo Maps-en etxeko zein laneko helbide bat gehitzen baduzu gertatuko da agian arestian aipatutakoa. Dena dela, kokapenari buruzko informazio hori ezabatu egin dezakezu.

Datuak ezabatzen badituzu, Google-k gidalerro bat aplikatzen du haiek kontutik segurtasunez eta guztiz kentzeko, datuak berreskuratzea posible izan ez dadin. Lehendabizi, ezabatzen dituzun jarduerak begi-bistatik kentzen dira, eta ez dira erabiltzen Google-ren erabilera pertsonalizatzeko. Ondoren, datuak Google-ren biltegiratze-sistemetatik osorik eta segurtasunez ezabatzeko diseinatu den prozesu bati ekiten dio Google-k. Lortu Google-k gordetako datuak atxikitzeko duen moduari buruzko informazio gehiago.

Tarte jakin baten ondoren iraungitzen den informazioa

Bestelako kokapen-informazioari dagokionez, Nola atxikitzen ditu bildutako datuak Google-k? artikuluan adierazi bezala, batzuetan, eskuz ezabatu beharrean, Google-k aldi jakin batean gordetzen ditu datuak, ezabatu aurretik. Datuak guztiz eta segurtasunez ezabatzeko behar den denbora datu motaren araberakoa da; adibidez:

  • Google-k zerbitzari-erregistroetako publizitate-datuak anonimo bihurtzen ditu, IP helbidearen zati bat bederatzi hilabeteren buruan kenduta eta cookie-informazioa 18 hilabeteren buruan kenduta.
  • IPan oinarritutako kokapena eta gailuaren kokapena 30 egunen buruan ezabatzen ditu Google-k Sareko eta aplikazioetako jarduerak ataletik.

Helburu mugatu batzuetarako luzaroan gordetako informazioa

Google-ren Pribatutasun-gidalerroetan adierazi bezala, "Beste datu batzuk luzaroago atxikitzen ditugu, enpresa- edo lege-helburuetarako beharrezkoak direnean, hala nola segurtasuna bermatzeko, iruzurrak eta erabilera okerrak ekiditeko edo finantza-erregistroak mantentzeko". Lortu datuak atxikitzeko gure jardunbideei buruzko informazio gehiago

Nola erabiltzen da kokapen-informazioa iragarkietarako?

Iragarki egokiagoak erakusteko

Baliteke ikusten dituzun iragarkiak kokapen-informazioan oinarrituta egotea. Orokorrean, Google-ko iragarkiek eta haiek erakusten dituzten produktuek kokapen-informazio mota berak erabiltzen dituzte. Adibidez, zure ezarpenen arabera, baliteke Bilaketa zerbitzuko eta Google-ren beste gainazal batzuetako iragarkiak gailuaren kokapenean, IP helbidean, aurreko jardueretan edo Google-ko kontuan dauzkazun etxeko eta laneko helbideetan oinarritzea. Horrez gain, litekeena da metadatuak (adibidez, arakatzailearen ordu-zona, domeinua, orriko edukia, arakatzaile mota edo orriko hizkuntza) erabiltzea zure herrialdea edo interesatzen zaizun kokapen zehaztugabe bat zehazteko. Litekeena da, halaber, metadatu horiekin batera kokapenari buruz jasotzen ditugun beste seinale batzuk erabiltzea; besteak beste, IP helbidearen, VPNaren, proxy zerbitzuaren edo sareko beste informazio batzuen bitartez jasotzen ditugunak.

Kokapen-informazioa erabilita, ikusten dituzun iragarkiak egokiagoak izango dira zauden tokia edo interesatzen zaizkizun tokiak kontuan hartuta. Adibidez, gailuaren kokapen-ezarpena aktibatuta badago eta Google-n inguruko jatetxeak bilatzen badituzu, gailuaren une horretako kokapena erabili ahal izango da inguruan dituzun jatetxeen iragarkiak erakusteko. Halaber, inguruko enpresekiko distantziak erakusteko ere erabili ahal izango da kokapena, eta haiek Google-ko iragarki moduan erakutsiko dira.

Halaber, aurreko arakatze-jarduerak edo aplikazioetako jarduerak (adibidez, bilaketak, webguneetako bisitak edo YouTube-n ikusi dituzun bideoak), eta Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenaren bidez gordetako kokapen zehaztugabeak erabil ditzake Google-k iragarki baliagarriagoak erakusteko. Esaterako, inguruan esnea non erosi bilatzen baduzu Google-n, autobusari edo trenari itxaron bitartean Google Bilaketa arakatzeko erabili ohi duzun kokapen zehaztugabeko supermerkatuetako iragarkiak ikusiko dituzu, agian.

Iragarleek kokapen zehaztugabeetara soilik bidera ditzakete iragarkiak; adibidez, herrialdeetara, hirietara edo enpresaren inguruko lurraldeetara.

Display sareari buruzko informazio gehiago lortzeko, joan laguntza-zentrora.

Iragarleei errendimendua neurtzen laguntzeko

Halaber, analisiak eta neurketak egiteko erabil dezake Google-k kokapen-informazioa, Google-ren zerbitzuak nola erabiltzen diren ulertzearren. ​Adibidez, Kokapen-historia aktibatzea aukeratzen baduzu, iragarleei laguntzeko erabiliko ditu Google-k datu horiek, jendea beren dendetara iragarkiei esker doan zenbatetsi ahal izan dezaten. Zenbatespen anonimoak soilik partekatzen dira iragarleekin, ez informazio pertsonala. Horretarako, iragarleen dendekin erlazionatutako kokapen-historiako datuekin lotzen ditu Google-k zure sareko jarduerei buruzko datuak (adibidez, iragarkietan egindako klikak). Kokapen-historia ez da partekatzen iragarleekin.

Google-ren produktu eta zerbitzuak hobetzeko

Publizitate-produktuak hobetzeko ere erabiltzen du Google-k kokapen-informazioa. Adibidez, sakatzen dituzun iragarkiei buruzko datuak (jardueraren kokapen zehaztugabea barne) kontuan gordetzen badira, bateratu egin daitezke, eta eskaintza-estrategia adimendunen tresnak hobetzeko ikasketa automatikoko ereduetan erabili. Kontuko datuak ez dira partekatzen iragarleekin.

Nola kontrola dezaket nire kokapen-informazioa iragarkiak erakusteko erabiltzen den modua?

Iraganean Google-ren webgune eta aplikazioetan erabili dituzun kokapen zehaztugabeak agertzen zaizkizun iragarkietan eragina izateko nola erabil daitezkeen kontrola dezakezu. Horretarako, atzitu Google erabiltzean non zeunden kontrolatzeko aukera Nire publizitate-zentroa tresnan.

"Google erabilitako eremuak" aktibatuta badago

Iragarkien pertsonalizazioa eta Google erabilitako eremuak aktibatuta badaude, iragarkiak pertsonalizatzeko, Google-k Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenaren bidez gordetako datu batzuk erabiliko ditu; zehazki, Google-ren webguneak eta aplikazioak erabiltzeko kokapen zehaztugabearekin erlazionatutakoak.

"Google erabilitako eremuak" desaktibatuta badago

Iragarkien pertsonalizazioa edo Google erabilitako eremuak desaktibatuta badaude, Google-k ez ditu erabiltzen sareko eta aplikazioetako jardueren artean gordetako datuak iragarkiak pertsonalizatzeko (zehazki, Google-ren webguneak eta aplikazioak erabilitako kokapen zehaztugabearekin erlazionatutakoak). Google erabilitako eremuak desaktibatuta badago ere, baliteke unean uneko kokapenean eta Google-ko kontuan etxe edo lantoki gisa ezarritako tokietan oinarritutako iragarkiak ikustea.

Halaber, saioa amaitu baduzu, Google-k unean uneko kokapena erabil dezake IP helbidean edo gailuan oinarrituta iragarkiak erakusteko, gailuaren eta aplikazioen ezarpenen arabera.

Saioa amaituta daukazula iragarki pertsonalizatuak aktibatu edo desaktibatzeari buruzko informazio gehiago lortzeko, joan hona.

Google-ren aplikazioak
Menu nagusia