Iragarkiak

Publizitateari esker, doan dira Google eta erabiltzen dituzun webgune eta zerbitzu asko. Gogor egiten dugu lan iragarkiak seguruak direla, trabarik sortzen ez dutela eta ahalik eta egokienak direla ziurtatzeko. Adibidez, ez duzu ikusiko iragarki gainerakorrik Google-n, eta urtero ixten ditugu gure gidalerroak urratzen dituzten ehun milaka argitaratzaile eta iragarleren kontuak; besteak beste, malwarea duten iragarkiak, produktu faltsuen iragarkiak eta zure informazio pertsonala oker erabiltzen saiatzen diren iragarkiak argitaratzen dituztenak.

Google-k publizitatean cookieak nola erabiltzen dituen

Cookieekin publizitatea askoz eraginkorragoa bilakatzen da sarean. Cookierik gabe, iragarleek lanak izaten dituzte hartzaileenganaino iristeko, eta ezin izaten dute jakin beren iragarkiak zenbat aldiz ikusi diren edo iragarkietan zenbatek egin duten klik.

Webgune asko, hala nola, albisteak dituztenak eta blogak, Google-ren bazkide egiten dira bisitariei iragarkiak erakusteko. Gure bazkideekin lan eginda, cookieak hainbat helburutarako erabil ditzakegu, adibidez, iragarki bera behin eta berriro ikustea ekiditeko, klik egitean iruzurrera daramaten iragarkiak detektatzeko eta gelditzeko, eta egokiagoak izateko aukera gehiago dituzten iragarkiak erakusteko (adibidez, bisitatu dituzun webguneetan oinarritutako iragarkiak).

Hornitzen ditugun iragarkien kopiak gordetzen ditugu gure egunkarietan. Zerbitzari-egunkarietan datu hauek gorde ohi dira: web-eskaera, IP helbidea, arakatzaile mota, arakatzailearen hizkuntza, eskaeraren data eta ordua, eta zure arakatzailea modu esklusiboan identifikatuko duen cookie bat edo gehiago. Datu horiek arrazoi desberdinengatik gordetzen ditugu, batez ere, gure zerbitzuak hobetzeko eta gure sistemak seguru mantentzeko. Egunkarietako datuak anonimoki gordetzen dira IP helbidearen zati bat ezabatuta (9 hilabeteren ondoren) eta cookieei buruzko informazioa kenduta (18 hilabeteren ondoren).

Gure publizitatearen cookieak

Gure bazkideei euren publizitatea eta webguneak kudeatzen laguntzeko, produktu asko eskaintzen ditugu, besteak beste, AdSense, AdWords, Google Analytics eta DoubleClick markadun zerbitzu sorta. Google-ren zerbitzuetan edo gure beste gune edo aplikazio batzuetan produktu horietako bat erabiltzen duen orriren bat edo iragarkiren bat bisitatu edo ikusten duzunean, baliteke hainbat cookie bidaltzea arakatzailera.

Hainbat domeinutatik bidaliko dira (adibidez, google.com, doubleclick.net, googlesyndication.com, googleadservices.com edo bazkideen guneen domeinuak). Gure zerbitzuekin batera, beste zerbitzu batzuk erabiltzea ahalbidetzen diete gure bazkideei gure publizitate-produktu batzuek (iragarkiak sortzeko eta txostenak egiteko zerbitzua, adibidez), eta zerbitzu horiek beren cookieak bidaltzen dituzte arakatzailera. Cookie horiek beren domeinuetatik ezarriko dira.

Ikusi xehetasun gehiago gure bazkideek eta Google-k erabilitako cookie motei buruz, eta haiek erabiltzeko moduari buruz.

Publizitatearen cookieak nola kontrola ditzakezun

Iragarkien ezarpenak atalean, ikusten dituzun Google iragarkiak kudea ditzakezu eta iragarkien pertsonalizazioa ez erabiltzea aukeratu. Azken aukera hori egiten baduzu ere, beste faktore batzuk erabiliko dira erakusten zaizkizun iragarkiak pertsonalizatzeko, hala nola IP helbideak emandako kokapen orokorra, arakatzaile mota eta bilaketetan erabili dituzun hitzak.

Halaber, sareko publizitaterako erabiltzen diren enpresa askoren cookieak kudea ditzakezu. Hori egiteko, kontsumitzaileentzako aukeren tresnak eskaintzen dituzte hainbat herrialdetako programa batzuek. Norberak arautzeko moduan daude diseinatuta programa horiek. AEBn, aboutads.info/choices erabil dezakezu, eta, EBn, Your Online Choices.

Azkenik, cookieak arakatzailean kudea ditzakezu.

Publizitatean erabilitako bestelako teknologiak

Google-ren publizitate-sistemek bestelako teknologiak ere erabil ditzakete, besteak beste, Flash eta HTML5, iragarki-formatu interaktiboak bistaratzeko. Era berean, IP helbidea erabil dezakegu, adibidez, kokapen orokorra hautemateko. Gainera, zure ordenagailu edo gailuari buruzko informazioa, esaterako, gailuaren modeloa, arakatzaile mota edo gailuko sentsoreak (azelerometroa, etab.) erabil dezakegu iragarkiak hautatzeko.

Kokapena

Hainbat iturburu erabiltzen dituzte Google-ren publizitate-zerbitzuek zure kokapena jaso edo ondorioztatzeko. Esaterako, IP helbidea gutxi gorabehera non zauden jakiteko erabiltzen dugu; zure mugikorrak uneko kokapen zehatzaren berri ematen digu; zure kokapena egiten dituzun bilaketetan oinarrituta ondorioztatzen dugu; edo baliteke zure kokapenaren berri ematea erabiltzen dituzun webgune eta aplikazioek. Informazio demografikoa ondorioztatzeko, iragarki esanguratsuagoak erakusteko, iragarkien eraginkortasuna neurtzeko eta iragarleei estatistika bateratuen berri emateko erabiltzen ditu Google-k kokapenari buruzko datuak publizitate-zerbitzuetan.

Aplikazio mugikorretako publizitate-identifikatzaileak

Cookie-teknologiarik ez duten zerbitzuetan (esaterako, mugikorretarako aplikazioetan) cookieen antzeko funtzioak gauzatzen dituzten teknologiak erabiltzen ditugu. Batzuetan, gailu bereko publizitate-cookie bati lotzen dio Google-k mugikorretarako aplikazioetako publizitatean erabiltzen den identifikatzailea: horrela, koordinatu egin ditzake mugikorretarako aplikazioen eta arakatzaileen iragarkiak. Hori gerta daiteke, adibidez, aplikazio batean iragarki bat ikusten baduzu eta aplikazio horrek web-orri bat abiarazten badu mugikorreko arakatzailean. Horrela, hobetu egin ditzakegu iragarleei haien kanpainen eraginkortasunaren berri ematen dieten txostenak.

Telefono mugikorreko aplikazioetan iragarki pertsonalizatuak jasotzeari uzteko, jarraitu honako argibide hauei.

Android

  1. Bilatu Google Ezarpenak toki hauetako batean (gailuaren arabera):
    1. Google Ezarpenak izeneko aplikazio bereizia.
    2. Ezarpenak aplikazio nagusian, egin behera eta sakatu Google.
  2. Sakatu Iragarkiak.
  3. Aktibatu Ez erabili interesetan oinarritutako iragarkiak.

iOS

Apple-ren Advertising Identifier erabiltzen dute iOS sistema eragilea duten gailuek. Identifikatzaile hori erabiltzeko dituzun aukerei buruzko informazio gehiago lortzeko, joan gailuko Ezarpenak aplikaziora.

Nola zehazten dira Google-k erakusten dizkidan iragarkiak?

Erabaki asko hartu behar dira ikusten dituzun iragarkiak zehazteko.

Batzuetan, uneko edo iraganeko kokapenaren araberakoa da ikusten duzun iragarkia. IP helbidea erabiltzen da zure gutxi gorabeherako kokapena zehazteko. Horrela, baliteke zure herrian laster estreinatuko den film baten iragarkia ikustea YouTube.com guneko orri nagusian, edo, "pizza" bilatzen baduzu, zure herriko pizzerien emaitzak lortzea.

Besteetan, ikusten duzun iragarkia unean zauden orriaren araberakoa da. Lorezaintzari buruzko orri bat ikusten ari bazara, agian lorezaintza-tresnei buruzko iragarkiak ikusiko dituzu.

Batzuetan, aplikazioetako jardueretan edo Google-ren zerbitzuetako jardueretan oinarritutako iragarkiak ikusiko dituzu sarean, edo sareko jardueretan oinarritutako iragarkiak aplikazioetan, edo beste gailuren bateko jardueretan oinarritutako iragarkiak.

Eta beste batzuetan, orrietan ikusten dituzun iragarkiak Google-k hornitzen ditu baina beste enpresa batek hautatu. Adibidez, demagun egunkari baten webgune batean erregistratu zarela. Egunkariari eman diozun informazioan oinarrituta, erakutsiko dizkizun iragarkiei buruzko erabakiak har ditzake enpresa horrek, eta Google-ren iragarki-horniketa produktuak erabil ditzake iragarkiak erakusteko.

Google produktuetan eta zerbitzuetan ere ikusiko dituzu iragarkiak, besteak beste, Bilaketa, Gmail eta YouTube zerbitzuetan. Askotariko informazioa egon daiteke iragarkion oinarrian, hala nola iragarleei eman diezun helbide elektronikoa, baldin eta haiek gero Google-rekin partekatu badute.

Zergatik ari zait Google nik ikusitako produktu bati buruzko iragarkiak erakusten?

Baliteke aurretik ikusitako produktuei buruzko iragarkiak ikustea. Demagun golf-makilak saltzen dituen webgune bat bisitatu duzula, baina ez duzula makilarik erosi lehen bisita horretan. Zu bertara itzultzea eta erosketa bat egitea nahi izan dezake webgunearen jabeak. Horretarako, beren orriak lehendik bisitatu dituzten pertsonei iragarkiak bideratzeko zerbitzuak eskaintzen dizkie Google-k webguneen kudeatzaileei.

Horrek funtziona dezan, arakatzailean lehendik duzun cookie bat irakurtzen du Google-k, edo, golfari buruzko gune batean sartzen zarenean, cookie bat ezartzen dizu arakatzailean (arakatzaileak hori egiteko baimena ematen badu).

Google-rekin lan egiten duen beste guneren batera joaten zarenean ere, nahiz eta gune hori golfari buruzkoa ez izan, golf-makilei buruzko iragarkiak erakusten jarraitzen dugula ikus dezakezu. Arakatzaileak Google-ri cookie hori bidaltzen diolako gertatzen da hori. Eta Google-k golf-makila horiek erostera anima zaitzakeen iragarki bat hornitzeko erabiltzen du informazio hori.

Era berean, Google-n golf-makilak bilatzen dituzun hurrengoan, golfari buruzko webgune hari egindako bisita erabiliko du Google-k iragarki pertsonalizatuak erakusteko.

Halere, baditugu iragarki mota honen inguruko murriztapenak. Adibidez, debekatu egiten diegu iragarleei kontuzko informazioaren arabera hautatzea hartzaileak, hala nola osasunaren edo erlijioaren inguruko informazioa erabilita.

Lortu informazio gehiago Google iragarkiei buruz.