Google-k biltzen ditugun datuak gordetzeko duen era

Zuk Google zerbitzuak erabili ahala biltzen ditugu datuak. Pribatutasun-gidalerroetan azaltzen dizugu zer biltzen dugun, zergatik biltzen dugun eta informazioa nola kudea dezakezun. Datuak gordetzeari buruzko gidalerro honetan, berriz, datu mota ezberdinak aldi ezberdinetan gordetzearen zergatia azalduko dizugu.

Datuetariko batzuk edozein momentutan ezaba ditzakezu, beste batzuk automatikoki ezabatzen dira eta beste batzuk luzaroago gordetzen ditugu behar izanez gero. Datuak ezabatzen dituzunean, ezabatze-gidalerro bati jarraitzen diogu, zure datuak zerbitzarietatik segurtasunez eta erabat kenduko direla edo modu anonimoan soilik gordeko direla bermatzeko. Google-k datuak anonimo bihurtzeko duen modua

Zuk kendu arte gordetzen den informazioa

Google kontuan gordetako datuak zuzentzeko edo ezabatzeko aukera ematen dizun zerbitzu sorta bat eskaintzen dizugu. Besteren artean, hauetarako aukera duzu:

Zuk ezabatu arte gordeko ditugu datu horiek Google kontuan. Halaber, Google kontu batean saioa hasi gabe erabiltzen badituzu gure zerbitzuak, haiek eskuratzeko erabili duzunari (hala nola gailu, arakatzaile edo aplikazioari) buruzko datu batzuk ezabatzeko aukera emango dizugu.

Denbora jakin bat igaro ondoren iraungitzen diren datuak

Zenbait kasutan, datuak ezabatzeko modua eskaini ordez, aurrez zehaztutako denbora tarte batean gordetzen ditugu datuak. Datu mota bakoitzerako, atxikitze-denbora jakin bat ezarri dugu hura biltzeko arrazoiaren arabera. Esate baterako, gure zerbitzuak gailu mota desberdinetan modu egokian bistara daitezkeela ziurtatzeko, baliteke arakatzailearen zabalera eta altuera bederatzi hilabetez atxikitzea. Denbora tarte jakin batzuetan datuak anonimo edo ez-identifikagarri bihurtzeko urratsak ere egiten ditugu. Esate baterako, zerbitzari-erregistroetako publizitate-datuak anonimo bihurtzen ditugu, IP helbidearen zati bat bederatzi hilabeteren buruan kenduta eta cookie-informazioa 18 hilabeteren buruan kenduta. Baliteke ez-identifikagarri bihurtutako datuak tarte jakin batez atxikitzea; adibidez, erabiltzaileek egindako galderak, behin haien Google-ko kontuarekiko lotura kendu ondoren.

Google kontua ezabatu arte gordetzen den informazioa

Zure Google-ko kontua aktibo dagoen bitartean zenbait datu gordetzen ditugu, baldin eta erabiltzaileek gure eginbideak nola erabiltzen dituzten eta zerbitzuak nola hobe ditzakegun ulertzeko lagungarriak badira. Esate baterako, Google Maps-en bilatu duzun helbide bat ezabatu arren, baliteke helbideen eginbidea erabili duzula gordeta geratzea. Horrela, hurrengo batean Google Maps-ek ez dizkizu erakutsiko helbideen eginbidea erabiltzeko argibideak.

Helburu mugatu batzuetarako luzaroan gordetako informazioa

Batzuetan, negozio- eta lege-eskakizunek behartu egiten gaituzte zenbait datu luzaroan gordetzera helburu jakin batzuekin. Esaterako, Google-k zuk egindako ordainketa bat prozesatzen duenean edo Google-ri ordainketa bat egiten diozunean, epe luzeago batean gordeko ditugu datu horiek zergekin edo kontabilitatearekin erlazionatutako lanak egiteko. Honako hauek dira zenbait datu luzaroan gordetzeko arrazoietako batzuk:

Datuen ezabaketa segurua eta osoa eskaini ahal izatea.

Google kontuko datuak ezabatzen dituzunean, berehala hasten dugu haiek produktutik eta gure sistemetatik kentzeko prozesua. Lehenik eta behin, datuak ikusteko aukera berehala kentzen saiatuko gara. Gainera, aurrerantzean ezingo dira erabili datu horiek Google zerbitzua pertsonalizatzeko. Adibidez, ikusi duzun bideoren bat ezabatzen baduzu Nire jarduerak ataleko panelean, YouTube-k jadanik ez du erakutsiko bideo haren zer zati ikusi duzun.

Ondoren, datuak gure biltegiratze-sistemetatik osorik eta segurtasunez ezabatzeko diseinatu den prozesu bati ekiten diogu. Ezabatze segurua garrantzitsua da erabiltzaileek eta bezeroek nahi gabe datuak galtzea ekiditeko. Era berean, hori bezain garrantzitsua da gure zerbitzarietatik datuak erabat ezabatzea, erabiltzaileak lasai gera daitezen. Prozesu honek, oro har, bi hilabeteko iraupena du datuak ezabatzen diren momentutik hasita. Sarritan, datuak berreskuratu ahal izateko hilabeteko epea sartzen da denbora tarte hartan, datuak nahi gabe ezabatu badira ere.

Ezabatu beharreko datuak dituen Google-ren biltegiratze sistema bakoitzak bere prozesu xehatua du ezabatze seguru eta osoa bermatzeko. Adibidez, baliteke datuak sisteman hainbat aldiz pasatu behar izatea guztiak ezabatu direla berresteko, edo erroreak konpontzeko atzerapen txikiak izatea. Ondorioz, baliteke ezabatze-prozesua aurreikusi baino luzeagoa izatea kasu batzuetan, datuak segurtasunez eta osorik ezabatzeko denbora gehiago behar denean.

Gerta litezkeen ezbeharren ostean berreskuratu ahal izateko, gure zerbitzuek babeskopia enkriptatuak biltegiratzen dituzte, beste babes-geruza bat osatuz. Datuak sei hilabete egon daitezke sistema horietan.

Ezabatze-prozesu guztiekin gertatzen den bezala, ohiko mantentze-lanek, ustekabeko etenaldiek, akatsek edo gure protokoloen hutsegiteek atzerapenak sor ditzakete artikulu honetan zehaztutako prozesu eta epeetan. Badauzkagu arazo horiek hautemateko eta konpontzeko sistema batzuk.

Segurtasuna bermatzea, eta iruzurrak eta erabilera okerrak ekiditea.

Azalpena

Zu, gainerako erabiltzaileak eta Google babesteko iruzurren, erabilera okerren eta baimenik gabeko sarbideen aurka.

Egoerak

Esaterako, norbait iragarkiekin erlazionatutako iruzurra egiten ari dela susmatzen duenean Google-k.

Finantza-erregistroak mantentzea.

Azalpena

Google-k finantza-transakzio batean parte hartzen duenean (Google-k zure ordainketak prozesatzen dituenean eta Google-ri ordainketak egiten dizkiozunean barne). Sarritan beharrezkoa da informazio hau luzaroan gordetzea, kontabilitate-lanetarako, auziak ebazteko, eta arau fiskalak, heriotzaren ondoren ondasunak estatuari ematearen inguruko arauak, diru-zuriketaren aurkako arauak eta bestelako finantza-arauak betetzeko.

Egoerak

Adibidez, Play Store dendako aplikazioak edo Google Store dendako produktuak erosten dituzunean.

Lege eta arauen eskakizunak betetzea.

Azalpena

Lege, arau, prozesu juridiko edo gobernu-eskaera aplikagarriak gordetzeko, edo zerbitzu-baldintza aplikagarriak betearazteko, urratze posibleak aztertzeko barne.

Egoerak

Adibidez, Google-k legezko zitazio bat jasotzen badu.

Gure zerbitzuen jarraipena ziurtatzea.

Azalpena

Zuri eta beste erabiltzaileei zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko.

Egoerak

Adibidez, beste erabiltzaileekin partekatzen baduzu informazioa (esaterako, norbaiti mezu elektroniko bat bidaltzen badiozu) eta informazio hori Google kontutik ezabatzen baduzu, ez dira ezabatuko hartzaileen kopiak.

Google-rekin komunikazio zuzenak izatea.

Azalpena

Google-rekin zuzenean harremanetan jarri bazara bezeroarentzako arreta-zerbitzuaren, iritzia emateko inprimaki baten edo akatsen txosten baten bidez, komunikazio horien arrazoizko erregistroak gorde ahalko ditu Google-k.

Egoerak

Adibidez, Gmail, Drive eta antzeko Google aplikazioetan iritziak bidaltzen dituzunean.

Google-ren aplikazioak
Menu nagusia