Google-k ereduen detekzioa nola erabiltzen duen

Google-k ereduen detekzioa nola erabiltzen duen irudiak ulertzeko

Ordenagailuek ez dituzte pertsonek bezala "ikusten" argazkiak eta bideoak. Argazki bat ikusten duzunean, zure lagunik onena ikusiko duzu bere etxearen aurrean, esaterako. Ordenagailuaren ikuspuntutik, aldiz, irudi hori kolore eta formei buruzko datu mordoa baino ez da. Ordenagailua, argazkiaren aurrean zuk bezala erreakzionatzeko gai ez bada ere, koloreen eta formen eredu jakin batzuk ezagutzeko treba daiteke. Adibidez, paisaien edo objektuen irudi digitalak osatzen dituzten formen eta koloreen ereduak hautemateko treba daiteke ordenagailua; esaterako, hondartzei edo autoei dagozkien ereduak hautemateko. Google Argazkiak zerbitzuak teknologia hori erabiltzen du argazkiak antolatzeko eta erabiltzaileei argazkiak bilaketa sinple baten bidez aurkitzea ahalbidetzeko.

Horretaz aparte, aurpegien irudi digitalak osatzen dituzten formen eta koloreen ereduak hautemateko treba daiteke ordenagailua. Prozesu horri "aurpegi-hautematea" deritzo eta Google-ri erabiltzaileen pribatutasuna babesten laguntzen dio Street View eta antzeko zerbitzuetan; horrela, Street View autotik gertu egon litezkeen pertsonen aurpegiak hauteman eta lauso ditzakete ordenagailuek.

Eginbide aurreratuagoei erreparatuz gero, aurpegi-hautematea ahalbidetzen duen ereduak hautemateko teknologia hori bera erabil dezake ordenagailuak hautemandako aurpegiaren ezaugarriak ulertzeko. Adibidez, aurpegia irribarretsu dagoela edo begiak itxita dituela iradoki dezaketen ereduak zehatz daitezke. Google Argazkiak zerbitzuan zure argazkiekin eta bideoekin sor daitezkeen filmak eta beste efektu batzuk nahiz bestelako eginbideak hobetzeko erabil daiteke informazio hori.

Horren antzeko teknologia erabiltzen du argazkiak aurpegien arabera taldekatzeko eginbideak (herrialde batzuetan dago eskuragarri Google Argazkiak zerbitzuaren bidez). Teknologia horren bidez, ordenagailuek antzeko aurpegiak hauteman eta taldekatu egiten dituzte. Horrela, errazagoa da erabiltzaileentzat beren argazkiak bilatzea eta kudeatzea. Lortu informazio gehiago argazkiak aurpegien arabera taldekatzeko eginbideari buruz Google Argazkiak zerbitzuaren laguntza-zentroan.

Ahots bidezko bilaketak nola funtzionatzen duen

Ahozko bilaketari esker, Google Bilaketa zerbitzuaren bezero-aplikazioan bilaketak ahoz egin daitezke, ezer idatzi beharrik gabe. Eredu-hautematea erabiltzen da esandako hitzak idatzitako testu gisa transkribatzeko. Esandakoa Google zerbitzarietara bidaltzen dugu zer esan duzun hautemateko.

Ahozko bilaketa erabilita ahozko bilaketa bat egiten den bakoitzean, haren hizkuntza, herrialdea eta gure sistemak igarritakoa gordetzen ditugu. Gure zerbitzuak hobetzeko gordetzen dugu esandakoa; besteak beste, sistema trebatzeko bilaketa-kontsultak hobeto hauteman ditzan, betiere datuak horretarako erabiltzeko baimena eman badiguzu. Ahozko bilaketa erabiltzeko asmoa duzula adierazi baduzu soilik bidaltzen diogu Google-ri informazio hori; adibidez, bilaketen laster-barran edo teklatu birtualean mikrofonoaren ikonoa sakatzen baduzu, edo "Google" esaten baduzu bilaketen laster-barrak Ahozko bilaketa erabilgarri dagoela adierazten duenean.