Google-ren zerbitzu-baldintzak

Indarrean jartzeko data: 2024(e)ko maiatzaren 22(a) | Artxibatutako bertsioak | Deskargatu PDF fitxategia

Herrialdeko bertsioa: Espainia

Orri honetan, Zerbitzu-baldintza berrien aurrebista bat eskaintzen da. Haiek egun honetan jarriko dira indarrean: 2024(e)ko maiatzaren 22(a). Egun horretara arte, gure zerbitzuak erabiltzen dituzunean Google-rengandik zer espero behar duzun (baita guk zugandik zer espero dugun ere) deskribatzen jarraituko dute lehendik dauden Zerbitzu-baldintzek. Xehetasun gehiago ematearren, aldaketa nagusien laburpen bat ere eskaini dugu.

Zer hartzen dute barne baldintza hauek?

Badakigu tentagarria dela Zerbitzu-baldintza hauek ez irakurtzea, baina garrantzitsua da jakitea zer espero behar duzun gugandik Google-ren zerbitzuak erabiltzen dituzunean, baita guk zugandik zer espero dugun ere.

Zerbitzu-baldintzotan, hauek aurkituko dituzu: Google-ren negozio-eredua, Google-ri aplikatzen zaizkion legeak eta Google-n beti egiazkotzat jo ditugun zenbait gauza. Beraz, Zerbitzu-baldintzotan, besteak beste, Google-ren eta, zerbitzuak erabiltzen dituzun heinean, zure arteko harremana definitzen da. Adibidez, baldintzek honako gai hauek jorratzen dituzte:

  • Guregandik espero dezakezuna; hau da, zerbitzuak nola eskaintzen eta garatzen ditugun.
  • Zugandik espero duguna; bertan, gure zerbitzuak erabiltzeko zenbait arau ezartzen dira.
  • Google-ren zerbitzuetako edukia. Sekzio horretan, argi azaltzen dira gure zerbitzuetan aurkituko duzun edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak, eduki hori zurea, Google-rena edo beste batzuena delarik ere.
  • Arazoak edo desadostasunak atalean, dauzkazun legezko beste eskubide batzuk azaltzen dira, baita norbaitek baldintza hauek urratzen baditu zer gertatuko den ere.

Garrantzitsua da baldintza hauek ulertzea, onartu egin behar baitituzu zerbitzuak erabiltzeko. Baldintzak deskargatzea gomendatzen dizugu, etorkizunean erreferentzia gisa erabiltzeko. Baldintza horiek eta aurreko bertsio guztiak beti daude erabilgarri hemen.

Baldintza horiez gain, Pribatutasun-gidalerroak argitaratu ditugu. Baldintza hauen parte ez izan arren, gidalerroak irakurtzea gomendatzen dizugu, hobeto uler ditzazun informazioa eguneratu, kudeatu, esportatu eta ezabatzeko argibideak.

Baldintzak

Zerbitzu-hornitzailea

Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) eta Suitzan, honek ematen ditu Google-ren zerbitzuak (beraz, harekin duzu kontratua):

Google Ireland Limited
(Irlandan eratua eta bertako legeek arautua)
(Erregistro-zenbakia: 368047 / BEZ zenbakia: IE6388047V)

Gordon House, Barrow Street
Dublin 4
Ireland

Adin-eskakizunak

Google-ko kontua zuk zeuk kudeatzeko adin-eskakizuna betetzen ez baduzu, guraso baten edo legezko tutore baten baimena beharko duzu Google-ko kontua erabili ahal izateko. Eskatu guraso bati edo legezko tutore bati baldintzak zurekin batera irakurtzeko.

Gurasoa edo legezko tutorea bazara eta haurrari zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen badiozu, baldintza hauek zeuri aplikatuko zaizkizu, eta zeu izango zara haurrak zerbitzuetan egiten dituen jardueren erantzulea.

Google-ren zerbitzu batzuek zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietan eta gidalerroetan azalduta dauden adin-eskakizun osagarriak dituzte.

Google-rekin duzun harremana

Baldintza hauetan Google-ren eta zure arteko harremana definitzen da. "Google", "gu" edo "gure" hitzak erabiltzen ditugunean, Google Ireland Limited enpresaz eta haren bazkideez ari gara. Labur esanda: baldintza hauek onartzen badituzu, gure zerbitzuak atzitzeko eta erabiltzeko baimena emango dizugu. Hain zuzen ere, baldintza hauetan, Google-ren enpresak nola funtzionatzen duen eta dirua nola irabazten dugun azaltzen da.

Guregandik espero dezakezuna

Zerbitzu lagungarri ugari eskaintzea

Baldintza hauen bidez arautzen diren zerbitzu ugari eskaintzen ditugu; besteak beste, hauek:
  • aplikazioak eta webguneak (hala nola Bilaketa eta Maps)
  • plataformak (Google Shopping, esaterako)
  • zerbitzu integratuak (adibidez, beste enpresa batzuen aplikazio edo webguneetan kapsulatuta dagoen Maps)
  • gailuak (adibidez, Google Nest eta Pixel)

Zerbitzu hauetako askok zuzenean erreproduzi daitekeen edukia edo eduki interaktiboa dute.

Gure zerbitzuak elkarrekin funtzionatzeko daude diseinatuta, jarduera batetik bestera errazago igaro ahal zaitezen. Adibidez, egutegiko gertaera batek helbide bat badu eta helbide hori sakatzen baduzu, Maps-ek iristeko jarraibideak erakutsiko dizkizu.

Google-ren zerbitzuak garatzea, hobetzea eta eguneratzea

Goian adierazi bezala baldintza hauetan "zerbitzuak" terminoaren definizio zabala erabiltzen badugu ere, lege aplikagarriak "eduki digitala", "zerbitzuak" eta "produktuak" bereizten ditu egoera jakin batzuetan. Horregatik, termino zehatzago horiek erabiltzen ditugu bai klausula honetan, bai Lege-bermea klausulan.

Teknologia eta eginbide berriak garatzen ari gara etengabe, gure zerbitzuak hobetzeko asmoz. Adibidez, adimen artifiziala eta ikasketa automatikoa darabiltzagu aldibereko itzulpenak eskaintzeko, eta spama eta malwarea hobeto hauteman eta blokeatzeko.

Gure eduki digitalaren, zerbitzuen eta produktuen etengabeko bilakaeraren ildotik, aldaketak egiten ditugu; adibidez, eginbide eta funtzioak gehitu edo kentzen ditugu, erabilera-mugak handitzen edo txikitzen ditugu, eta bestelako eduki digitala edo zerbitzuak eskaintzen ditugu, edo zaharrak eskaintzeari uzten. Baliteke gure eduki digitala edo zerbitzuak bestelako arrazoi hauengatik aldatzea:

  • Teknologia berrietara egokitzeko.
  • Zerbitzu jakin baten erabiltzaile kopuruak gora edo behera egin duela islatzeko.
  • Hirugarrenekin ditugun lizentzien eta bazkidetzen funtsezko aldaketei erantzuteko.
  • Erabilera okerrak edo kalteak saihesteko.
  • Lege-, arau- edo segurtasun-arazoak konpontzeko.

Zehazki, legeak eskatutako berritasunak ezartzen ditugu batzuetan; alegia, eduki digitala, zerbitzuak edo produktuak legearen arabera mantentzeko aldaketak. Eduki digitala, zerbitzuak eta produktuak segurtasun-arrazoiengatik eta zuk espero dituzun kalitate-arauak betetzen dituztela ziurtatzeko aldatzen ditugu; besteak beste, Lege-bermea klausulan azaltzen direnak. Baliteke automatikoki instalatzea eguneratzeak segurtasun-arrisku handiei aurre egiteko. Beste kasu batzuetan, ordea, eguneratzeak instalatu nahi dituzun aukera dezakezu.

Produktuak ikertzeko programa zorrotza dugu; beraz, zerbitzu bat aldatu edo eskaintzeari utzi baino lehen, kontuan hartzen ditugu erabiltzaile gisa dituzun interesak, zure arrazoizko nahiak eta aldaketak zugan eta ingurukoengan izan dezakeen eragina. Pisuzko arrazoiengatik soilik uzten diogu zerbitzuak eskaintzeari edo aldatzen ditugu zerbitzuak.

Aldaketa batek gure eduki digitala edo zerbitzuak atzitu eta erabiltzeko duzun gaitasunari kalte egiten badio, edo zerbitzu bat eskaintzeari uzten badiogu, aldez aurretik emango dizugu horren berri, nahikoa denbora utzita. Mezu elektroniko horretan hauek azalduko dizkizugu: aldaketen azalpen bat, aldaketak noiz egingo diren eta kontratua deuseztatzeko duzun eskubidea, aldaketek eragin nabarmena badute. Premiazko egoeretan egingo da salbuespena; esaterako, erabilera okerrak edo kalteak saihesteko, lege-eskakizunei erantzuteko, edo segurtasun- edo funtzionamendu-arazoak konpontzeko. Halaber, aukera emango dizugu Google Takeout bidez edukia Google-ko kontutik esportatzeko, aplikagarriak diren lege eta gidalerroak gordeta.

Zugandik espero duguna

Baldintza hauei eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriei jarraitzea

Gure zerbitzuak atzitu eta erabiltzeko ematen dizugun baimenak indarrean jarraitzen du, baldin eta dokumentu hauetan ezarritakoa gordetzen baduzu:

Halaber, zure esku jartzen ditugu askotariko gidalerroak, laguntza-zentroak eta bestelako baliabideak, ohiko galderei erantzuteko eta gure zerbitzuen erabilerari buruzko ideia bat egin dezazun. Hauek daude, besteak beste, baliabide horien artean: Pribatutasun-gidalerroak, Copyrightaren Laguntza-zentroa, Segurtasun-zentroa, Gardentasun-zentroa eta gidalerroen webgunetik atzi daitezkeen beste orri batzuk. Amaitzeko, baliteke argibide eta abisu jakinak ematea gure zerbitzuetan, hala nola informazio garrantzitsuaren berri ematen dizuten leihoen bidez.

Zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen dizugun arren, guretzat gordetzen ditugu zerbitzuen jabetza intelektualaren eskubide guztiak.

Besteak errespetatzea

Guztiontzat errespetuzkoa den giro bat nahi dugunez, oinarrizko jokabide-arau hauei jarraitu behar zaie:
  • Lege aplikagarriak bete, esportazio-kontrolarekin, zigorrarekin eta pertsonen trafikoarekin lotutako arauak barne.
  • Besteen eskubideak errespetatu, pribatutasun-eskubideak eta jabetza intelektualaren eskubideak barne.
  • Gehiegikeriarik ez egin edo kalterik ez eragin (ez nork bere buruari, ezta besteei ere), inor ez mehatxatu eta halako gehiegikeriarik edo kalterik ez sustatu; esaterako, beste norbaiten plantak egin, iruzurra egin, identitatea legez kanpo ordeztu, iraindu, bullyinga egin, jazarri edo zelatatu.

Zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriek eta gidalerroek, hala nola AA generatiboa erabiltzea debekatzen duten gidalerroek, jokabide egokiei buruzko xehetasun gehiago eskaintzen dituzte; zerbitzuak erabiltzen dituen pertsona orok arau horiei jarraitu behar die. Norbaitek arau horiek errespetatzen ez dituela ikusten baduzu, gehiegikeriak salatzeko aukera izango duzu zerbitzu askotan. Gehiegikeria baten salaketaren ondorioz neurriak hartzen baditugu, Neurriak hartzea arazoak izanez gero klausulan zehaztutako prozesua eskainiko dugu.

Ez egin gehiegikeriarik gure zerbitzuekin

Gure zerbitzuak atzitzen edo erabiltzen dituzten pertsona gehienek ulertzen dituzte Internet toki segurua eta irekia izan dadin gorde beharreko arauak. Zoritxarrez, pertsona gutxi batzuek ez dituzte gordetzen arau horiek; ondorioz, hemen azalduko ditugu, gure zerbitzuak eta erabiltzaileak gehiegikerietatik babesteko. Horrenbestez:

Ez egin gehiegikeriarik gure zerbitzu edo sistemekin, eta ez itzazu kaltetu, oztopatu edo eten. Hona hemen adibide batzuk:
  • malwarea sartzea
  • gure sistemak edo babes-neurriak spamez betetzea, hackeatzea edo saihestea
  • fabrikatzailearen murriztapenak ezereztea, asmo txarreko eskaera-mezuak bidaltzea edo eskaera-mezuak txertatzea, segurtasuna probatzeko eta akatsak hautemateko programak erabiltzean izan ezik
  • gure zerbitzuak edo edukia iruzurrez edo azpikeriaz atzitzea edo erabiltzea; adibidez, honako hauek eginda:
    • phishinga
    • kontu edo eduki faltsuak sortzea, iritzi faltsuak barne
    • AA generatibo bidezko edukia gizaki batek sortu duela pentsaraztea
    • itxuraz zureak (edo beste norbaitenak) diren baina guk sortu ditugun zerbitzuak eskaintzea
  • itxuraz gureak diren baina guk sortu ez ditugun zerbitzuak eskaintzea
  • gure zerbitzuak (haien edukia barne) inoren legezko eskubideak urratzeko erabiltzea, hala nola jabetza intelektuala edo pribatutasun-eskubideak
  • gure zerbitzuekin edo darabilten teknologiarekin (hala nola ikasketa automatikoko ereduak) atzeranzko ingeniaritza egitea, merkataritza-sekretuak edo jabetzari buruzko bestelako informazioa lortzeko, lege aplikagarriek onartutako moduetan izan ezik
  • baliabide automatizatuak erabiltzea gure zerbitzuetako edukia atzitzeko, gure web-orrietako makina bidez irakur daitezkeen argibideak urratuta (adibidez, arakatzea, trebatzea eta beste jarduera batzuk debekatzen dituzten robots.txt fitxategiak)
  • gure zerbitzuetako AAk sortutako edukia erabiltzea ikasketa automatikoko ereduak edo erlazionatutako AA bidezko teknologiak garatzeko
  • baldintza hauek urratzeko helburuarekin zure identitatea ezkutatzea edo faltsutzea
  • besteak baldintza hauek urratzera bultzatzen dituzten zerbitzuak eskaintzea

Zure edukia erabiltzeko baimena

zure edukia kargatzeko, biltegiratzeko, bidaltzeko, jasotzeko edo partekatzeko aukera izan dezazun daude diseinatuta zenbait zerbitzu. Ez zaude derrigortuta gure zerbitzuei edukia ematera; eman nahi duzun edukia aukera dezakezu. Edukia kargatzen edo partekatzen baduzu, ziurtatu horretarako beharrezko eskubideak dituzula eta edukia legezkoa dela.

Lizentzia

Zure edukiak zeurea izaten jarraitzen du; hau da, edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak mantenduko dituzu. Adibidez, sortzen duzun sormenezko edukian, jabetza intelektualaren eskubideak dituzu, hala nola idazten dituzun iritzietan. Edo baliteke beste norbaiten sormenezko edukia partekatzeko eskubidea izatea, horretarako baimena eman badizute.

Jabetza intelektualaren eskubideak direla-eta zure edukia erabiltzeko mugak aplikatzen bazaizkigu, baimena eman beharko diguzu. Lizentzia honen bidez ematen diozu baimen hori Google-ri.

Zer hartzen da barne?

Lizentzia honek zure edukia hartzen du barne, baldin eta jabetza intelektualaren eskubideek babesten badute edukia.

Zer geratzen da kanpo?

  • Lizentzia honek ez die eragiten datuak babesteko eskubideei; jabetza intelektualaren eskubideei soilik eragiten die.
  • Eduki mota hauek ez ditu barne hartzen lizentzia honek:
    • Zuk emandako (eta publikoki ikusgai dagoen) informazio objektiboa, hala nola tokiko enpresa baten helbideari egindako zuzenketak. Informazio horrek ez du behar lizentziarik, askatasunez erabil daitekeen informazio arrunta delako.
    • Bidaltzen dituzun oharrak, hala nola gure zerbitzuak hobetzeko iradokizunak. Zerbitzuarekin erlazionatutako komunikazioak atalean jorratzen dira oharrak.

Esparrua

Lizentzia hau:
  • Mundu-mailakoa da; hau da, munduko edozein tokitan balio du.
  • Ez da esklusiboa; hau da, edukia beste norbaiti eman diezaiokezu.
  • Ez du egile-eskubiderik; hau da, ez du diru-komisiorik.

Eskubideak

Lizentzia honek honako hau egiteko aukera ematen dio Google-ri:

  • Zure edukia ostatatu, erreproduzitu, banatu, komunikatu eta erabili; esaterako, gure sistemetan gordetzeko eta edozein tokitatik atzitu ahal izateko.
  • Zure edukia argitaratu, publikoki aurkeztu edo bistaratu, besteentzat ikusgai jarri baduzu.
  • Zure edukia aldatu; esaterako, formatua aldatu edo testua itzuli.
  • Eskubideon azpilizentzia hauei eman:
    • Beste erabiltzaile batzuei, zerbitzuak diseinatutako moduan funtziona dezaten; esaterako, aukeratzen dituzun pertsonekin argazkiak partekatzeko aukera emateko.
    • Baldintza hauen araberako kontratuak gurekin sinatu dituzten azpikontratatuei, beheko Helburua sekzioan azaltzen diren helburu mugatuetarako soilik.

Helburua

Lizentzia honek helburu mugatu hauek ditu:

  • Zerbitzuak prestatu eta hobetu; hau da, zerbitzuak diseinatutakoaren arabera funtzionarazi, eta eginbide eta funtzioak sortu. Horretarako, baliteke sistema automatizatuak eta algoritmoak erabiltzea edukia aztertzeko:
    • Spamerako, malwarerako eta legez kontrako edukirako.
    • Ereduak hautemateko datuetan; esaterako, Google Argazkiak zerbitzuan album bat sortzea iradokitzeko, antzekoak diren argazkiak batera bil daitezen.
    • Zerbitzuak pertsonalizatzeko, hala nola bilaketa-emaitza, eduki eta iragarki pertsonalizatuak, eta gomendioak eskaintzeko (Iragarkien ezarpenak atalean aldatu edo desaktiba ditzakezu).
    Analisi hau edukiak bidaltzen, jasotzen eta gordetzen diren bitartean gertatzen da.
  • Publikoki partekatu duzun edukia erabili, zerbitzuak sustatzeko xedeaz; adibidez, Google-ren aplikazio bat sustatzeko, agian idatzi duzun iruzkin bat aipatuko dugu, edo, Google Play sustatzeko, agian Play Store-n eskaintzen duzun aplikazioaren pantaila-argazki bat erakutsiko dugu.
  • Google-ren teknologia eta zerbitzuak sortu, baldintza hauek gordeta.

Iraupena

Edukia jabetza intelektualaren eskubideekin babestuta egon bitartean iraungo du lizentziak.

Lizentzia honek estaltzen duen edukiren bat zerbitzuetatik kentzen baduzu, gure sistemek eduki hori publikoki erabilgarri jartzeari utziko diote zentzuzko denbora tarte batean. Bi salbuespen daude:

  • Dagoeneko beste batzuekin partekatu baduzu edukia hura kendu baino lehen. Esate baterako, lagun batekin argazki bat partekatu baduzu eta lagun horrek kopia bat egin badu edo partekatu badu, baliteke argazkia zure lagunaren Google-ko kontuan agertzea, zuk zure Google-ko kontutik kendu arren.
  • Edukia beste enpresa batzuen zerbitzuen bidez jarri baduzu erabilgarri, baliteke bilatzaileek, Google Bilaketa barne, zure edukia bilatzen eta bistaratzen jarraitzea bilaketa-emaitzetan.

Google-ren zerbitzuak erabiltzea

Zure Google kontua

Adin-eskakizunak betetzen badituzu, Google-ko kontu bat sor dezakezu zuk zeuk erabiltzeko. Zerbitzu batzuk erabiltzeko, ezinbestekoa da Google-ko kontu bat izatea; adibidez, Gmail erabiltzeko, Google-ko kontu bat behar duzu mezu elektronikoak bidali eta jasotzeko.

Google-ko kontuarekin egiten duzunaren erantzulea zara, Google-ko kontua seguru mantentzeko arrazoizko neurriak hartzea barne. Hori dela eta, Segurtasun-egiaztapena noizean behin erabiltzea gomendatzen dizugu.

Google-ren zerbitzuak erabiltzea erakunde edo enpresa baten izenean

Hainbat erakundek erabiltzen dituzte gure zerbitzuak, hala nola enpresek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta ikastetxeek. Erakunde baten izenean gure zerbitzuak erabiltzeko:
  • Erakundearen ordezkari baimendu batek baldintza hauek onartu behar ditu.
  • Erakundearen administratzaile batek Google-ko kontu bat esleitu behar dizu. Administratzaileak arau gehigarriei jarraitzea eska diezazuke, eta zure Google-ko kontua atzitu edo desgaitzeko aukera izango du.
Europar Batasunean bizi bazara, baldintza hauek ez dute eraginik izango sareko bitartekaritza-zerbitzuen enpresa-erabiltzaile gisa izan ditzakezun eskubideetan (sareko plataformak barne; adibidez, Google Play), plataformatik enpresarako EBko erregelamenduari jarraikiz.

Zerbitzuarekin erlazionatutako komunikazioak

Zerbitzuak hornitu ahal izateko, batzuetan, zerbitzu-iragarpenak eta bestelako informazioa bidaltzen dizugu. Zurekin harremanetan jartzeko moduari buruzko informazio gehiago lortzeko, irakurri Google-ren Pribatutasun-gidalerroak.

Oharrak bidaltzen badizkiguzu (besteak beste, zerbitzuak hobetzeko iradokizunak), agian neurriak hartuko ditugu ohar horietan oinarrituta, zurekiko betebeharrik izan gabe.

Google-ren zerbitzuetako edukia

Zure edukia

Gure zerbitzu batzuek jatorrizko edukia sortzeko aukera ematen dizute. Google-k ez du adieraziko eduki horren jabea denik.

Zerbitzu batzuek edukia publikoki erabilgarri jartzeko aukera ematen dizute. Adibidez, produktu edo jatetxe bati buruz idatzi duzun iritzia argitaratzeko aukera ematen dizute, edo zeuk sortutako blog-argitalpen bat kargatzeko aukera.

Norbait zure jabetza intelektualaren eskubideak urratzen ari dela uste baduzu, urratzearen jakinarazpena bidal diezagukezu, eta beharrezko neurriak hartuko ditugu. Esaterako, copyrighta behin baino gehiagotan urratzen dutenen Google-ko kontuak behin-behinean edo betiko itxiko ditugu, copyrightaren laguntza-zentroan azaldutakoari jarraikiz.

Google-ren edukia

Gure zerbitzu batzuek Google-ren edukia dute; adibidez, Google Maps-en ikusten dituzun ilustrazioetako asko. Google-ren edukia baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriek xedatutakoaren arabera erabil dezakezu, baina guretzat erreserbatzen ditugu edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak. Ez kendu, ilundu edo aldatu gure markarik, logotiporik, ezta lege-oharrik ere. Gure marka edo logotipoak erabili nahi badituzu, jo Google-ren markaren inguruko baimenak orrira.

Bestelako edukia

Bestalde, zenbait zerbitzuk beste pertsona edo erakunde batzuen edukia atzitzeko aukera ematen dizute; esaterako, denda-jabe baten enpresaren deskribapena edo Google Albisteak zerbitzuan bistaratutako aldizkari bateko artikulu bat. Ezin duzu erabili eduki hori pertsonaren edo erakundearen baimenik gabe, ez bada legeak beste nolabait hala onartzen duela. Beste pertsonen eta erakundeen edukian agertzen diren ikuspegiak haienak dira, eta ez dute zertan islatu Google-ren ikuspegia.

Softwarea Google-ren zerbitzuetan

Gure zerbitzu batzuek deskarga daitekeen edo aurrez kargatuta dagoen softwarea dute. Zerbitzu horien parte gisa, software hori erabiltzeko baimena ematen dizugu.

Lizentzia hau:
  • Mundu-mailakoa da; hau da, munduko edozein tokitan balio du.
  • Ez da esklusiboa; hau da, beste norbaiti ere eman diezaiokegu.
  • Ez du egile-eskubiderik; hau da, ez du diru-komisiorik.
  • Pertsonala da; hau da, ezin da beste norbaitekin partekatu.
  • Esleiezina da; hau da, ezin diozu beste inori esleitu.

Gure zerbitzuetako batzuek zure esku jartzen dugun kode irekiko lizentzien bidez emandako software bat dute. Batzuetan, kode irekiko lizentzietan, baldintza hauen zati batzuk berariaz baliogabetzen dituzten xedapenak daude; beraz, irakurri lizentzia horiek.

Ezin duzu kopiatu, aldatu, banatu, saldu edo alokatu gure zerbitzu edo softwareen ezein zati.

Arazoak edo desadostasunak izanez gero

Legearen eta baldintza hauen arabera, (1) zerbitzu-kalitate jakin baterako eskubidea duzu, eta (2) baita, arazoak baldin badaude, haiek konpontzeko moduak izateko eskubidea ere. Kontsumitzaile bat bazara, kontsumitzaileei ematen zaizkien legezko eskubide guztiak dituzu, lege aplikagarria aintzat hartuta, baita baldintza hauetan edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietan xedatzen diren eskubide gehigarriak ere.

Lege-bermea

EEEko herrialde batekin erlazionatutako Google-ko kontu bat duen kontsumitzaile bat bazara eta gure Zerbitzu-baldintzak onartu badituzu, kontsumitzaileei buruzko EEEko legeek lege-bermea ematen dizute, zeinak eskaintzen dizkizugun eduki digitala, zerbitzuak edo produktuak estaltzen baititu. Berme honen arabera, aurkitzen duzun edozein egokitasunik ezaren erantzule gara:

  • produktuak entregatu (adibidez, telefono bat), eta eduki digitala edo zerbitzuak eskaini (adibidez, film bat erostea) osteko bi urteetan
  • edozein unetan, eduki digitalaren edo zerbitzuen hornidura jarraitua bada (esaterako, Maps edo Gmail)

Baliteke lege nazionalek berme luzeagoa ematea. Lege-berme horien arabera, eskaintzen dugun beste ezein merkataritza-bermek ez ditu mugatuko zure eskubideak. Bermea eskatzeko, jarri gurekin harremanetan.

Erantzukizunak

Erabiltzaile guztientzat

Baldintza hauek ez dute mugatzen hauengatiko erantzukizuna:

  • iruzurra edo informazioa iruzurrez faltsutzea
  • zabarkeriak eragindako heriotza edo zauri pertsonalak
  • zabarkeria larria
  • nahita egindako jokabide desegokiak

Aurretik aipatutako erantzukizunez gainera, baldintza hauek edo aplikagarriak diren zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak urratzen dituenean soilik izango da Google erantzule, lege aplikagarriari jarraikiz.

Enpresa-erabiltzaile eta erakundeetarako soilik

Enpresa-erabiltzaile edo erakunde bat bazara:

  • Lege aplikagarriak hala onartzen duen neurrian, Google-ri eta haren zuzendari, arduradun, langile eta azpikontratatuei kalteak ordainduko dizkiezu zerbitzuak legez kanpo erabiltzeagatik edo baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak urratzeagatik hirugarrenekin izandako edozein legezko prozesuren truke (gobernu-agintaritzen ekintzak barne). Kalte-ordain horrek hauek estaltzen ditu: erreklamazio, galera, kalte, epai, isun, auzi-kostu eta zerbitzu-sarietatik eratorritako erantzukizun edo gastu oro, Google-ren urratzeek, zabarkeriek edo nahita egindako jokabide desegokiek eragindako erantzukizun edo gastuen kasuan izan ezik.
  • Legezko erantzukizun batzuetatik salbuetsita bazaude, kalte-ordaina barne, erantzukizun horiek ez zaizkizu aplikatuko, baldintza hauei jarraikiz. Adibidez, Nazio Batuen Erakundeak immunitatea du legezko zenbait betebeharrekiko, eta baldintza hauek ez dute baliogabetzen immunitate hori.
  • Google ez da izango erantzukizun hauen erantzulea:
    • Irabaziak, diru-sarrerak, aukera komertzialak, merkataritza-fondoak edo aurrezki aurreratuak galtzea.
    • Zeharkako edo ondoriozko galerak.
    • Kalte zigorgarriak.
  • Goiko Erabiltzaile guztientzat klausulan adierazitako kasuan izan ezik, baldintza hauetatik eratorritako edo haiekin erlazionatutako Google-ren ardura zenbateko hauetatik handienera dago mugatuta: (1) 500 EUR edo (2) urratzearen aurreko 12 hilabeteetan dagozkion zerbitzuak erabiltzeko ordaindutako gastuen % 125.

Neurriak hartzea arazoak izanez gero

Behean azaldutakoari jarraikiz neurriak hartu baino lehen, aurretiko ohar bat bidaliko dizugu ahalik eta lasterren. Ohar horretan, neurriak hartzeko arrazoia azalduko dizugu, eta arazoa argitzeko eta konpontzeko aukera emango. Salbuespen bat egingo dugu bidezko arrazoiak baditugu pentsatzeko hau gertatuko dela:

  • Erabiltzaile bati, bitarteko bati edo Google-ri kalteak edo erantzukizunak ekarriko dizkio.
  • Legea edo agintari lege-betearazleen aginduak urratuko dira.
  • Ikerketa bat arriskuan jarriko da.
  • Gure zerbitzuen funtzionamendua, integritatea edo segurtasuna arriskuan jarriko da.

Zure edukia kentzea

Arrazoiz uste badugu zure edukiak (1) baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak edo gidalerroak urratu dituela, (2) lege aplikagarria urratu duela edo (3) gure erabiltzaileei, hirugarrenei edo Google-ri kalte egin diezaiekeela, guretzat erreserbatzen dugu eduki horren zati bat edo guztia ezabatzeko eskubidea, lege aplikagarriaren arabera. Horren adibide dira haurren pornografia, pertsonen trafikoa edo jazarpena errazten duten edukiak, eduki terrorista eta beste pertsona baten jabetza intelektualaren eskubideak urratzen dituzten edukiak.

Google-ren zerbitzuetatik behin-behinean kanpo uztea edo haietarako sarbidea amaitzea

Gure beste eskubideak mugatu gabe, Google-k zerbitzuetarako sarbidea aldi baterako eten edo deusezta dezake, baita zure Google-ko kontua ezabatu ere, egoera hauetako bat gertatzen bada:

  • baldintza hauek, _zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak edo gidalerroak behin eta berriz urratzen badituzu.
  • Hala egin behar badugu lege-eskakizunak edo epai-aginduak betetzeko.
  • Arrazoiz uste badugu zure jokabideak kalteak edo erantzukizunak sortzen dizkiela erabiltzaileei, hirugarrenei edo Google-ri; esaterako, hackeatzea, phishinga egitea, jazartzea, spama bidaltzea, beste norbaiten plantak egitea edo zurea ez den edukia biltzea.

Kontuak desgaitzeko arrazoiei eta kontuak desgaitzen ditugunean gertatzen denari buruzko informazio gehiago lortzeko, ikusi laguntza-zentroaren orri hau. Uste baduzu Google-ko kontua akats baten ondorioz itxi dizugula (behin-behinean edo behin betiko), ihardespen bat aurkez dezakezu.

Edozein unetan utz diezaiokezu gure zerbitzuak erabiltzeari. EEEko herrialde batekin erlazionatutako Google-ko kontu bat duen kontsumitzaile bat bazara, baldintza hauetan atzera egin dezakezu, baldintzak onartu eta 14 eguneko epean. Zerbitzu bat erabiltzeari uzten badiozu, eskertuko genizuke zergatia azaltzea, zerbitzuak hobetzen jarrai dezagun.

Zure datuen eskaerak kontrolatzea

Datuak ezagutarazteko eskaerei erantzuteko garaian, errespetatu egiten dugu Google-n gordetzen dituzun datuen pribatutasuna eta segurtasuna. Halako eskaerak jasotzen ditugunean, gure taldeak berrikusi egiten ditu, lege-eskakizunak eta Google-ren datuak ezagutarazteko gidalerroak gordetzen dituztela ziurtatzeko. Google Ireland Limited enpresak datuak atzitzen eta ezagutarazten ditu, komunikazioak barne, Irlandako legearen eta bertan aplikatzen den EBko legearen arabera. Google-k mundu osotik jasotzen dituen datuak ezagutarazteko eskaerei buruzko informazio gehiago lortzeko eta horiei nola erantzuten diegun jakiteko, irakurri Gardentasun-txostena eta Pribatutasun-gidalerroak.

Gatazkak konpontzea, legedi aplikagarria eta auzitegiak

Google-rekin harremanetan jartzeko moduei buruzko informazioa eskuratzeko, bisitatu gure harremanetarako orria.

Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) edo Suitzan bizi bazara edo egoitza bertan duen erakunde bat bazara, bizi zaren herrialdeko legeak arautzen ditu bai baldintza hauek, bai baldintza hauen eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrien arabera Google-rekin duzun harremana. Hortaz, tokiko epaitegietan bidera ditzakezu legezko auziak. EEEko herrialde batekin erlazionatutako Google-ko kontu bat duen kontsumitzaile bat bazara, jarri gurekin harremanetan arazoak zuzenean konpontzeko. Europako Batzordeak auziak sarean ebazteko plataforma bat ere eskaintzen du, baina Google ez dago legez behartuta plataforma hori edo beste batzuk erabiltzera gatazkak ebazteko.

Baldintza hauei buruz

Legez, Zerbitzu-baldintza hauek eta antzeko kontratuek muga ezin ditzaketen zenbait eskubide dituzu. Baldintza hauen helburua ez da inondik ere eskubide horiek mugatzea.

Baldintza hauek zure eta Google-ren arteko harremana azaltzen dute. Ez diete sortzen inolako legezko eskubiderik beste pertsona edo erakunde batzuei, baldintza hauen arabera haiek abantailak badituzte ere harreman horregatik.

Baldintzak erraz uler daitezen, gure zerbitzuetako adibideak erabili ditugu. Hala ere, baliteke aipatutako zerbitzu guztiak ez egotea erabilgarri zure herrialdean.

Ezin bada betearazi baldintza jakin bat, horrek ez die eragingo gainerako baldintzei.

Ez badiezu jarraitzen baldintza hauei edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriei, guk neurriak berehala ez hartzeak ez du esan nahi ditugun eskubideei uko egiten diegunik; hain zuzen ere, neurriak aurrerago ere hartu ahal izango ditugu.

Hiru arrazoi hauengatik eguneratuko dira baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak: (1) zerbitzuetan eta negozioak egiteko dugun moduan izandako aldaketak erakusteko (adibidez, zerbitzu, eginbide, teknologia, prezio edo abantaila berriak gehitzen edo aurrekoak kentzen ditugunean); (2) legezko edo segurtasunezko arrazoiengatik, edo (3) erabilera okerrak edo kalteak saihesteko.

Baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak nabarmen aldatzen baditugu, aurrez emango dizugu horren berri eta aldaketak berrikusteko aukera emango dizugu, kasu hauetan salbu: (1) zerbitzu edo eginbide berri bat kaleratzen dugunean edo (2) premiazko egoeretan, hala nola etengabeko erabilera okerra saihesteko edo lege-eskakizunei erantzuteko. Ez bazaude ados baldintza berriekin, zure edukia kendu beharko duzu, eta zerbitzuak erabiltzeari utzi beharko diozu. Nahi duzunean amai dezakezu gurekin duzun harremana Google-ko kontua itxita.

EEEren argibideak atzera egiteari buruz

EEEko herrialde batekin erlazionatutako Google-ko kontu bat duen kontsumitzaile bat bazara, kontsumitzaileei buruzko EEEko legeak kontratu honetan atzera egiteko eskubidea ematen dizu, atzera egiteko argibideen EBko ereduan xedatutakoaren arabera, jarraian ageri den bezala.

Atzera egiteko eskubidea

14 eguneko epean kontratuan atzera egiteko eskubidea duzu, inolako arrazoirik eman beharrik gabe.

Atzera egiteko aldia 14 eguneko epean iraungiko da, kontratua sinatu den egunetik zenbatzen hasita.

Atzera egiteko eskubidea egikaritzeko, kontratuan atzera egiteko erabakia jakinarazi behar diguzu adiera bakarreko aitorpen bat bidalita (adibidez, posta arruntaren edo elektronikoaren bidez eskutitz bat bidalita). Hauek egin ditzakezu gurekin harremanetan jartzeko: account-withdrawal@google.com helbidera mezu elektroniko bat bidali, +353 1 533 9837 telefonora deitu (ikusi behean ageri diren herrialdearen araberako telefono-zenbakiak) edo Google Ireland Limited, Gordon House, Barrow Street, Dublin 4, Ireland helbidera eskutitz bat idatzi. Erantsita dagoen atzera egiteko inprimakiaren eredua erabil dezakezu, baina ez da derrigorrezkoa. Halaber, gure webgunea (g.co/EEAWithdrawalForm) erabil dezakezu atzera egiteko inprimakiaren eredua elektronikoki betetzeko eta bidaltzeko. Aukera hori erabiliz gero, atzera egiteko inprimakia jaso dugula berretsiko dizugu atzerapenik gabe, baliabide iraunkor baten bidez mezu bat bidalita (adibidez, posta elektronikoz).

Atzera egiteko epea betetzeko, nahikoa da atzera egiteko eskubidea egikaritzea erabaki duzula jakinaraztea epe hori amaitu baino lehen.

Atzera egitearen ondorioak

Kontratuan atzera egitea erabakiz gero, egin dituzun ordainketa guztiak itzuliko dizkizugu, entregaren kostuak barne (eskaintzen ditugun entrega arrunten moten artean merkeena ez beste bat hautatuz gero ordaindu dituzun kostu gehigarriak izan ezik), bidegabeko atzerapenik gabe eta inoiz ez 14 eguneko epetik kanpo, kontratuan atzera egitea erabaki duzula jakinarazi diguzun egunetik zenbatzen hasita. Kontrako akordiorik ez badago, jatorrizko transakzioan erabili zenuen ordainketa-metodo beraren bitartez egingo da itzulketa, inongo komisiorik gabe.

Atzera egiteko inprimakiaren eredua

(kontratuan atzera egin nahi baduzu soilik bete eta itzuli behar duzu inprimakia)

— Hartzailea: Google Ireland Limited, Gordon House, Barrow Street, Dublin 4, Ireland, account-withdrawal@google.com:

— Honen bidez, jakinarazten dut zerbitzu hau jasotzeagatik sinatutako salmenta-kontratuan atzera egiten dudala: _____________

— Zerbitzua jaso den data: _____________

— Kontsumitzailearen izena: _____________

— Kontsumitzailearen helbidea: _____________

— Kontsumitzailearen sinadura (inprimakia paperean aurkezten bada soilik): _____________

— Data: _____________

Jarri harremanetan Google-rekin baldintza hauetan atzera egiteko

HerrialdeaTelefono-zenbakia
Austria0800 001180
Åland0800 526683
Belgika0800 58 142
Bulgaria0800 14 744
Kanariak+34 912 15 86 27
Ceuta eta Melilla+34 912 15 86 27
Kroazia0800 787 086
Zipre80 092492
Txekia800 720 070
Danimarka80 40 01 11
Estonia8002 643
Finlandia0800 520030
Frantzia0 805 98 03 38
Guyana Frantsesa0805 98 03 38
Polinesia Frantsesa+33 1 85 14 96 65
Hegoaldeko lurralde frantsesak+33 1 85 14 96 65
Alemania0800 6270502
Grezia21 1180 9433
Guadalupe0805 98 03 38
Hungaria06 80 200 148
Islandia800 4177
Irlanda1800 832 663
Italia800 598 905
Letonia80 205 391
Liechtenstein0800 566 814
Lituania0 800 00 163
Luxenburgo800 40 005
Malta8006 2257
Martinika0805 98 03 38
Mayotte+33 1 85 14 96 65
Herbehereak0800 3600010
Kaledonia Berria+33 1 85 14 96 65
Norvegia800 62 068
Polonia800 410 575
Portugal808 203 430
Reunion0805 98 03 38
Errumania0800 672 350
Eslovakia0800 500 932
Eslovenia080 688882
Espainia900 906 451
Saint Barthélemy+33 1 85 14 96 65
San Martin+33 1 85 14 96 65
Saint-Pierre eta Mikelune+33 1 85 14 96 65
Svalbard eta Jan Mayen uharteak800 62 425
Suedia020-012 52 41
Vatikano Hiria800 599 102
Wallis eta Futuna+33 1 85 14 96 65

Definizioak

Bazkidea

Google-ren enpresa taldeko kide diren entitateak (hau da, Google LLC eta haren filialak), Europar Batasunean kontsumitzaileentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa hauek barne: Google Ireland Limited, Google Commerce Limited eta Google Dialer Inc.

Bermea

Produktu edo zerbitzu batek estandar jakin baten arabera funtzionatuko duela ziurtatzen duen bermea.

Bezeroa

Google-ren zerbitzuak sektoretik, enpresatik edo lanbidetik kanpoko helburu pertsonal eta ez-komertzialetarako erabiltzen dituen banakoa. Barnean daude "kontsumitzaileak", EBko Kontsumitzaileen Eskubideen Zuzentarauko 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. (Ikusi enpresa-erabiltzailea)

Legezko eskubide bat, zeinaren bidez jatorrizko lan baten sortzaileak (blog, argazki edo bideo bat, adibidez) erabaki ahal duen beste pertsona batzuek jatorrizko lan hori erabil dezaketen eta nola, muga eta salbuespen batzuekin.

egokitasunik eza

Kontzeptu juridiko bat, zerbaitek nola funtzionatu beharko lukeen eta benetako funtzionamenduaren arteko aldea ezartzen duena. Legearen arabera, zerbaitek nola funtzionatu beharko lukeen zehazteko, honako hau hartu behar da kontuan: saltzaileak edo merkatariak nola deskribatzen duen, haren kalitatea eta funtzionamendua egokiak diren, eta produktu motaren ohiko helburura egokitzen den.

Enpresa-erabiltzailea

Bezeroa ez den banako edo entitate bat (ikusi Bezeroa).

Erakundea

Legezko erakunde bat (korporazio bat, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat edo ikastetxe bat) eta ez gizabanako bat.

Erantzukizun-ukatzea

Norbaiten legezko erantzukizunak mugatzen dituen adierazpena.

Erantzukizuna

Edozein motatako legezko erreklamazioek eragindako galerak, erreklamazioa kontratu batean, irainean (zabarkeria barne) edota bestelako arrazoi batean oinarrituta dagoela ere eta kontuan hartu gabe galera horiek aurrerapen nahikoarekin aurreikustea posible ote zen.

herrialdeko bertsioa

Google-ko kontu bat badaukazu, kontu hori herrialde edo lurralde batekin erlazionatzen dugu hauek zehaztu ahal izateko:

  • Zerbitzuak eskaintzen dizkizun eta haiek erabili ahala zure informazioa prozesatzen duen Google-ren bazkidea.
  • Gure arteko harremana arautzen duten baldintzen bertsioa.

Saiorik hasita ez daukazunean, Google-ren zerbitzuak zer kokapenetatik erabiltzen ari zaren begiratzen dugu zer herrialdetako bertsioa dagokizun zehazteko. Kontu bat badaukazu, saioa has dezakezu, eta baldintzak ikusi, kontua zer herrialderekin erlazionatu den jakiteko.

Jabetza intelektualaren eskubideak

Pertsona baten sorkuntzen gaineko eskubideak; esaterako, asmakuntzak (patente-eskubideak), literatura-lanak eta artelanak (copyrighta), eta merkataritzan erabiltzen diren sinboloak, izenak eta irudiak (marka komertzialak). Baliteke jabetza intelektualaren eskubideak zureak, banako batenak edo erakunde batenak izatea.

Kalteak ordaintzea edo kalte-ordainak

Banako edo erakunde baten kontratuko betebeharretako bat, beste banako edo erakunde batek prozedura legalen ondorioz –esaterako, auzien ondorioz– izandako galerak ordaintzeari buruzkoa.

Legearen eskakizun bat da lege-bermea, zeinaren arabera saltzaile edo merkatari bat erantzule den haren eduki digitala, zerbitzuak edo produktuak akastunak badira (hau da, egokitasunik eza badute).

Marka komertziala

Merkataritzan erabiltzen diren sinbolo, izen eta irudiak, zeinen bidez bata bestearengandik bereizten baitira banako edo erakundeen ondasun edo zerbitzuak.

merkataritza-bermea

Merkataritza-bermea egokitasunaren legezko bermeaz gain hartzen den borondatezko konpromisoa da. Merkataritza-bermea eskaintzen duen enpresak (a) zerbitzu jakin batzuk ematea edo (b) produktu akastunak konpontzea, ordeztea edo kontsumitzaileari dirua itzultzea onartzen du.

Plataformatik enpresarako EBko erregelamendua

Europar Batasunaren 2019/1150 erregelamendua, sareko bitartekaritza-zerbitzuen enpresa-erabiltzaileen arteko ekitatea eta gardentasuna sustatzeari buruzkoa.

Zerbitzuak

https://policies.google.com/terms/service-specific helbidean zerrendatutako produktuak eta zerbitzuak dira Google-ren zerbitzuak, hauek barne:

  • aplikazioak eta webguneak, hala nola Bilaketa eta Maps
  • plataformak (esaterako, Google Shopping)
  • zerbitzu integratuak (adibidez, beste enpresa batzuen aplikazio edo webguneetan kapsulatuta dagoen Maps),
  • gailuak eta beste produktu batzuk (esaterako, Google Nest)

Zerbitzu hauetako askok zuzenean erreproduzi daitekeen edukia edo eduki interaktiboa dute.

Zure edukia

Google-n sortzen, kargatzen, bidaltzen, gordetzen edo jasotzen dituzun edo harekin partekatzen dituzun gauzak, hala nola:

  • Sortzen dituzun dokumentuak, kalkulu-orriak eta aurkezpenak.
  • Blogger bidez kargatutako blog-argitalpenak.
  • Maps zerbitzuaren bidez bidaltzen dituzun iritziak.
  • Drive-n gorde dituzun bideoak.
  • Gmail bidez bidali eta jasotzen dituzun mezu elektronikoak.
  • Argazkiak zerbitzuaren bidez lagunekin partekatzen dituzun argazkiak.
  • Google-rekin partekatzen dituzun bidaia-ibilbideak.
Google-ren aplikazioak
Menu nagusia