Nola tratatzen ditu Google-k erabiltzaileen informazioari buruzko gobernuen eskaerak?

Mundu osoko gobernu-erakundeek eskatzen diote Google-ri erabiltzaileei buruzko informazioa ezagutzera eman diezaiela. Eskaera bakoitza arretaz berrikusten dugu, lege aplikagarriak betetzen dituela egiaztatzeko. Eskaera batean informazio gehiegi eskatzen bada, hura murrizten saiatzen gara. Batzuetan, ez dugu informaziorik partekatzen. Jasotzen ditugun eskaeren kopurua eta mota Gardentasun-txostenean partekatzen ditugu.

Eskaerei erantzuteko modua Google-ren zerbitzu-hornitzailearen araberakoa da. Zerbitzu gehienen kasuan, hornitzaile hori Google LLC (AEBko legeek araututako enpresa estatubatuarra) edo Google Ireland Limited (Irlandako legeek araututako enpresa irlandarra) da. Zure zerbitzu-hornitzailea zein den jakiteko, berrikusi Google-ren Zerbitzu-baldintzak edo, zure Google-ko kontua erakunde batek kudeatzen badu, galdetu kontuaren kudeatzaileari.

Gobernu-erakunde baten eskaera bat jasotzen dugunean, mezu elektroniko bat bidaltzen dugu erabiltzaile-kontura haren informazioa ezagutarazi aurretik. Kontua erakunde batek kudeatzen badu, kontuaren kudeatzaileari ematen diogu horren berri.

Eskaeraren baldintzen arabera debekatuta dagoenean, ezin izaten dugu bidali jakinarazpenik. Legezko debekua kentzen bada, bidaliko dizugu jakinarazpena; adibidez, estatutuetako edo epai baten bidez agindutako mozal bat iraungitzen denean.

Kontua desgaitzen edo bortxatzen bada, baliteke jakinarazpenik ez bidaltzea. Larrialdiren bat bada ere, baliteke jakinarazpenik ez bidaltzea; esate baterako, haur baten segurtasuna edo pertsona baten bizitza arriskuan badago. Kasu horietan, larrialdia pasatu ondoren bidaliko dugu jakinarazpena.

AEBko gobernu-erakundeen eskaerak administrazio-kasuetan, kasu zibiletan, eta penaletan

AEBko konstituzioaren laugarren zuzenketaren eta komunikazio elektronikoen pribatutasunari buruzko legearen (ECPA) arabera, gobernuek gaitasun murriztua daukate hornitzaile bat behartzeko erabiltzaileei buruzko informazioa ezagutzera ematera. AEBko agintaritzek hauek egin behar dituzte, gutxienez:

  • Kasu guztietan: zitazio bat igorri harpidedunen oinarrizko erregistro-informazioa eta zenbait IP helbide ezagutaraztera behartzeko.
  • Kasu penaletan
    • Epai-agindu bat lortu edukirik gabeko erregistroak (adibidez, mezu elektronikoen Hartzailea, Igorlea, Cc, Bcc eta denbora-zigilua eremuak) ezagutaraztera behartzeko.
    • Miatzeko epai-agindu bat lortu komunikazioen edukiak (adibidez, mezu elektronikoak, dokumentuak eta argazkiak) ezagutaraztera behartzeko.

AEBko gobernu-erakundeen eskaerak segurtasun nazionaleko kasuetan

Segurtasun nazionalarekin erlazionatutako ikerketetan, baliteke AEBko gobernuak segurtasun nazionaleko gutun (NSL) bat edo atzerriko inteligentziarako zainketa-legeak (FISA) baimendutako agintarietako bat erabiltzea Google behartzeko erabiltzaileei buruzko informazioa partekatzera.

  • NSLak ez du behar baimen judizialik eta harpidedunen informazio murriztua partekatzera behartzeko bakarrik erabil daiteke.
  • FISA legearen araberako eskaerak eta baimenak zainketa elektronikoa eta gordetako datuak ezagutaraztera behartzeko erabil daitezke; besteak beste, Gmail, Drive eta Argazkiak zerbitzuetako edukia.

AEBtik kanpoko gobernu-agintaritzen eskaerak

Batzuetan, AEBtik kanpoko gobernu-agintaritzen eskutik jasotzen ditu Google LLC-k datuak ezagutarazteko eskaerak. Hori gertatzen denean, baliteke erabiltzaileari buruzko informazioa ematea baldin eta eskaerak honako hauek gordetzen baditu:

  • AEBko legeria: AEBko legeria aplikagarriak (adibidez, komunikazio elektronikoen pribatutasunari buruzko legea [ECPA]) datuak atzitzea eta ezagutaraztea baimendu behar du.
  • Herrialde eskatzailearen legeria: antzeko zerbitzua eskaintzen duten tokiko hornitzaileei halako eskaerak egiteko jarraitu eta gorde beharreko prozesu eta lege-eskakizun berak gordetzea eta haiei jarraitzea eskatzen diegu agintariei.
  • Nazioarteko arauak: Global Network Initiative erakundearen Adierazpen-askatasunaren eta pribatutasunaren printzipioak eta horiekin lotutako ezarpen-gidalerroak gordetzen dituzten eskaerei erantzunez bakarrik ematen ditugu ezagutzera datuak.
  • Google-ren gidalerroak: aplikagarriak diren zerbitzu-baldintza eta pribatutasun-gidalerro guztiak, bai eta adierazpen-askatasunaren babesarekin lotutako gidalerroak ere.

Google Ireland Limited Google-ren zerbitzu gehienen hornitzailea denez gero Europako Esparru Ekonomikoan eta Suitzan, hark ere jasotzen ditu erabiltzaileei buruzko informazioa partekatzeko eskaerak.

Irlandako gobernu-erakundeen eskaerak

Google Ireland Irlandako legerian oinarritzen da agentzia irlandar batek bidalitako erabiltzaileen informazioari buruzko eskaerak aztertzeko orduan. Google Ireland erabiltzaileei buruzko informazioa partekatzera behartzeko, nahitaezkoa da legea betearazteko agintaritza irlandarren agindu judizial bat lortzea, Irlandako legeriari jarraikiz.

Irlandatik kanpoko gobernu-agintaritzen eskaerak

Google Ireland-ek zerbitzuak eskaintzen dizkienez gero Europako Esparru Ekonomikoko eta Suitzako erabiltzaileei, erabiltzaileen datuak ezagutarazteko eskaerak Irlandatik kanpoko gobernu-agintaritzen eskutik jasotzen ditu batzuetan. Kasu horietan, baliteke erabiltzaileari buruzko informazioa ematea baldin eta eskaerak honako hauek betetzen baditu:

  • Irlandako legeria: datuak atzitzea eta ezagutaraztea baimenduta dago aplikagarria den Irlandako legeriaren arabera; horien artean, Irlandako justizia penaleko legea (Irish Criminal Justice Act).
  • Irlandan aplikagarria den Europar Batasuneko (EB) legeria: Irlandan aplikagarria den EBko edozein lege; besteak beste, Europar Batasuneko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (DBEO).
  • Herrialde eskatzailearen legeria: antzeko zerbitzua eskaintzen duten tokiko hornitzaileei halako eskaerak egiteko jarraitu eta gorde beharreko prozesu eta lege-eskakizun berak gordetzea eta haiei jarraitzea eskatzen diegu agintariei.
  • Nazioarteko arauak: Global Network Initiative erakundearen Adierazpen-askatasunaren eta pribatutasunaren printzipioak eta horiekin lotutako ezarpen-gidalerroak gordetzen dituzten eskaerei erantzunez bakarrik ematen ditugu ezagutzera datuak.
  • Google-ren gidalerroak: aplikagarriak diren zerbitzu-baldintza eta pribatutasun-gidalerro guztiak, bai eta adierazpen-askatasunaren babesarekin lotutako gidalerroak ere.

Baliteke gobernu-erakunde batekin informazioa partekatzea baldin eta pertsona baten heriotza edo pertsona batek kalte fisiko larriak jasatea saihets dezakegula uste badugu (esate baterako, lehergailu-mehatxuen, ikastetxe-tiroketen, bahiketen, suizidio-prebentzioen eta desagertutako pertsonen kasuetan). Hala ere, lege aplikagarrien eta gure gidalerroen arabera aztertzen ditugu eskaera horiek ere.

Google-ren aplikazioak
Menu nagusia