Nola erabiltzen du Google-k kokapen-informazioa?

Zergatik erabiltzen du Google-k kokapen-informazioa?

Google Pribatutasun-gidalerroak dokumentuan azaltzen da nola tratatzen dugun Google produktu eta zerbitzuak erabiltzen dituzunean bildutako informazioa, kokapen-informazioa barne. Jasotzen dugun kokapen-informazioa zertan datzan sakonago azaltzen du orriak, baita datu horiek nola kontrola ditzakezun ere.

Eginbide eraginkor eta esanguratsuak eskaintzea du Google-k helburu, eta kokapen-informazioa oso garrantzitsua da horretarako. Kokapenari esker, zerbitzu egokiagoak eta baliagarriagoak eskaintzen ditu Google-k, hala nola gidatzeko jarraibideak ematean, bilaketa-emaitzetan inguruan dituzun gauzak agertzen direla ziurtatzean edo jatetxe jakin bat beteta egoten den orduak adieraztean. Produktuen oinarrizko eginbide batzuk eskaintzeko ere balio du kokapen-informazioak; esaterako, webguneak hizkuntza egokian bistaratzeko edota Google zerbitzuak babestuta mantentzeko.

Nola daki Google-k non nagoen?

Erabiltzen dituzun produktuen eta aukeratzen dituzun ezarpenen arabera, hainbat motatako kokapen-informazioa emango diozu Google-ri. Zerbitzu batzuek ongi funtzionatzeko behar dute informazio hori; beste batzuek, berriz, zuretzat baliagarriagoak izateko. Unean uneko datuetatik jaso daiteke kokapena (esaterako, IP helbidetik edo gailuaren kokapenetik), baina baita Google-ren webgune eta zerbitzuetan egin dituzun jardueretatik ere, eginbideak zure egoerara egokitu ahal izateko. Behean, kokapen-informazioa lortzeko erabiltzen ditugun era nagusiak azaltzen dira.

Gailuaren IP helbidean oinarrituta

Internet protokoloaren (IP) helbideak Interneten funtsezko osagaietako bat dira. Gailu bat Internetera konektatzen den bakoitzean, IP helbide bat esleitzen zaio. Webgune batek zure ordenagailura zerbait bidali behar badu (esaterako, Google-n egin duzun bilaketa baten emaitzak), IP helbidea behar du, informazioa ordenagailu egokira bidali ahal izateko. IP helbideek oinarri geografikoa dute neurri batean; beraz, gailu baten gutxi gorabeherako kokapena kalkulatzeko erabil daitezke. Interneteko beste zerbitzu askok bezalaxe, Google-k ere oinarrizko zerbitzu batzuk eskaintzeko erabil dezake kokapen-informazio hori (gailutik kokapenaren informazio zehatzik jasotzen ez duen arren). Esaterako, gure zerbitzuak zein herrialdetatik erabiltzen dituzun jakinda, ezohiko jarduerak hauteman ditzakegu kontuan, baldin eta espero ez dugun tokiren batetik hasten bada saioa bertan.

Jardueretan oinarrituta

Gure zerbitzuak erabiltzen zoazen heinean, beharbada toki batean interesa duzula ondorioztatuko dugu, gailuak zehazki non zauden esaten ez digun arren. Adibidez, "kafetegiak Parisen" bilatzen baduzu, baliteke Paris inguruan dauden tokiak ikusi nahi dituzula ondorioztatzea eta bertako kafetegien emaitzak erakustea. Ezarpenen arabera, halako informazioa kontuan gordeko da, eta, gero, beste bilaketaren bat egiten duzunean, Parisen jarraitzen duzun edo ez erabakitzeko erabiliko.

Gordetako tokietan oinarrituta

Era berean, zuretzat garrantzitsuak diren tokiak zeintzuk diren esan diezagukezu, hala nola non duzun etxea edo lantokia. Hori eginez gero, azkarrago lortu ahal izango dituzu jarraibideak, etxeko eta laneko helbideak automatikoki beteko baitira. Ematen dizkizugun emaitzak egokitzeko ere erabil daiteke informazio hori. Lortu informazio gehiago

Gailuetan oinarrituta

Gailuaren kokapenaren araberako eginbide baliagarriak eskaintzeko baimena eman diezaiekezu Google-ri eta beste aplikazio batzuei. Esaterako, lagunekin elkartzekoa bazara eta berandu bazabiltza, komenigarria da nahi duzun tokira joateko biderik bizkorrena erakusten dizun nabigazio-aplikazioren bat erabiltzea. Urratsez urratseko jarraibideak lortzeko, gailuaren kokapena aktibatu beharko duzu eta hura atzitzeko baimena eman beharko diozu aplikazioari.

Android gailuaren kokapena aktibatzen baduzu, nabigazioa, aplikazio bati uneko kokapenerako sarbidea emateko eginbidea, telefonoa bilatzeko eginbidea eta antzekoak erabil ditzakezu. Era berean, gailuaren kokapena zein aplikaziok atzi dezaketen hauta dezakezu: aplikazio bakoitzari baimena emateko edo kentzeko aukera errazak dituzu. Aplikazioei (Google aplikazioak barne) gailuaren kokapena erabiltzeko baimena ematen diezunean, aplikazio horien eskura jartzen dira datuak. Android-en, aplikazio batek telefonoaren GPS bidezko kokapena erabiltzeko eskatzen duenean, pantailaren goiko aldean Kokapena agertuko da. Lortu informazio gehiago

Google Kokapen-zerbitzuak

Android gailu gehienetan, Google-k, sareko kokapenaren hornitzailea denez, "Google Kokapen-zerbitzuak" (GLS) deituriko zerbitzu bat eskaintzen du, Android 9 sisteman "Google Kokapenaren zehaztasuna" deritzona. Gailuaren kokapen zehatzagoa eskaintzea da zerbitzu horren helburua, baita kokapenen zehaztasuna orokorrean hobetzea ere. Telefono mugikor gehienek GPS sistema bat dute. Sistema horrek satelite batzuek bidalitako seinaleak erabiltzen ditu gailuaren kokapena hautemateko. Google Kokapen-zerbitzuak eginbideak, berriz, informazio gehigarria biltzen du inguruko wifi-sareetatik, sare mugikorretatik eta gailuaren sentsoreetatik gailuaren kokapena hautemateko. Horretarako, gailuko kokapen-datuak biltzen ditu aldian-aldian, eta modu anonimoan erabiltzen kokapenaren zehaztasuna hobetzeko.

Gailuaren kokapen-ezarpenetara joanda desgai dezakezu Google Kokapen-zerbitzuak eginbidea. Gailuaren kokapenak funtzionatzen jarraituko du GLSa desaktibatu arren, baina gailuak GPS sistema besterik ezingo du erabili beharrezko baimena duten aplikazioetarako gailuaren kokapena kalkulatu ahal izateko. Google Kokapen-zerbitzuak eginbidea eta gailuaren kokapen-ezarpenak ez dira gauza bera. Lortu informazio gehiago

Kokapena zehazteko gailuaren sentsoreak (esaterako, GPSa) edo sarean oinarritutako kokapena (adibidez, GLSa) erabiltzen diren kontrolatzen dute Android sistemako ezarpenek eta baimenek, baita kokapena zein aplikaziok atzi dezaketen ere. Ezarpen eta baimen horiek ez dute eraginik aplikazioek kokapena hautemateko erabiltzen dituzten beste datuen erabileran; adibidez, IP helbidearen, egin dituzun jardueren edo gorde dituzun tokien erabileran.

Nola gordetzen da kokapena Google kontuan?

Erabiltzen dituzun Google produktu eta zerbitzuen eta konfiguratuta dituzun ezarpenen arabera, agian Google kontuan gordeko du Google-k kokapen-informazioa. Nagusiki Kokapen-historia eta Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenetan gordetzen da informazio hori.

Google-ren Kokapen-historia

Kokapen-historia erabiltzea aukeratzen baduzu eta gailuak kokapenaren berri ematen badu, kontuan saioa hasita duten gailuen kokapen zehatza bildu eta gordeko da, Google produktu edo zerbitzuren bat aktiboki erabiltzen ari ez bazara ere. Horri esker, kronologia sortzen da. Kronologiak Kokapen-historia ezarpenaren datuak biltzen ditu, eta Google-n etorkizunean jasoko dituzun gomendioak hautatzeko erabil daiteke. Kronologian gordetakoa berrikusi, editatu eta ezabatu egin dezakezu.

Kokapen-historia aktibatuta, eginbide pertsonalizatuagoak lortuko dituzu Google-n: jatetxeak bilatzen dituzunean, aurretik bisitatu dituzun jatetxeen araberako iradokizunak emango dizkizu Google Maps-ek; etxera edo lanera joateko ordurik komenigarriena iradokiko zaizu denbora errealean trafikoaren arabera; eta bisitatu dituzun tokien araberako albumak sortuko dizkizu automatikoki Google Argazkiak zerbitzuak.

Kokapen-historia aktibatuta duzun jakiteko, joan Jarduerak kontrolatzeko aukerak atalera. Agian saioa hasteko eskatuko dizu sistemak. Hori egin ostean, aukera hori aktibatuta dagoen ikus dezakezu. Kokapen-historia ezarpenean datu berriak biltzea pausa dezakezun arren, aurretik bildutako datuek gordeta jarraituko dute ezabatzen dituzun arte. Lortu informazio gehiago

Kokapen-historia ezarpeneko datuak ezabatzen badituzu ere, baliteke kokapen-datu batzuk beste tokiren batean gordeta geratzea; esaterako, Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenean.

Sareko eta aplikazioetako jarduerak

Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpena gaituta badago, egiten dituzun bilaketak eta beste Google zerbitzu batzuetan egiten dituzun jarduerak gorde egiten dira Google kontuan. Baliteke Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenean gordetako jarduerek kokapen-informazioa ere izatea. Esaterako, Bilaketa zerbitzuan "eguraldia" idazten baduzu eta tokiko eguraldiaren emaitzak jasotzen badituzu, jarduera hori eta emaitza emateko erabilitako kokapena gordeko dira Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenean. Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenean erabili eta gorde den kokapena lortzeko, gailuaren IP helbidea, zuk lehenago egindako jarduerak edo gailua bera (bertako kokapen-ezarpenak aktibatu badituzu) erabil daitezke.

Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpena aktibatuz gero, bilaketa-emaitza baliagarriagoak, iragarki egokiagoak eta iradokizun pertsonalizatuagoak eman ahal izango dizkizugu; adibidez, aurretik egindako bilaketetan oinarrituta uneko bilaketa automatikoki iradoki diezazukegu. Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenak jasotakoa berrikusi eta ezabatu egin dezakezu, edo Google konturako pausatu. Pausatuz gero, utzi egingo zaio beste Google zerbitzuetan egiten dituzun bilaketak eta jarduerak gordetzeari. Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpeneko datuak ezabatzen badituzu ere, baliteke kokapen-datu batzuk beste tokiren batean gordeta geratzea; esaterako, Kokapen-historia ezarpenean.

Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpena aktibatuta duzun jakiteko, joan Jarduerak kontrolatzeko aukerak atalera. Agian saioa hasteko eskatuko dizu sistemak. Hori egin ostean, aukera hori aktibatuta dagoen ikus dezakezu. Lortu informazio gehiago

Nola erabiltzen da kokapena iragarkiak bistaratzeko?

Zure kokapen orokorraren arabera bistara daitezke iragarkiak. Gailuaren IP helbidean oinarritu daiteke kokapen hori, besteak beste. Iragarkiak pertsonalizatzeko konfiguratu dituzun ezarpenen arabera, baliteke Google kontuan gordeta dituzun jardueretan oinarritutako iragarkiak ere ikustea; adibidez, Sareko eta aplikazioetako jarduerak ezarpenean gordetako jardueretan oinarritutakoak. Jarduera horiek iragarki baliagarriagoak bistaratzeko erabil daitezke. Beste adibide bat: Kokapen-historia gaituta baduzu eta askotan joaten bazara eskiatzera, baliteke gero eskiatzeko ekipamenduari buruzko iragarki bat ikustea YouTube-ko bideoak ikusten ari zarenean. Halaber, Google-k Kokapen-historia ezarpenaren anonimo bihurtutako datuak erabiltzen ditu modu multzokatuan (hori aukeratu duten erabiltzaileen kasuan) iragarleei neurketak egiten laguntzeko; horrela, Interneteko iragarki-kanpaina batek denda edo egoitza fisikora trafikoa zer maiztasunekin bideratzen duen jakingo dute iragarleek. Ez dugu partekatzen ez Kokapen-historia ezta zu identifikatzeko balio duen informaziorik ere iragarleekin.

Google kontuan gordetzen diren datuak kontrola ditzakezu eta iragarki pertsonalizatuak desaktibatzeko aukera duzu. Iragarkien pertsonalizazioa desaktibatuta dagoenean, Google-k ez ditu erabiltzen Google kontuan gordeta dituzun datuak iragarki egokiagoak bistaratzeko.