Google-ren zerbitzu-baldintzak

Indarrean jartzeko data: 2022(e)ko urtarrilaren 5(a) | Artxibatutako bertsioak | Deskargatu PDF fitxategia

Herrialdeko bertsioa: Ameriketako Estatu Batuak

Zer hartzen dute barne baldintza hauek?

Badakigu tentagarria dela Zerbitzu-baldintza hauek ez irakurtzea, baina garrantzitsua da jakitea zer espero behar duzun gugandik Google-ren zerbitzuak erabiltzen dituzunean, baita guk zugandik zer espero dugun ere.

Zerbitzu-baldintzotan, hauek aurkituko dituzu: Google-ren negozio-eredua, Google-ri aplikatzen zaizkion legeak eta Google-n beti egiazkotzat jo ditugun zenbait gauza. Beraz, Zerbitzu-baldintzotan, besteak beste, Google-ren eta, zerbitzuak erabiltzen dituzun heinean, zure arteko harremana definitzen da. Adibidez, baldintzek honako gai hauek jorratzen dituzte:

  • Guregandik espero dezakezuna; hau da, zerbitzuak nola eskaintzen eta garatzen ditugun.
  • Zugandik espero duguna; bertan, gure zerbitzuak erabiltzeko zenbait arau ezartzen dira.
  • Google-ren zerbitzuetako edukia. Sekzio horretan, argi azaltzen dira gure zerbitzuetan aurkituko duzun edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak, eduki hori zurea, Google-rena edo beste batzuena delarik ere.
  • Arazoak edo desadostasunak atalean, dauzkazun legezko beste eskubide batzuk azaltzen dira, baita norbaitek baldintza hauek urratzen baditu zer gertatuko den ere.

Garrantzitsua da baldintza hauek ulertzea, onartu egingo baitituzu zerbitzuak erabilita.

Baldintza horiez gain, Pribatutasun-gidalerroak argitaratu ditugu. Gidalerroak irakurtzea gomendatzen dizugu, hobeto uler ditzazun informazioa eguneratu, kudeatu, esportatu eta ezabatzeko argibideak.

Baldintzak

Zerbitzu-hornitzailea

Honek ematen ditu Google-ren zerbitzuak (beraz, harekin duzu kontratua):

Google LLC
(Delaware estatuko [AEB] jurisdikziopean eratua, eta AEBko legeek arautua)

1600 Amphitheatre Parkway
Mountain View, California, 94043
USA

Adin-eskakizunak

Ez baduzu betetzen Google-ko kontua zuk zeuk kudeatzeko adin-eskakizuna, guraso baten edo legezko tutore baten baimena beharko duzu Google-ko kontua erabili ahal izateko. Eskatu guraso bati edo legezko tutore bati baldintzak zurekin batera irakurtzeko.

Gurasoa edo legezko tutorea bazara eta haurrari zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen badiozu, baldintza hauek zeuri aplikatuko zaizkizu, eta zeu izango zara haurrak zerbitzuetan egiten dituen jardueren erantzulea.

Google-ren zerbitzu batzuek zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietan eta gidalerroetan azalduta dauden adin-eskakizun osagarriak dituzte.

Google-rekin duzun harremana

Baldintza hauetan Google-ren eta zure arteko harremana definitzen da. Labur esanda: baldintza hauek onartzen badituzu, gure zerbitzuak erabiltzeko baimena emango dizugu. Hain zuzen ere, baldintza hauetan, Google-ren enpresak nola funtzionatzen duen eta dirua nola irabazten dugun azaltzen da. "Google", "gu" edo "gure" hitzak erabiltzen ditugunean, Google LLC enpresaz eta haren bazkideez ari gara.

Guregandik espero dezakezuna

Zerbitzu lagungarri ugari eskaintzea

Baldintza hauen bidez arautzen diren zerbitzu ugari eskaintzen ditugu; besteak beste, hauek:
  • aplikazioak eta webguneak (hala nola Bilaketa eta Maps)
  • plataformak (Google Shopping, esaterako)
  • zerbitzu integratuak (adibidez, beste enpresa batzuen aplikazio edo webguneetan kapsulatuta dagoen Maps)
  • gailuak (adibidez, Google Nest)

Zerbitzu hauetako askok zuzenean erreproduzi daitekeen edukia edo eduki interaktiboa dute.

Gure zerbitzuak elkarrekin funtzionatzeko daude diseinatuta, jarduera batetik bestera errazago igaro ahal zaitezen. Adibidez, egutegiko gertaera batek helbide bat badu eta helbide hori sakatzen baduzu, Maps-ek iristeko jarraibideak erakutsiko dizkizu.

Google-ren zerbitzuak garatzea, hobetzea eta eguneratzea

Teknologia eta eginbide berriak garatzen ari gara etengabe, gure zerbitzuak hobetzeko asmoz. Adibidez, adimen artifiziala eta ikasketa automatikoa darabiltzagu aldibereko itzulpenak eskaintzeko, eta spama eta malwarea hobeto hauteman eta blokeatzeko. Etengabeko hobekuntza horien ildotik, batzuetan eginbide eta funtzioak gehitu edo kentzen ditugu, erabilera-mugak handitzen edo txikitzen ditugu, eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditugu, edo zaharrak eskaintzeari uzten. Zerbitzu batek deskarga daitekeen softwarea dakarrenean edo eskatzen duenean, batzuetan, softwarea automatikoki eguneratzen da gailuan, bertsio edo eginbide berriren bat erabilgarri dagoenean. Zerbitzu batzuek eguneratze automatikoen ezarpenak doitzeko aukera ematen dute.

Gure zerbitzuak erabiltzeko duzun moduari kalte egiten dioten aldaketa garrantzitsuak egiten baditugu edo zerbitzu bat eskaintzeari uzten badiogu, aldez aurretik emango dizugu horren berri, nahikoa denbora utzita. Premiazko egoeretan egingo da salbuespena; esaterako, erabilera okerrak saihesteko, lege-eskakizunei erantzuteko, edo segurtasun- edo funtzionamendu-arazoak konpontzeko. Halaber, aukera emango dizugu Google Takeout bidez edukia Google-ko kontutik esportatzeko, aplikagarriak diren lege eta gidalerroak gordeta.

Zugandik espero duguna

Baldintza hauei eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriei jarraitzea

Gure zerbitzuak erabiltzeko ematen dizugun baimenak aurrera jarraitzen du, baldin eta dokumentu hauetan ezarritakoa betetzen baduzu:

Halaber, onartu egingo duzu gure zerbitzuak erabiltzeko duzun moduari aplikatzen zaizkiola gure Pribatutasun-gidalerroak. Horrez gain, hainbat baliabide eskaintzen ditugu ohiko galderei erantzuteko eta gure zerbitzuen erabilerari buruzko ideia bat egin dezazun; besteak beste, Copyrightaren Laguntza-zentroa, Segurtasun-zentroa eta gidalerroen webgunean jasotako gure teknologien azalpenak.

Zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen dizugun arren, guretzat gordetzen ditugu zerbitzuen jabetza intelektualaren eskubide guztiak.

Besteak errespetatzea

Guztiontzat errespetuzkoa den giro bat nahi dugunez, beharrezkoa da oinarrizko jokabide-arau hauek betetzea:
  • Lege aplikagarriak bete, esportazio-kontrola, zigorrak eta pertsonen trafikoarekin lotutako arauak barne.
  • Besteen eskubideak errespetatu, pribatutasun-eskubideak eta jabetza intelektualaren eskubideak barne.
  • Erabilera okerrik ez egin edo kalterik ez sortu (ez nork bere buruari, ezta besteei ere), inor ez mehatxatu eta halako erabilera okerrik edo kalterik ez sustatu; esaterako, beste norbaiten plantak egin, iruzurra egin, identitatea legez kanpo ordeztu, iraindu, bullyinga egin, jazarri edo mehatxatu.
  • Zerbitzuen erabilera okerrik ez egin eta zerbitzuak ez kaltetu, oztopatu edo eten; esaterako, zerbitzuak iruzurrezkoak edo engainagarriak diren modu batean atzituta edo erabilita, haietan malwarea sartuta, haietara spama bidalita, zerbitzuok hackeatuta, edo gure sistemak edo babes-neurriak saihestuta. Bilaketa-emaitzak eskaintzeko sarea indexatzen dugunean, webguneen jabeek beren webguneetako kodean zehazten dituzten ohiko erabilera-murriztapenak errespetatzen ditugu; ondorioz, gauza bera eskatzen dugu beste batzuek gure zerbitzuak erabiltzen dituztenean.

Zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriek eta gidalerroek jokabide egokiei buruzko xehetasun gehiago eskaintzen dituzte; zerbitzuak erabiltzen dituen pertsona orok arau horiei jarraitu behar die. Ikusten baduzu norbaitek ez dituela errespetatzen arau horiek, erabilera okerrak salatzeko aukera izango duzu zerbitzu askotan. Erabilera okerreko salaketa baten ondorioz neurriak hartzen baditugu, Neurriak hartzea arazoak izanez gero klausulan zehaztutako prozesua eskainiko dugu.

Zure edukia erabiltzeko baimena

zure edukia kargatzeko, biltegiratzeko, bidaltzeko, jasotzeko edo partekatzeko aukera izan dezazun daude diseinatuta zenbait zerbitzu. Ez zaude derrigortuta gure zerbitzuei edukia ematera; eman nahi duzun edukia aukera dezakezu. Edukia kargatzen edo partekatzen baduzu, ziurtatu horretarako beharrezko eskubideak dituzula eta edukia legezkoa dela.

Lizentzia

Zure edukiak zeurea izaten jarraitzen du; hau da, edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak mantenduko dituzu. Adibidez, sortzen duzun sormenezko edukian, jabetza intelektualaren eskubideak dituzu, hala nola idazten dituzun iritzietan. Edo baliteke beste norbaiten sormenezko edukia partekatzeko eskubidea izatea, horretarako baimena eman badizute.

Jabetza intelektualaren eskubideak direla-eta zure edukia erabiltzeko mugak aplikatzen bazaizkigu, baimena eman beharko diguzu. Lizentzia honen bidez ematen diozu baimen hori Google-ri.

Zer hartzen da barne?

Lizentzia honek zure edukia hartzen du barne, baldin eta jabetza intelektualaren eskubideek babesten badute edukia.

Zer geratzen da kanpo?

  • Lizentzia honek ez die eragiten zure pribatutasun-eskubideei; jabetza intelektualaren eskubideei soilik eragiten die.
  • Eduki mota hauek ez ditu barne hartzen lizentzia honek:
    • Zuk emandako (eta publikoki ikusgai dagoen) informazio objektiboa, hala nola tokiko enpresa baten helbideari egindako zuzenketak. Informazio horrek ez du behar lizentziarik, askatasunez erabil daitekeen informazio arrunta delako.
    • Bidaltzen dituzun oharrak, hala nola gure zerbitzuak hobetzeko iradokizunak. Zerbitzuarekin erlazionatutako komunikazioak atalean jorratzen dira oharrak.

Esparrua

Lizentzia hau:
  • Mundu-mailakoa da; hau da, munduko edozein tokitan balio du.
  • Ez da esklusiboa; hau da, edukia beste norbaiti eman diezaiokezu.
  • Ez du egile-eskubiderik; hau da, ez du diru-komisiorik.

Eskubideak

Lizentzia honek honako hau egiteko aukera ematen dio Google-ri:

  • Zure edukia ostatatu, erreproduzitu, banatu, komunikatu eta erabili; esaterako, gure sistemetan gordetzeko eta edozein tokitatik atzitu ahal izateko.
  • Zure edukia argitaratu, publikoki aurkeztu edo bistaratu, besteentzat ikusgai jarri baduzu.
  • Zure edukia aldatu eta hartan oinarritutako lan eratorriak sortu (esaterako, formatua aldatuta edo testuak itzulita).
  • Eskubideon azpilizentzia hauei eman:
    • Beste erabiltzaile batzuei, zerbitzuak diseinatutako moduan funtziona dezaten; esaterako, aukeratzen dituzun pertsonekin argazkiak partekatzeko aukera emateko.
    • Baldintza hauen araberako kontratuak gurekin sinatu dituzten azpikontratatuei, beheko Helburua sekzioan azaltzen diren helburu mugatuetarako soilik.

Helburua

Lizentzia honek helburu mugatu hauek ditu:

  • Zerbitzuak prestatu eta hobetu; hau da, zerbitzuak diseinatutakoaren arabera funtzionarazi, eta eginbide eta funtzioak sortu. Horretarako, baliteke sistema automatizatuak eta algoritmoak erabiltzea edukia aztertzeko:
    • Spamerako, malwarerako eta legez kontrako edukirako.
    • Ereduak hautemateko datuetan; esaterako, Google Argazkiak zerbitzuan album bat sortzea iradokitzeko, antzekoak diren argazkiak batera bil daitezen.
    • Zerbitzuak pertsonalizatzeko, hala nola bilaketa-emaitza, eduki eta iragarki pertsonalizatuak, eta gomendioak eskaintzeko (Iragarkien ezarpenak atalean aldatu edo desaktiba ditzakezu).
    Analisi hau edukiak bidaltzen, jasotzen eta gordetzen diren bitartean gertatzen da.
  • Publikoki partekatu duzun edukia erabili, zerbitzuak sustatzeko xedeaz; adibidez, Google-ren aplikazio bat sustatzeko, agian idatzi duzun iruzkin bat aipatuko dugu, edo, Google Play sustatzeko, agian Play Store-n eskaintzen duzun aplikazioaren pantaila-argazki bat erakutsiko dugu.
  • Google-ren teknologia eta zerbitzuak sortu, baldintza hauek gordeta.

Iraupena

Edukia jabetza intelektualaren eskubideekin babestuta egon bitartean iraungo du lizentziak.

Lizentzia honek estaltzen duen edukiren bat zerbitzuetatik kentzen baduzu, gure sistemek eduki hori publikoki erabilgarri jartzeari utziko diote zentzuzko denbora tarte batean. Bi salbuespen daude:

  • Dagoeneko beste batzuekin partekatu baduzu edukia hura kendu baino lehen. Esate baterako, lagun batekin argazki bat partekatu baduzu eta lagun horrek kopia bat egin badu edo partekatu badu, baliteke argazkia zure lagunaren Google-ko kontuan agertzea, zuk zure Google-ko kontutik kendu arren.
  • Edukia beste enpresa batzuen zerbitzuen bidez jarri baduzu erabilgarri, baliteke bilatzaileek, Google Bilaketa barne, zure edukia bilatzen eta bistaratzen jarraitzea bilaketa-emaitzetan.

Google-ren zerbitzuak erabiltzea

Zure Google kontua

Adin-eskakizunak betetzen badituzu, Google-ko kontu bat sor dezakezu zuk zeuk erabiltzeko. Zerbitzu batzuk erabiltzeko, ezinbestekoa da Google-ko kontu bat izatea; adibidez, Gmail erabiltzeko, Google-ko kontu bat behar duzu mezu elektronikoak bidali eta jasotzeko.

Google-ko kontuarekin egiten duzunaren erantzulea zara, Google-ko kontua seguru mantentzeko arrazoizko neurriak hartzea barne. Hori dela eta, Segurtasun-egiaztapena noizean behin erabiltzea gomendatzen dizugu.

Google-ren zerbitzuak erabiltzea erakunde edo enpresa baten izenean

Hainbat erakundek erabiltzen dituzte gure zerbitzuak, hala nola enpresek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta ikastetxeek. Erakunde baten izenean gure zerbitzuak erabiltzeko:
  • Erakundearen ordezkari baimendu batek baldintza hauek onartu behar ditu.
  • Erakundearen administratzaile batek Google-ko kontu bat esleitu behar dizu. Administratzaileak arau gehigarriei jarraitzea eska diezazuke, eta zure Google-ko kontua atzitu edo desgaitzeko aukera izango du.

Zerbitzuarekin erlazionatutako komunikazioak

Zerbitzuak hornitu ahal izateko, batzuetan, zerbitzu-iragarpenak eta bestelako informazioa bidaltzen dizugu. Zurekin harremanetan jartzeko moduari buruzko informazio gehiago lortzeko, irakurri Google-ren Pribatutasun-gidalerroak.

Oharrak bidaltzen badizkiguzu (besteak beste, zerbitzuak hobetzeko iradokizunak), agian neurriak hartuko ditugu ohar horietan oinarrituta, zurekiko betebeharrik izan gabe.

Google-ren zerbitzuetako edukia

Zure edukia

Zerbitzu batzuek edukia publikoki erabilgarri jartzeko aukera ematen dizute. Adibidez, produktu edo jatetxe bati buruz idatzi duzun iritzia argitaratzeko aukera ematen dizute, edo zeuk sortutako blog-argitalpen bat kargatzeko aukera.

Norbait zure jabetza intelektualaren eskubideak urratzen ari dela uste baduzu, urratzearen jakinarazpena bidal diezagukezu, eta beharrezko neurriak hartuko ditugu. Esaterako, copyrighta behin baino gehiagotan urratzen dutenen Google-ko kontuak behin-behinean edo betiko itxiko ditugu, copyrightaren laguntza-zentroan azaldutakoari jarraikiz.

Google-ren edukia

Gure zerbitzu batzuek Google-ren edukia dute; adibidez, Google Maps-en ikusten dituzun ilustrazioetako asko. Google-ren edukia baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriek xedatutakoaren arabera erabil dezakezu, baina guretzat erreserbatzen ditugu edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak. Ez kendu, ilundu edo aldatu gure markarik, logotiporik, ezta lege-oharrik ere. Gure marka edo logotipoak erabili nahi badituzu, jo Google-ren markaren inguruko baimenak orrira.

Bestelako edukia

Bestalde, zenbait zerbitzuk beste pertsona edo erakunde batzuen edukia atzitzeko aukera ematen dizute; esaterako, denda-jabe baten enpresaren deskribapena edo Google Albisteak zerbitzuan bistaratutako aldizkari bateko artikulu bat. Ezin duzu erabili eduki hori pertsonaren edo erakundearen baimenik gabe, ez bada legeak beste nolabait hala onartzen duela. Beste pertsonen eta erakundeen edukian agertzen diren ikuspegiak haienak dira, eta ez dute zertan islatu Google-ren ikuspegia.

Softwarea Google-ren zerbitzuetan

Zenbait zerbitzuk deskarga daitekeen softwarea dute. Zerbitzu horien parte gisa, software hori erabiltzeko baimena ematen dizugu.

Lizentzia hau:
  • Mundu-mailakoa da; hau da, munduko edozein tokitan balio du.
  • Ez da esklusiboa; hau da, beste norbaiti ere eman diezaiokegu.
  • Ez du egile-eskubiderik; hau da, ez du diru-komisiorik.
  • Pertsonala da; hau da, ezin da beste norbaitekin partekatu.
  • Esleiezina da; hau da, ezin diozu beste inori esleitu.

Gure zerbitzuetako batzuek zure esku jartzen dugun kode irekiko lizentzien bidez emandako software bat dute. Batzuetan, kode irekiko lizentzietan, baldintza hauen zati batzuk berariaz baliogabetzen dituzten xedapenak daude; beraz, irakurri lizentzia horiek.

Ezin duzu kopiatu, aldatu, banatu, saldu edo alokatu gure zerbitzu edo softwareen ezein zati.

Arazoak edo desadostasunak izanez gero

Bermearen erantzukizun-ukatzea

Gure izen ona zerbitzu erabilgarri eta fidagarriak eskainiz eraiki dugu (esaterako, Google Bilaketa eta Maps), zeinak zure beharrizanak asetzeko etengabe hobetzen baititugu. Halere, lege-helburuetarako, bermerik gabe eskaintzen ditugu gure zerbitzuak, baldin eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietan esplizituki adierazten ez bada. Legeari jarraikiz, lege-hizkera zehatza eta maiuskulak erabiltzen ditugu hori azaltzeko; horrela, testua ikusten duzula ziurtatuko dugu, jarraian ageri den bezala:

LEGE APLIKAGARRIAK HALA ONARTZEN DUEN NEURRIAN, ZERBITZUAK "BEREN HORRETAN" ESKAINTZEN DITUGU, INOLAKO BERME ESPLIZITU EDO INPLIZITURIK GABE, MERKATURATZEKO BERMEA, HELBURU JAKIN BATERAKO EGOKITASUN-BERMEA ETA EZ-URRATZEEN BERMEA BARNE. ADIBIDEZ, EZ DUGU ZERBITZUEN EDUKIAREN EDO EGINBIDEEN INGURUKO BERMERIK ESKAINTZEN, HAIEN FIDAGARRITASUNA, ERABILGARRITASUNA EDO ZURE BEHARRIZANAK ASETZEKO GAITASUNA BARNE.

Erantzukizunak

Erabiltzaile guztientzat

Zuk edo Google-k arazoak izanez gero besteari eska diezaiokezuenaren arteko oreka lortu nahi dute legeak eta baldintza hauek. Horregatik, legeak zenbait erantzukizun mugatzeko aukera ematen digu (baina ez beste batzuk), baldintza hauei jarraikiz.

Baldintza hauek lege aplikagarriak baimentzen duenaren arabera mugatzen dituzte gure erantzukizunak. Baldintza hauek ez dute mugatzen zabarkeria larriagatiko edo asmo txarrez egindako jokabide desegokiagatiko erantzukizuna.

Lege aplikagarriak hala onartzen duen neurrian:
  • Baldintza hauek edo aplikagarriak diren zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak urratzen direnean soilik izango da Google erantzule.
  • Google ez da izango erantzule kasu hauetan:
    • Irabaziak, diru-sarrerak, aukera komertzialak, merkataritza-fondoak edo aurrezki aurreratuak galtzen direnean.
    • Zeharkako edo ondoriozko galerak daudenean.
    • Kalte zigorgarriak daudenean.
  • Baldintzotatik edo baldintzokin erlazionatuta eratorritako Google-ren erantzukizun osoa hauetako handienera mugatzen da: (1) $200 edo (2) auzia gertatu aurreko 12 hilabeteetan zerbitzu hori erabiltzeko ordaindu duzuna.

Enpresa-erabiltzaile eta erakundeetarako soilik

Enpresa-erabiltzaile edo erakunde bat bazara:

  • Lege aplikagarriak hala onartzen duen neurrian, Google-ri eta haren zuzendari, arduradun, langile eta azpikontratatuei kalteak ordainduko dizkiezu zerbitzuak legez kanpo erabiltzeagatik edo baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak urratzeagatik hirugarrenekin izandako edozein prozesu legalen truke (gobernu-agintaritzen ekintzak barne). Kalte-ordain horrek hauek estaltzen ditu: erreklamazio, galera, kalte, epai, isun, auzi-kostu eta zerbitzu-sari legaletatik eratorritako erantzukizun edo gastu oro.
  • Legezko erantzukizun batzuetatik salbuetsita bazaude, kalte-ordaina barne, erantzukizun horiek ez zaizkizu aplikatuko, baldintza hauei jarraikiz. Adibidez, Nazio Batuen Erakundeak immunitatea du legezko zenbait betebeharrekiko, eta baldintza hauek ez dute baliogabetzen immunitate hori.

Neurriak hartzea arazoak izanez gero

Behean azaldutakoari jarraikiz neurriak hartu aurretik, jakinarazpen bat bidaliko dizugu ahalik eta lasterren. Jakinarazpen horretan, neurriak hartzeko arrazoia azalduko dizugu, eta arazoa konpontzeko aukera emango. Salbuespen bat egingo dugu honako kasu hauetan:

  • Erabiltzaile bati, bitarteko bati edo Google-ri kalteak edo erantzukizunak ekarriko dizkio.
  • Legea edo agintari lege-betearazleen aginduak urratuko dira.
  • Ikerketa bat arriskuan jarriko da.
  • Gure zerbitzuen funtzionamendua, integritatea edo segurtasuna arriskuan jarriko da.

Zure edukia kentzea

Zure edukiak (1) baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak edo gidalerroak urratzen baditu, (2) lege aplikagarria urratzen badu edo (3) gure erabiltzaileei, hirugarrenei edo Google-ri kalte egiteko aukerarik badago, geuretzat erreserbatzen dugu eduki horren zati bat edo guztia ezabatzeko eskubidea, lege aplikagarriaren arabera. Horren adibide dira haurren pornografia, pertsonen trafikoa edo jazarpena errazten duten edukiak, eduki terrorista eta beste pertsona baten jabetza intelektualaren eskubideak urratzen dituzten edukiak.

Google-ren zerbitzuetatik behin-behinean kanpo uztea edo haietarako sarbidea amaitzea

Google-k beretzat erreserbatzen du zerbitzuetarako sarbidea behin-behinean ixteko edo deuseztatzeko eskubidea, edo Google-ko kontua ezabatzekoa, egoera hauetako bat gertatzen bada:

  • baldintza hauek, _zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak edo gidalerroak behin eta berriz urratzen badituzu.
  • Hala egin behar badugu lege-eskakizunak edo epai-aginduak betetzeko.
  • Zure jokabideak kalteak edo erantzukizunak sortzen badizkie erabiltzaileei, hirugarrenei edo Google-ri; esaterako, hackeatzea, phishinga egitea, jazartzea, besteak engainatzea edo zurea ez den edukia erauztea.

Kontuak desgaitzeko arrazoiei eta kontuak desgaitzen ditugunean gertatzen denari buruzko informazio gehiago lortzeko, ikusi laguntza-zentroaren orri hau. Uste baduzu Google-ko kontua akats baten ondorioz itxi dizugula (behin-behinean edo behin betiko), ihardespen bat aurkez dezakezu.

Edozein unetan utz diezaiokezu gure zerbitzuak erabiltzeari. Zerbitzu bat erabiltzeari uzten badiozu, eskertuko genizuke zergatia azaltzea, zerbitzuak hobetzen jarrai dezagun.

Gatazkak konpontzea, legedi aplikagarria eta auzitegiak

Google-rekin harremanetan jartzeko moduei buruzko informazioa eskuratzeko, bisitatu gure harremanetarako orria.

Kaliforniako legeak arautuko ditu baldintza hauetatik edo haiekin erlazionatuta, zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietatik edo erlazionatutako edozein zerbitzutatik sortutako gatazka guztiak, lege arteko gatazken arauak edozein direla ere. Gatazkak Kaliforniako (AEB) Santa Clara eskualdeko auzitegi federaletan edo estataletan soilik ebatziko dira, eta zuk eta Google-k auzitegiotako jurisdikzioa onartu egiten duzue eremu pertsonalari dagokionez.

Baldintza hauei buruz

Legez, Zerbitzu-baldintza hauek eta antzeko kontratuek muga ezin ditzaketen zenbait eskubide dituzu. Baldintza hauen helburua ez da inondik ere eskubide horiek mugatzea.

Baldintza hauek zure eta Google-ren arteko harremana azaltzen dute. Ez diete sortzen inolako legezko eskubiderik beste pertsona edo erakunde batzuei, baldintza hauen arabera haiek abantailak badituzte ere harreman horregatik.

Baldintzak erraz uler daitezen, gure zerbitzuetako adibideak erabili ditugu. Hala ere, baliteke aipatutako zerbitzu guztiak ez egotea erabilgarri zure herrialdean.

Baldintza hauen eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrien artean gatazkarik balego, zerbitzuaren baldintza gehigarriak gailenduko dira.

Ezin bada betearazi baldintza jakin bat, horrek ez die eragingo gainerako baldintzei.

Ez badiezu jarraitzen baldintza hauei edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriei, guk neurriak berehala ez hartzeak ez du esan nahi ditugun eskubideei uko egiten diegunik; hain zuzen ere, neurriak aurrerago ere hartu ahal izango ditugu.

Hiru arrazoi hauengatik eguneratuko dira baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak: (1) zerbitzuetan eta negozioak egiteko dugun moduan izandako aldaketak erakusteko (adibidez, zerbitzu, eginbide, teknologia, prezio edo abantaila berriak gehitzen edo aurrekoak kentzen ditugunean); (2) legezko edo segurtasunezko arrazoiengatik, edo (3) erabilera okerrak edo kalteak saihesteko.

Baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak nabarmen aldatzen baditugu, aurrez emango dizugu horren berri eta aldaketak berrikusteko aukera emango dizugu, kasu hauetan salbu: (1) zerbitzu edo eginbide berri bat kaleratzen dugunean edo (2) premiazko egoeretan, hala nola etengabeko erabilera okerra saihesteko edo lege-eskakizunei erantzuteko. Ez bazaude ados baldintza berriekin, zure edukia kendu beharko duzu, eta zerbitzuak erabiltzeari utzi beharko diozu. Nahi duzunean amai dezakezu gurekin duzun harremana Google-ko kontua itxita.

Definizioak

Bazkidea

Google-ren enpresa taldeko kide diren entitateak (hau da, Google LLC eta haren filialak), Europar Batasunean kontsumitzaileentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa hauek barne: Google Ireland Limited, Google Commerce Limited eta Google Dialer Inc.

Bermea

Produktu edo zerbitzu batek estandar jakin baten arabera funtzionatuko duela ziurtatzen duen bermea.

Bezeroa

Google-ren zerbitzuak sektoretik, enpresatik edo lanbidetik kanpoko helburu pertsonal eta ez-komertzialetarako erabiltzen dituen banakoa. (Ikusi enpresa-erabiltzailea)

Legezko eskubide bat, zeinaren bidez jatorrizko lan baten sortzaileak (blog, argazki edo bideo bat, adibidez) erabaki ahal duen beste pertsona batzuek jatorrizko lan hori erabil dezaketen eta nola, muga eta salbuespen batzuekin (esaterako, "bidezko erabilera" eta "bidezko tratamendua").

Enpresa-erabiltzailea

Bezeroa ez den banako edo entitate bat (ikusi Bezeroa).

Erakundea

Legezko erakunde bat (korporazio bat, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat edo ikastetxe bat) eta ez gizabanako bat.

Erantzukizun-ukatzea

Norbaiten legezko erantzukizunak mugatzen dituen adierazpena.

Erantzukizuna

Edozein motatako legezko erreklamazioek eragindako galerak, erreklamazioa kontratu batean, irainean (zabarkeria barne) edota bestelako arrazoi batean oinarrituta dagoela ere eta kontuan hartu gabe galera horiek aurrerapen nahikoarekin aurreikustea posible ote zen.

herrialdeko bertsioa

Google-ko kontu bat badaukazu, kontu hori herrialde edo lurralde batekin erlazionatzen dugu hauek zehaztu ahal izateko:

  • Zerbitzuak eskaintzen dizkizun eta haiek erabili ahala zure informazioa prozesatzen duen Google-ren bazkidea.
  • Gure arteko harremana arautzen duten baldintzen bertsioa.

Saiorik hasita ez daukazunean, Google-ren zerbitzuak zer kokapenetatik erabiltzen ari zaren begiratzen dugu zer herrialdetako bertsioa dagokizun zehazteko. Kontu bat badaukazu, saioa has dezakezu, eta baldintzak ikusi, kontua zer herrialderekin erlazionatu den jakiteko.

Jabetza intelektualaren eskubideak

Pertsona baten sorkuntzen gaineko eskubideak; esaterako, asmakuntzak (patente-eskubideak), literatura-lanak eta artelanak (copyrighta), eta merkataritzan erabiltzen diren sinboloak, izenak eta irudiak (marka komertzialak). Baliteke jabetza intelektualaren eskubideak zureak, banako batenak edo erakunde batenak izatea.

Kalteak ordaintzea edo kalte-ordainak

Banako edo erakunde baten kontratuko betebeharretako bat, beste banako edo erakunde batek prozedura legalen ondorioz –esaterako, auzien ondorioz– izandako galerak ordaintzeari buruzkoa.

Marka komertziala

Merkataritzan erabiltzen diren sinbolo, izen eta irudiak, zeinen bidez bata bestearengandik bereizten baitira banako edo erakundeen ondasun edo zerbitzuak.

Zerbitzuak

https://policies.google.com/terms/service-specific helbidean zerrendatutako produktuak eta zerbitzuak dira Google-ren zerbitzuak, hauek barne:

  • aplikazioak eta webguneak, hala nola Bilaketa eta Maps
  • plataformak (esaterako, Google Shopping)
  • zerbitzu integratuak (adibidez, beste enpresa batzuen aplikazio edo webguneetan kapsulatuta dagoen Maps),
  • gailuak eta beste produktu batzuk (esaterako, Google Nest)

Zerbitzu hauetako askok zuzenean erreproduzi daitekeen edukia edo eduki interaktiboa dute.

Zure edukia

Google-n sortzen, kargatzen, bidaltzen, gordetzen edo jasotzen dituzun edo harekin partekatzen dituzun gauzak, hala nola:

  • Sortzen dituzun dokumentuak, kalkulu-orriak eta aurkezpenak.
  • Blogger bidez kargatutako blog-argitalpenak.
  • Maps zerbitzuaren bidez bidaltzen dituzun iritziak.
  • Drive-n gorde dituzun bideoak.
  • Gmail bidez bidali eta jasotzen dituzun mezu elektronikoak.
  • Argazkiak zerbitzuaren bidez lagunekin partekatzen dituzun argazkiak.
  • Google-rekin partekatzen dituzun bidaia-ibilbideak.
Google-ren aplikazioak
Menu nagusia