Google-ren zerbitzu-baldintzak
Indarrean jartzeko data: 2024(e)ko maiatzaren 22(a) | Artxibatutako bertsioak | Deskargatu PDF fitxategia
Herrialdeko bertsioa: Ameriketako Estatu Batuak
Zer hartzen dute barne baldintza hauek?
Badakigu tentagarria dela Zerbitzu-baldintza hauek ez irakurtzea, baina garrantzitsua da jakitea zer espero behar duzun gugandik Google-ren zerbitzuak erabiltzen dituzunean, baita guk zugandik zer espero dugun ere.
Zerbitzu-baldintzotan, hauek aurkituko dituzu: Google-ren negozio-eredua, Google-ri aplikatzen zaizkion legeak eta Google-n beti egiazkotzat jo ditugun zenbait gauza. Beraz, Zerbitzu-baldintzotan, besteak beste, Google-ren eta, zerbitzuak erabiltzen dituzun heinean, zure arteko harremana definitzen da. Adibidez, baldintzek honako gai hauek jorratzen dituzte:
- Guregandik espero dezakezuna; hau da, zerbitzuak nola eskaintzen eta garatzen ditugun.
- Zugandik espero duguna; bertan, gure zerbitzuak erabiltzeko zenbait arau ezartzen dira.
- Google-ren zerbitzuetako edukia. Sekzio horretan, argi azaltzen dira gure zerbitzuetan aurkituko duzun edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak, eduki hori zurea, Google-rena edo beste batzuena delarik ere.
- Arazoak edo desadostasunak atalean, dauzkazun legezko beste eskubide batzuk azaltzen dira, baita norbaitek baldintza hauek urratzen baditu zer gertatuko den ere.
Garrantzitsua da baldintza hauek ulertzea, onartu egingo baitituzu zerbitzuak atzitzean edo erabiltzean (Google-ko kontuan saioa hasita eduki edo ez).
Baldintza horiez gain, Pribatutasun-gidalerroak argitaratu ditugu. Gidalerroak irakurtzea gomendatzen dizugu, hobeto uler ditzazun informazioa eguneratu, kudeatu, esportatu eta ezabatzeko argibideak.
Baldintzak
Zerbitzu-hornitzailea
Honek ematen ditu Google-ren zerbitzuak (beraz, harekin duzu kontratua):
Google LLC
(Delaware estatuko [AEB] jurisdikziopean eratua, eta AEBko legeek arautua)
1600 Amphitheatre Parkway
Mountain View, California, 94043
USA
Adin-eskakizunak
Google-ko kontua zuk zeuk kudeatzeko adin-eskakizuna betetzen ez baduzu, guraso baten edo legezko tutore baten baimena beharko duzu Google-ko kontua erabili ahal izateko. Eskatu guraso bati edo legezko tutore bati baldintzak zurekin batera irakurtzeko.
Gurasoa edo legezko tutorea bazara eta haurrari zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen badiozu, baldintza hauek zeuri aplikatuko zaizkizu, eta zeu izango zara haurrak zerbitzuetan egiten dituen jardueren erantzulea.
Google-ren zerbitzu batzuek zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietan eta gidalerroetan azalduta dauden adin-eskakizun osagarriak dituzte.
Google-rekin duzun harremana
Baldintza hauetan Google-ren eta zure arteko harremana definitzen da. "Google", "gu" edo "gure" hitzak erabiltzen ditugunean, Google LLC enpresaz eta haren bazkideez ari gara. Labur esanda: baldintza hauek onartzen badituzu, gure zerbitzuak atzitzeko eta erabiltzeko baimena emango dizugu. Hain zuzen ere, baldintza hauetan, Google-ren enpresak nola funtzionatzen duen eta dirua nola irabazten dugun azaltzen da.
Guregandik espero dezakezuna
Zerbitzu lagungarri ugari eskaintzea
- aplikazioak eta webguneak (hala nola Bilaketa eta Maps)
- plataformak (Google Shopping, esaterako)
- zerbitzu integratuak (adibidez, beste enpresa batzuen aplikazio edo webguneetan kapsulatuta dagoen Maps)
- gailuak (adibidez, Google Nest eta Pixel)
Zerbitzu hauetako askok zuzenean erreproduzi daitekeen edukia edo eduki interaktiboa dute.
Gure zerbitzuak elkarrekin funtzionatzeko daude diseinatuta, jarduera batetik bestera errazago igaro ahal zaitezen. Adibidez, egutegiko gertaera batek helbide bat badu eta helbide hori sakatzen baduzu, Maps-ek iristeko jarraibideak erakutsiko dizkizu.
Google-ren zerbitzuak garatzea, hobetzea eta eguneratzea
Teknologia eta eginbide berriak garatzen ari gara etengabe, gure zerbitzuak hobetzeko asmoz. Adibidez, adimen artifiziala eta ikasketa automatikoa darabiltzagu aldibereko itzulpenak eskaintzeko, eta spama eta malwarea hobeto hauteman eta blokeatzeko. Etengabeko hobekuntza horien ildotik, batzuetan eginbide eta funtzioak gehitu edo kentzen ditugu, erabilera-mugak handitzen edo txikitzen ditugu, eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditugu, edo zaharrak eskaintzeari uzten. Zerbitzu batek deskarga daitekeen edo aurrez kargatuta dagoen softwarea dakarrenean edo eskatzen duenean, batzuetan, softwarea automatikoki eguneratzen da gailuan, bertsio edo eginbide berriren bat erabilgarri dagoenean. Zerbitzu batzuek eguneratze automatikoen ezarpenak doitzeko aukera ematen dute.
Gure zerbitzuak erabiltzeko duzun moduari kalte egiten dioten aldaketa garrantzitsuak egiten baditugu edo zerbitzu bat eskaintzeari uzten badiogu, aldez aurretik emango dizugu horren berri, nahikoa denbora utzita. Premiazko egoeretan egingo da salbuespena; esaterako, erabilera okerrak saihesteko, lege-eskakizunei erantzuteko, edo segurtasun- edo funtzionamendu-arazoak konpontzeko. Halaber, aukera emango dizugu Google Takeout bidez edukia Google-ko kontutik esportatzeko, aplikagarriak diren lege eta gidalerroak gordeta.
Zugandik espero duguna
Baldintza hauei eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriei jarraitzea
- baldintza hauek
- zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak (besteak beste, adin-eskakizun gehigarriak)
Halaber, onartu egingo duzu gure zerbitzuak erabiltzeko duzun moduari gure Pribatutasun-gidalerroak aplikatzen zaizkiola. Horrez gain, hainbat baliabide eskaintzen ditugu ohiko galderei erantzuteko eta gure zerbitzuen erabilerari buruzko ideia bat izan dezazun; besteak beste, Copyrightaren Laguntza-zentroa, Segurtasun-zentroa, Gardentasun-zentroa eta gidalerroen webgunea jasotako gure teknologien azalpenak. Amaitzeko, baliteke argibide eta abisu jakinak ematea gure zerbitzuetan, hala nola informazio garrantzitsuaren berri ematen dizuten leihoen bidez.
Zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen dizugun arren, guretzat gordetzen ditugu zerbitzuen jabetza intelektualaren eskubide guztiak.
Besteak errespetatzea
- Lege aplikagarriak bete, esportazio-kontrolarekin, zigorrarekin eta pertsonen trafikoarekin lotutako arauak barne.
- Besteen eskubideak errespetatu, pribatutasun-eskubideak eta jabetza intelektualaren eskubideak barne.
- Gehiegikeriarik ez egin edo kalterik ez eragin (ez nork bere buruari, ezta besteei ere), inor ez mehatxatu eta halako gehiegikeriarik edo kalterik ez sustatu; esaterako, beste norbaiten plantak egin, iruzurra egin, identitatea legez kanpo ordeztu, iraindu, bullyinga egin, jazarri edo zelatatu.
Zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriek eta gidalerroek, hala nola AA generatiboa erabiltzea debekatzen duten gidalerroek, jokabide egokiei buruzko xehetasun gehiago eskaintzen dituzte; zerbitzuak erabiltzen dituen pertsona orok arau horiei jarraitu behar die. Norbaitek arau horiek errespetatzen ez dituela ikusten baduzu, gehiegikeriak salatzeko aukera izango duzu zerbitzu askotan. Gehiegikeria baten salaketaren ondorioz neurriak hartzen baditugu, Neurriak hartzea arazoak izanez gero klausulan zehaztutako prozesua eskainiko dugu.
Ez egin gehiegikeriarik gure zerbitzuekin
Gure zerbitzuak atzitzen edo erabiltzen dituzten pertsona gehienek ulertzen dituzte Internet toki segurua eta irekia izan dadin gorde beharreko arauak. Zoritxarrez, pertsona gutxi batzuek ez dituzte gordetzen arau horiek; ondorioz, hemen azalduko ditugu, gure zerbitzuak eta erabiltzaileak gehiegikerietatik babesteko. Horrenbestez:
Ez egin gehiegikeriarik gure zerbitzu edo sistemekin, eta ez itzazu kaltetu, oztopatu edo eten. Hona hemen adibide batzuk:- malwarea sartzea
- gure sistemak edo babes-neurriak spamez betetzea, hackeatzea edo saihestea
- fabrikatzailearen murriztapenak ezereztea, asmo txarreko eskaera-mezuak bidaltzea edo eskaera-mezuak txertatzea, segurtasuna probatzeko eta akatsak hautemateko programak erabiltzean izan ezik
- gure zerbitzuak edo edukia iruzurrez edo azpikeriaz atzitzea edo erabiltzea; adibidez, honako hauek eginda:
- phishinga
- kontu edo eduki faltsuak sortzea, iritzi faltsuak barne
- AA generatibo bidezko edukia gizaki batek sortu duela pentsaraztea
- itxuraz zureak (edo beste norbaitenak) diren baina guk sortu ditugun zerbitzuak eskaintzea
- itxuraz gureak diren baina guk sortu ez ditugun zerbitzuak eskaintzea
- gure zerbitzuak (haien edukia barne) inoren legezko eskubideak urratzeko erabiltzea, hala nola jabetza intelektuala edo pribatutasun-eskubideak
- gure zerbitzuekin edo darabilten teknologiarekin (hala nola ikasketa automatikoko ereduak) atzeranzko ingeniaritza egitea, merkataritza-sekretuak edo jabetzari buruzko bestelako informazioa lortzeko, lege aplikagarriek onartutako moduetan izan ezik
- baliabide automatizatuak erabiltzea gure zerbitzuetako edukia atzitzeko, gure web-orrietako makina bidez irakur daitezkeen argibideak urratuta (adibidez, arakatzea, trebatzea eta beste jarduera batzuk debekatzen dituzten robots.txt fitxategiak)
- gure zerbitzuetako AAk sortutako edukia erabiltzea ikasketa automatikoko ereduak edo erlazionatutako AA bidezko teknologiak garatzeko
- baldintza hauek urratzeko helburuarekin zure identitatea ezkutatzea edo faltsutzea
- besteak baldintza hauek urratzera bultzatzen dituzten zerbitzuak eskaintzea
Zure edukia erabiltzeko baimena
zure edukia kargatzeko, biltegiratzeko, bidaltzeko, jasotzeko edo partekatzeko aukera izan dezazun daude diseinatuta zenbait zerbitzu. Ez zaude derrigortuta gure zerbitzuei edukia ematera; eman nahi duzun edukia aukera dezakezu. Edukia kargatzen edo partekatzen baduzu, ziurtatu horretarako beharrezko eskubideak dituzula eta edukia legezkoa dela.
Lizentzia
Zure edukiak zeurea izaten jarraitzen du; hau da, edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak mantenduko dituzu. Adibidez, sortzen duzun sormenezko edukian, jabetza intelektualaren eskubideak dituzu, hala nola idazten dituzun iritzietan. Edo baliteke beste norbaiten sormenezko edukia partekatzeko eskubidea izatea, horretarako baimena eman badizute.
Jabetza intelektualaren eskubideak direla-eta zure edukia erabiltzeko mugak aplikatzen bazaizkigu, baimena eman beharko diguzu. Lizentzia honen bidez ematen diozu baimen hori Google-ri.
Zer hartzen da barne?
Lizentzia honek zure edukia hartzen du barne, baldin eta jabetza intelektualaren eskubideek babesten badute edukia.
Zer geratzen da kanpo?
- Lizentzia honek ez die eragiten zure pribatutasun-eskubideei; jabetza intelektualaren eskubideei soilik eragiten die.
- Eduki mota hauek ez ditu barne hartzen lizentzia honek:
- Zuk emandako (eta publikoki ikusgai dagoen) informazio objektiboa, hala nola tokiko enpresa baten helbideari egindako zuzenketak. Informazio horrek ez du behar lizentziarik, askatasunez erabil daitekeen informazio arrunta delako.
- Bidaltzen dituzun oharrak, hala nola gure zerbitzuak hobetzeko iradokizunak. Zerbitzuarekin erlazionatutako komunikazioak atalean jorratzen dira oharrak.
Esparrua
- Mundu-mailakoa da; hau da, munduko edozein tokitan balio du.
- Ez da esklusiboa; hau da, edukia beste norbaiti eman diezaiokezu.
- Ez du egile-eskubiderik; hau da, ez du diru-komisiorik.
Eskubideak
Lizentzia honek honako hau egiteko aukera ematen dio Google-ri:
- Zure edukia ostatatu, erreproduzitu, banatu, komunikatu eta erabili; esaterako, gure sistemetan gordetzeko eta edozein tokitatik atzitu ahal izateko.
- Zure edukia argitaratu, publikoki aurkeztu edo bistaratu, besteentzat ikusgai jarri baduzu.
- Zure edukia aldatu eta hartan oinarritutako lan eratorriak sortu (esaterako, formatua aldatuta edo testuak itzulita).
- Eskubideon azpilizentzia hauei eman:
- Beste erabiltzaile batzuei, zerbitzuak diseinatutako moduan funtziona dezaten; esaterako, aukeratzen dituzun pertsonekin argazkiak partekatzeko aukera emateko.
- Baldintza hauen araberako kontratuak gurekin sinatu dituzten azpikontratatuei, beheko Helburua sekzioan azaltzen diren helburu mugatuetarako soilik.
Helburua
Lizentzia honek helburu mugatu hauek ditu:
- Zerbitzuak prestatu eta hobetu; hau da, zerbitzuak diseinatutakoaren arabera funtzionarazi, eta eginbide eta funtzioak sortu. Horretarako, baliteke sistema automatizatuak eta algoritmoak erabiltzea edukia aztertzeko:
- Spamerako, malwarerako eta legez kontrako edukirako.
- Ereduak hautemateko datuetan; esaterako, Google Argazkiak zerbitzuan album bat sortzea iradokitzeko, antzekoak diren argazkiak batera bil daitezen.
- Zerbitzuak pertsonalizatzeko, hala nola bilaketa-emaitza, eduki eta iragarki pertsonalizatuak, eta gomendioak eskaintzeko (Iragarkien ezarpenak atalean aldatu edo desaktiba ditzakezu).
- Publikoki partekatu duzun edukia erabili, zerbitzuak sustatzeko xedeaz; adibidez, Google-ren aplikazio bat sustatzeko, agian idatzi duzun iruzkin bat aipatuko dugu, edo, Google Play sustatzeko, agian Play Store-n eskaintzen duzun aplikazioaren pantaila-argazki bat erakutsiko dugu.
- Google-ren teknologia eta zerbitzuak sortu, baldintza hauek gordeta.
Iraupena
Edukia jabetza intelektualaren eskubideekin babestuta egon bitartean iraungo du lizentziak.
Lizentzia honek estaltzen duen edukiren bat zerbitzuetatik kentzen baduzu, gure sistemek eduki hori publikoki erabilgarri jartzeari utziko diote zentzuzko denbora tarte batean. Bi salbuespen daude:
- Dagoeneko beste batzuekin partekatu baduzu edukia hura kendu baino lehen. Esate baterako, lagun batekin argazki bat partekatu baduzu eta lagun horrek kopia bat egin badu edo partekatu badu, baliteke argazkia zure lagunaren Google-ko kontuan agertzea, zuk zure Google-ko kontutik kendu arren.
- Edukia beste enpresa batzuen zerbitzuen bidez jarri baduzu erabilgarri, baliteke bilatzaileek, Google Bilaketa barne, zure edukia bilatzen eta bistaratzen jarraitzea bilaketa-emaitzetan.
Google-ren zerbitzuak erabiltzea
Zure Google kontua
Adin-eskakizunak betetzen badituzu, Google-ko kontu bat sor dezakezu zuk zeuk erabiltzeko. Zerbitzu batzuk erabiltzeko, ezinbestekoa da Google-ko kontu bat izatea; adibidez, Gmail erabiltzeko, Google-ko kontu bat behar duzu mezu elektronikoak bidali eta jasotzeko.
Google-ko kontuarekin egiten duzunaren erantzulea zara, Google-ko kontua seguru mantentzeko arrazoizko neurriak hartzea barne. Hori dela eta, Segurtasun-egiaztapena noizean behin erabiltzea gomendatzen dizugu.
Google-ren zerbitzuak erabiltzea erakunde edo enpresa baten izenean
- Erakundearen ordezkari baimendu batek baldintza hauek onartu behar ditu.
- Erakundearen administratzaile batek Google-ko kontu bat esleitu behar dizu. Administratzaileak arau gehigarriei jarraitzea eska diezazuke, eta zure Google-ko kontua atzitu edo desgaitzeko aukera izango du.
Zerbitzuarekin erlazionatutako komunikazioak
Zerbitzuak hornitu ahal izateko, batzuetan, zerbitzu-iragarpenak eta bestelako informazioa bidaltzen dizugu. Zurekin harremanetan jartzeko moduari buruzko informazio gehiago lortzeko, irakurri Google-ren Pribatutasun-gidalerroak.
Oharrak bidaltzen badizkiguzu (besteak beste, zerbitzuak hobetzeko iradokizunak), agian neurriak hartuko ditugu ohar horietan oinarrituta, zurekiko betebeharrik izan gabe.
Google-ren zerbitzuetako edukia
Zure edukia
Gure zerbitzu batzuek jatorrizko edukia sortzeko aukera ematen dizute. Google-k ez du adieraziko eduki horren jabea denik.
Zerbitzu batzuek edukia publikoki erabilgarri jartzeko aukera ematen dizute. Adibidez, produktu edo jatetxe bati buruz idatzi duzun iritzia argitaratzeko aukera ematen dizute, edo zeuk sortutako blog-argitalpen bat kargatzeko aukera.
- Zure edukiarekiko eskubideei buruzko informazio gehiago lortzeko eta edukia gure zerbitzuetan nola erabiltzen den jakiteko, jo Zure edukia erabiltzeko baimena sekziora.
- Erabiltzaileek sortutako edukia zerbitzuetatik zergatik eta nola ezaba dezakegun jakiteko, irakurri Zure edukia kentzea sekzioa.
Norbait zure jabetza intelektualaren eskubideak urratzen ari dela uste baduzu, urratzearen jakinarazpena bidal diezagukezu, eta beharrezko neurriak hartuko ditugu. Esaterako, copyrighta behin baino gehiagotan urratzen dutenen Google-ko kontuak behin-behinean edo betiko itxiko ditugu, copyrightaren laguntza-zentroan azaldutakoari jarraikiz.
Google-ren edukia
Gure zerbitzu batzuek Google-ren edukia dute; adibidez, Google Maps-en ikusten dituzun ilustrazioetako asko. Google-ren edukia baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriek xedatutakoaren arabera erabil dezakezu, baina guretzat erreserbatzen ditugu edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak. Ez kendu, ilundu edo aldatu gure markarik, logotiporik, ezta lege-oharrik ere. Gure marka edo logotipoak erabili nahi badituzu, jo Google-ren markaren inguruko baimenak orrira.
Bestelako edukia
Bestalde, zenbait zerbitzuk beste pertsona edo erakunde batzuen edukia atzitzeko aukera ematen dizute; esaterako, denda-jabe baten enpresaren deskribapena edo Google Albisteak zerbitzuan bistaratutako aldizkari bateko artikulu bat. Ezin duzu erabili eduki hori pertsonaren edo erakundearen baimenik gabe, ez bada legeak beste nolabait hala onartzen duela. Beste pertsonen eta erakundeen edukian agertzen diren ikuspegiak haienak dira, eta ez dute zertan islatu Google-ren ikuspegia.
Softwarea Google-ren zerbitzuetan
Gure zerbitzu batzuek deskarga daitekeen edo aurrez kargatuta dagoen softwarea dute. Zerbitzu horien parte gisa, software hori erabiltzeko baimena ematen dizugu.
- Mundu-mailakoa da; hau da, munduko edozein tokitan balio du.
- Ez da esklusiboa; hau da, beste norbaiti ere eman diezaiokegu.
- Ez du egile-eskubiderik; hau da, ez du diru-komisiorik.
- Pertsonala da; hau da, ezin da beste norbaitekin partekatu.
- Esleiezina da; hau da, ezin diozu beste inori esleitu.
Gure zerbitzuetako batzuek zure esku jartzen dugun kode irekiko lizentzien bidez emandako software bat dute. Batzuetan, kode irekiko lizentzietan, baldintza hauen zati batzuk berariaz baliogabetzen dituzten xedapenak daude; beraz, irakurri lizentzia horiek.
Ezin duzu kopiatu, aldatu, banatu, saldu edo alokatu gure zerbitzu edo softwareen ezein zati.
Arazoak edo desadostasunak izanez gero
Bermearen erantzukizun-ukatzea
Gure izen ona zerbitzu erabilgarri eta fidagarriak eskainiz eraiki dugu (esaterako, Google Bilaketa eta Maps), zeinak zure beharrizanak asetzeko etengabe hobetzen baititugu. Halere, lege-helburuetarako, bermerik gabe eskaintzen ditugu gure zerbitzuak, baldin eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietan esplizituki adierazten ez bada. Legeari jarraikiz, lege-hizkera zehatza eta maiuskulak erabiltzen ditugu hori azaltzeko; horrela, testua ikusten duzula ziurtatuko dugu, jarraian ageri den bezala:
LEGE APLIKAGARRIAK HALA ONARTZEN DUEN NEURRIAN, ZERBITZUAK "BEREN HORRETAN" ESKAINTZEN DITUGU, INOLAKO BERME ESPLIZITU EDO INPLIZITURIK GABE, MERKATURATZEKO BERMEA, HELBURU JAKIN BATERAKO EGOKITASUN-BERMEA ETA EZ-URRATZEEN BERMEA BARNE. ADIBIDEZ, EZ DUGU ZERBITZUEN EDUKIAREN EDO EGINBIDEEN INGURUKO BERMERIK ESKAINTZEN, HAIEN FIDAGARRITASUNA, ERABILGARRITASUNA EDO ZURE BEHARRIZANAK ASETZEKO GAITASUNA BARNE.
EZ ERABILI ZERBITZUAK AHOLKULARITZA MEDIKOA, JURIDIKOA, FINANTZARIOA EDO PROFESIONALA ESKATZEKO. GAI HORIEKIN LOTUTAKO EDUKIA INFORMATZEKO SOILIK ESKAINTZEN DA, ETA EZ DU ORDEZTEN PROFESIONAL KUALIFIKATUEN AHOLKULARITZA.
Erantzukizunak
Erabiltzaile guztientzat
Zuk edo Google-k arazoak izanez gero besteari eska diezaiokezuenaren arteko oreka lortu nahi dute legeak eta baldintza hauek. Horregatik, legeak erantzukizun jakin batzuk (baina beste batzuk ez) esleitzen dizkigu guztioi baldintza hauen arabera.
Baldintza hauek lege aplikagarriak baimentzen duenaren arabera mugatzen dituzte gure erantzukizunak. Baldintza hauek ez dute mugatzen zabarkeria larriagatiko edo asmo txarrez egindako jokabide desegokiagatiko erantzukizuna.
- Baldintza hauek edo aplikagarriak diren zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak urratzen direnean soilik izango da Google erantzule.
- Google ez da izango erantzule kasu hauetan:
- Irabaziak, diru-sarrerak, aukera komertzialak, merkataritza-fondoak edo aurrezki aurreratuak galtzen direnean.
- Zeharkako edo ondoriozko galerak daudenean.
- Kalte zigorgarriak daudenean.
- Baldintzotatik edo baldintzokin erlazionatuta eratorritako Google-ren erantzukizun osoa hauetako handienera mugatzen da: (1) $200 edo (2) auzia gertatu aurreko 12 hilabeteetan zerbitzu hori erabiltzeko ordaindu duzuna.
Enpresa-erabiltzaile eta erakundeetarako soilik
Enpresa-erabiltzaile edo erakunde bat bazara:
- Lege aplikagarriak hala onartzen duen neurrian, Google-ri eta haren zuzendari, arduradun, langile eta azpikontratatuei kalteak ordainduko dizkiezu zerbitzuak legez kanpo erabiltzeagatik edo baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak urratzeagatik hirugarrenekin izandako edozein prozesu legalen truke (gobernu-agintaritzen ekintzak barne). Kalte-ordain horrek hauek estaltzen ditu: erreklamazio, galera, kalte, epai, isun, auzi-kostu eta zerbitzu-sari legaletatik eratorritako erantzukizun edo gastu oro.
- Legezko erantzukizun batzuetatik salbuetsita bazaude, kalte-ordaina barne, erantzukizun horiek ez zaizkizu aplikatuko, baldintza hauei jarraikiz. Adibidez, Nazio Batuen Erakundeak immunitatea du legezko zenbait betebeharrekiko, eta baldintza hauek ez dute baliogabetzen immunitate hori.
Neurriak hartzea arazoak izanez gero
Behean azaldutakoari jarraikiz neurriak hartu baino lehen, aurretiko ohar bat bidaliko dizugu ahalik eta lasterren. Ohar horretan, neurriak hartzeko arrazoia azalduko dizugu, eta arazoa argitzeko eta konpontzeko aukera emango. Salbuespen bat egingo dugu honako kasu hauetan:
- Erabiltzaile bati, bitarteko bati edo Google-ri kalteak edo erantzukizunak ekarriko dizkio.
- Legea edo agintari lege-betearazleen aginduak urratuko dira.
- Ikerketa bat arriskuan jarriko da.
- Gure zerbitzuen funtzionamendua, integritatea edo segurtasuna arriskuan jarriko da.
Zure edukia kentzea
Zure edukiak (1) baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak edo gidalerroak urratzen baditu, (2) lege aplikagarria urratzen badu edo (3) gure erabiltzaileei, hirugarrenei edo Google-ri kalte egiteko aukerarik badago, geuretzat erreserbatzen dugu eduki horren zati bat edo guztia ezabatzeko eskubidea, lege aplikagarriaren arabera. Horren adibide dira haurren pornografia, pertsonen trafikoa edo jazarpena errazten duten edukiak, eduki terrorista eta beste pertsona baten jabetza intelektualaren eskubideak urratzen dituzten edukiak.
Google-ren zerbitzuetatik behin-behinean kanpo uztea edo haietarako sarbidea amaitzea
Gure beste eskubideak mugatu gabe, Google-k zerbitzuetarako sarbidea aldi baterako eten edo deusezta dezake, baita zure Google-ko kontua ezabatu ere, egoera hauetako bat gertatzen bada:
- baldintza hauek, _zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak edo gidalerroak behin eta berriz urratzen badituzu.
- Hala egin behar badugu lege-eskakizunak edo epai-aginduak betetzeko.
- Zure jokabideak kalteak edo erantzukizunak sortzen badizkie erabiltzaileei, hirugarrenei edo Google-ri; esaterako, hackeatzea, phishinga egitea, jazartzea, besteak engainatzea edo zurea ez den edukia erauztea.
Kontuak desgaitzeko arrazoiei eta kontuak desgaitzen ditugunean gertatzen denari buruzko informazio gehiago lortzeko, ikusi laguntza-zentroaren orri hau. Uste baduzu Google-ko kontua akats baten ondorioz itxi dizugula (behin-behinean edo behin betiko), ihardespen bat aurkez dezakezu.
Edozein unetan utz diezaiokezu gure zerbitzuak erabiltzeari. Zerbitzu bat erabiltzeari uzten badiozu, eskertuko genizuke zergatia azaltzea, zerbitzuak hobetzen jarrai dezagun.
Gatazkak konpontzea, legedi aplikagarria eta auzitegiak
Google-rekin harremanetan jartzeko moduei buruzko informazioa eskuratzeko, bisitatu gure harremanetarako orria.
Kaliforniako legeak arautuko ditu baldintza hauetatik edo haiekin erlazionatuta, zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietatik edo erlazionatutako edozein zerbitzutatik sortutako gatazka guztiak, lege arteko gatazken arauak edozein direla ere. Gatazkak Kaliforniako (AEB) Santa Clara eskualdeko auzitegi federaletan edo estataletan soilik ebatziko dira, eta zuk eta Google-k auzitegiotako jurisdikzioa onartu egiten duzue eremu pertsonalari dagokionez.
Baldintza hauei buruz
Legez, Zerbitzu-baldintza hauek eta antzeko kontratuek muga ezin ditzaketen zenbait eskubide dituzu. Baldintza hauen helburua ez da inondik ere eskubide horiek mugatzea.
Baldintza hauek zure eta Google-ren arteko harremana azaltzen dute. Ez diete sortzen inolako legezko eskubiderik beste pertsona edo erakunde batzuei, baldintza hauen arabera haiek abantailak badituzte ere harreman horregatik.
Baldintzak erraz uler daitezen, gure zerbitzuetako adibideak erabili ditugu. Hala ere, baliteke aipatutako zerbitzu guztiak ez egotea erabilgarri zure herrialdean.
Baldintza hauen eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrien artean gatazkarik balego, zerbitzuaren baldintza gehigarriak gailenduko dira.
Ezin bada betearazi baldintza jakin bat, horrek ez die eragingo gainerako baldintzei.
Ez badiezu jarraitzen baldintza hauei edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriei, guk neurriak berehala ez hartzeak ez du esan nahi ditugun eskubideei uko egiten diegunik; hain zuzen ere, neurriak aurrerago ere hartu ahal izango ditugu.
Hiru arrazoi hauengatik eguneratuko dira baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak: (1) zerbitzuetan eta negozioak egiteko dugun moduan izandako aldaketak erakusteko (adibidez, zerbitzu, eginbide, teknologia, prezio edo abantaila berriak gehitzen edo aurrekoak kentzen ditugunean); (2) legezko edo segurtasunezko arrazoiengatik, edo (3) erabilera okerrak edo kalteak saihesteko.
Baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak nabarmen aldatzen baditugu, 30 egun lehenago emango dizugu horren berri, eta aldaketak berrikusteko aukera izango duzu, kasu hauetan salbu: (1) erabiltzaileentzat mesedegarria den zerbitzu edo eginbide berri bat kaleratzen dugunean, edo (2) premiazko egoeretan, hala nola etengabeko gehiegikeriak saihesteko edo lege-eskakizunei erantzuteko. Baldintza berriekin ados ez bazaude, zure edukia kendu beharko zenuke, eta zerbitzuak erabiltzeari utzi beharko zenioke. Nahi duzunean amai dezakezu gurekin duzun harremana Google-ko kontua itxita.
Definizioak
Bazkidea
Google-ren enpresa taldeko kide diren entitateak (hau da, Google LLC eta haren filialak), Europar Batasunean kontsumitzaileentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa hauek barne: Google Ireland Limited, Google Commerce Limited eta Google Dialer Inc.
Bermea
Produktu edo zerbitzu batek estandar jakin baten arabera funtzionatuko duela ziurtatzen duen bermea.
Bezeroa
Google-ren zerbitzuak sektoretik, enpresatik edo lanbidetik kanpoko helburu pertsonal eta ez-komertzialetarako erabiltzen dituen banakoa. (Ikusi enpresa-erabiltzailea)
Copyrighta
Legezko eskubide bat, zeinaren bidez jatorrizko lan baten sortzaileak (blog, argazki edo bideo bat, adibidez) erabaki ahal duen beste pertsona batzuek jatorrizko lan hori erabil dezaketen eta nola, muga eta salbuespen batzuekin (esaterako, "bidezko erabilera" eta "bidezko tratamendua").
Enpresa-erabiltzailea
Bezeroa ez den banako edo entitate bat (ikusi Bezeroa).
Erakundea
Legezko erakunde bat (korporazio bat, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat edo ikastetxe bat) eta ez gizabanako bat.
Erantzukizun-ukatzea
Norbaiten legezko erantzukizunak mugatzen dituen adierazpena.
Erantzukizuna
Edozein motatako legezko erreklamazioek eragindako galerak, erreklamazioa kontratu batean, irainean (zabarkeria barne) edota bestelako arrazoi batean oinarrituta dagoela ere eta kontuan hartu gabe galera horiek aurrerapen nahikoarekin aurreikustea posible ote zen.
herrialdeko bertsioa
Google-ko kontu bat badaukazu, kontu hori herrialde edo lurralde batekin erlazionatzen dugu hauek zehaztu ahal izateko:
- Zerbitzuak eskaintzen dizkizun eta haiek erabili ahala zure informazioa prozesatzen duen Google-ren bazkidea.
- Gure arteko harremana arautzen duten baldintzen bertsioa.
Saiorik hasita ez daukazunean, Google-ren zerbitzuak zer kokapenetatik erabiltzen ari zaren begiratzen dugu zer herrialdetako bertsioa dagokizun zehazteko. Kontu bat badaukazu, saioa has dezakezu, eta baldintzak ikusi, kontua zer herrialderekin erlazionatu den jakiteko.
Jabetza intelektualaren eskubideak
Pertsona baten sorkuntzen gaineko eskubideak; esaterako, asmakuntzak (patente-eskubideak), literatura-lanak eta artelanak (copyrighta), eta merkataritzan erabiltzen diren sinboloak, izenak eta irudiak (marka komertzialak). Baliteke jabetza intelektualaren eskubideak zureak, banako batenak edo erakunde batenak izatea.
Kalteak ordaintzea edo kalte-ordainak
Banako edo erakunde baten kontratuko betebeharretako bat, beste banako edo erakunde batek prozedura legalen ondorioz –esaterako, auzien ondorioz– izandako galerak ordaintzeari buruzkoa.
Marka komertziala
Merkataritzan erabiltzen diren sinbolo, izen eta irudiak, zeinen bidez bata bestearengandik bereizten baitira banako edo erakundeen ondasun edo zerbitzuak.
Zerbitzuak
https://policies.google.com/terms/service-specific helbidean zerrendatutako produktuak eta zerbitzuak dira Google-ren zerbitzuak, hauek barne:
- aplikazioak eta webguneak, hala nola Bilaketa eta Maps
- plataformak (esaterako, Google Shopping)
- zerbitzu integratuak (adibidez, beste enpresa batzuen aplikazio edo webguneetan kapsulatuta dagoen Maps),
- gailuak eta beste produktu batzuk (esaterako, Google Nest)
Zerbitzu hauetako askok zuzenean erreproduzi daitekeen edukia edo eduki interaktiboa dute.
Zure edukia
Google-n sortzen, kargatzen, bidaltzen, gordetzen edo jasotzen dituzun edo harekin partekatzen dituzun gauzak, hala nola:
- Sortzen dituzun dokumentuak, kalkulu-orriak eta aurkezpenak.
- Blogger bidez kargatutako blog-argitalpenak.
- Maps zerbitzuaren bidez bidaltzen dituzun iritziak.
- Drive-n gorde dituzun bideoak.
- Gmail bidez bidali eta jasotzen dituzun mezu elektronikoak.
- Argazkiak zerbitzuaren bidez lagunekin partekatzen dituzun argazkiak.
- Google-rekin partekatzen dituzun bidaia-ibilbideak.