Nola erabiltzen ditu Google-k cookieak?

Google-k erabiltzen dituen cookie motak eta antzeko teknologiak deskribatzen dira orri honetan. Google-k eta gure bazkideek publizitatean cookieak nola erabiltzen dituzten ere azaltzen da bertan.

Bisitatzen dituzun webguneek arakatzailera bidaltzen dituzten testu zati motzak dira cookieak. Haiei esker, zure bisitari buruzko informazioa gogoratzen du webguneak; horrela, zure hurrengo bisita errazagoa izango da, eta webgunea, lagungarriagoa. Antzeko teknologiak (adibidez, aplikazio edo gailu bat identifikatzeko erabiltzen diren identifikatzaile esklusiboak; pixel-etiketak, eta tokiko biltegiratzea) ere erabil daitezke helburu horietarako. Orri honetan deskribatutako cookieak eta antzeko teknologiak ondoren azaltzen diren helburu hauetarako erabil daitezke.

Irakurri Pribatutasun-gidalerroak cookieak eta bestelako informazioa erabiltzen ditugunean zure pribatutasuna nola babesten dugun hobeto ulertzeko.

Google-k erabiltzen dituen cookie motak eta antzeko teknologiak

Behean deskribatutako cookie edo antzeko teknologia batzuk edo guztiak arakatzailean, aplikazioan edo gailuan biltegiratuko dira. Cookieak nola erabiltzen diren kudeatzeko, cookie jakin batzuk alde batera uzteko aukera barne, joan g.co/privacytools helbidera. Horrez gain, arakatzaileko cookieak kudeatzeko aukera duzu (baliteke gailu mugikorretarako arakatzaileek ikusgaitasun hori ez eskaintzea). Baliteke teknologia horietako batzuk gailuaren edo dagokion aplikazioaren ezarpenetan kudeatzea.

Funtzioak

Funtzioak ahalbidetzen dituzten cookieei eta antzeko teknologiei esker, zerbitzu baterako oinarrizkoak diren eginbideak atzitu ahalko dituzu. Honako hauek daude zerbitzu baten oinarrizko elementuen artean: aukerak eta hobespenak gogoratzea (aukeratzen duzun hizkuntza, adibidez), saioari buruzko informazioa gordetzea (erosketa-saski bateko edukia, esaterako), eginbideak gaitzea edo zuk eskatzen dituzun zereginak gauzatzea, eta zerbitzu hori mantentzeko eta hobetzeko produktu-optimizazioa.

Zure hobespenak mantentzeko erabiltzen dira cookie batzuk eta antzeko teknologiak. Adibidez, Google-ren zerbitzuak erabiltzen dituzten gehienek NID edo _Secure-ENID izeneko cookie bat dute arakatzailean, hautatu dituzten cookie-aukeren arabera. Cookie horiek zure hobespenak eta bestelako informazioa gogoratzeko erabiltzen dira, hala nola hizkuntza hobetsia, bilaketa-emaitzen orri bakoitzean erakustea nahi duzun emaitza kopurua (adibidez, 10 edo 20) eta Google Bilaketa segurua eginbidearen iragazkia aktibatuta eduki nahi duzun edo ez. Erabiltzaileak zerbitzua azkeneko aldiz erabili zuenetik sei hilabeteko epean iraungitzen da NID cookiea; _Secure-ENID cookieak, berriz, 13 hilabete irauten du. VISITOR_INFO1_LIVE eta __Secure-YEC izeneko cookieek antzeko helburua dute YouTube-n, eta zerbitzuaren arazoak antzemateko eta konpontzeko ere erabiltzen dira. Cookie horiek 6 eta 13 hilabete irauten dute, hurrenez hurren.

Saio jakin batean jasotzen duzun esperientzia mantentzeko eta doitzeko erabiltzen dira bestelako cookieak eta antzeko teknologiak. Esate baterako, YouTube-k informazioa gordetzeko erabiltzen du PREF cookiea (adibidez, gogoko orri-konfigurazioa eta erreprodukzio-hobespenak, hala nola erreprodukzio automatikoko aukera esplizituak, edukia ausaz erreproduzitzeko aukera eta erreproduzigailuaren tamaina). YouTube Music-en kasuan, bolumena, errepikatzeko modua eta erreprodukzio automatikoa sartzen dira, besteak beste, hobespenen barruan. Erabiltzaileak zerbitzua azkeneko aldiz erabili zuenetik 8 hilabeteko epean iraungitzen da cookiea. Bestalde, pm_sess cookieak arakatze-saioa mantentzen laguntzen du, eta 30 minutu irauten.

Baliteke Google-ren zerbitzuen errendimendua ere hobetzeko erabiltzea cookieak eta antzeko teknologiak; adibidez, CGIC cookieak bilaketa-emaitzak eskaintzeko modua hobetzen du (izan ere, erabiltzaileak hasieran idatzi duen testua oinarri hartuta bilaketa-kontsultak automatikoki osatzen ditu). 6 hilabete irauten du cookie horrek.

Google-k SOCS cookiea erabiltzen du. Cookie horrek 13 hilabete irauten du eta erabiltzaileek cookieen inguruan aukeratutakoa gordetzeko balio du.

Segurtasuna

Erabiltzaileak autentifikatzeko, iruzurrak saihesteko eta zerbitzu batekin interakzioan jardutean zeure burua babesteko erabiltzen dira segurtasun-helburuak dituzten cookieak eta antzeko teknologiak.

Erabiltzaileak autentifikatzeko erabiltzen diren cookieei eta antzeko teknologiei esker, kontua haren jabeak soilik atzi dezakeela bermatzen da; adibidez, SID eta HSID izeneko cookieek erabiltzailearen Google-ko kontuaren IDaren erregistro enkriptatuak eta digitalki sinatuak dituzte, baita saioa hasi zen azken aldiaren erregistroa ere. Cookie horiek konbinatuz gero, eraso mota asko blokea ditzake Google-k; adibidez, Google-ren zerbitzuetan bidalitako inprimakien edukia lapurtzeko saiakerak.

Cookie batzuk eta antzeko teknologiak spama, iruzurrak eta erabilera okerra saihesteko erabiltzen dira. Adibidez, pm_sess eta YSC cookieek arakatze-saio bateko eskaerak erabiltzaileak egin dituela bermatzen dute, eta ez beste webgune batzuek. Cookie horiei esker, asmo txarreko webguneek ezin dute erabiltzaile baten izenean jardun erabiltzaile horrek jakin gabe. pm_sess cookieak 30 minutu irauten du, eta YSC cookieak, berriz, erabiltzailearen arakatze-saioa amaitu arte. __Secure-YEC eta AEC cookieak spama, iruzurrak eta erabilera okerra hautemateko erabiltzen dira, iragarleei iruzurrezko edo balio ez duten agerpenengatik edo iragarkiekin izandako interakzioengatik oker kobratzen ez zaiela ziurtatzeko. Halaber, YouTube-ren Bazkideen programan parte hartzen duten YouTube-ko sortzaileek bidezko ordainsaria jasotzen dutela ziurtatzeko erabiltzen dira. AEC cookieak 6 hilabete irauten du, eta __Secure-YEC cookieak, berriz, 13 hilabete.

Estatistikak

Analisietarako erabiltzen diren cookieei eta antzeko teknologiei esker, zerbitzu jakin batekin interakzioan nola jarduten duzun ulertzen dute zerbitzuek. Estatistika horiei esker, zerbitzuek edukia hobetu, eta erabilera hobetzeko ezaugarri hobeak gara ditzakete.

Cookie batzuek eta antzeko teknologia batzuek bisitariek beren zerbitzuekin duten harremana ulertzen laguntzen diete webguneei eta aplikazioei. Adibidez, Google Analytics-ek cookie sorta bat erabiltzen du Google Analytics zerbitzua erabiltzen duten enpresen izenean informazioa biltzeko eta webgunearen erabilera-estatistiken txostenak egiteko, banako bisitarien identitatea jakinarazi gabe. _ga cookieak, Google Analytics-ek erabiltzen duen cookie nagusiak, bisitari bat beste batetik bereizteko aukera ematen dio zerbitzuari, eta 2 urte irauten du. Google Analytics darabilten webguneetan erabiltzen da _ga cookiea, Google-ren zerbitzuak barne. Propietate jakin baterako esklusiboa da _ga cookie bakoitza; beraz, ezin da erabili zerrendatu gabeko webguneen bidez emandako erabiltzaile edo arakatzaileen jarraipena egiteko.

Google-ren zerbitzuek Google Bilaketa zerbitzuan NID eta _Secure-ENID cookieak eta YouTube-n VISITOR_INFO1_LIVE eta __Secure-YEC cookieak ere erabiltzen dituzte estatistikak lortzeko. Baliteke mugikorretarako Google-ren aplikazioek identifikatzaile esklusiboak ere erabiltzea estatistikak lortzeko (adibidez, Google-ren erabilera-identifikatzailea).

Publizitatea

Google-k publizitaterako erabiltzen ditu cookieak; besteak beste, iragarkiak hornitu eta emateko, iragarkiak pertsonalizatzeko (myadcenter.google.com eta adssettings.google.com/partnerads helbideetan dituzun iragarkien ezarpenen arabera), iragarki bat erabiltzaile bati zenbat aldiz erakusten zaion mugatzeko, ez ikustea erabakitako iragarkiak ezkutatzeko eta iragarkien eraginkortasuna neurtzeko.

Saioa hasita ez daukaten erabiltzaileei Google-ren zerbitzuetan Google-ko iragarkiak erakusteko NID cookiea erabiltzen da, eta ANID, IDE eta id cookieak, berriz, Google-renak ez diren webguneetan Google-ko iragarkiak erakusteko. Mugikorretarako publizitate-identifikatzaileak, hala nola Android-en publizitate-identifikatzailea, antzeko helburuetarako erabiltzen dira mugikorretarako aplikazioetan, gailuaren ezarpenen arabera. Iragarki pertsonalizatuak gaituta badauzkazu, ikusten dituzun iragarkiak pertsonalizatzeko erabiltzen dira ANID eta IDE cookieak. Iragarki pertsonalizatuak desaktibatu badituzu, hobespena gogoratzeko erabiltzen dira ANID eta id cookieak, iragarki pertsonalizatuak ikus ez ditzazun. Erabiltzaileak zerbitzua azkenekoz erabili zuenetik 6 hilabeteko epean iraungitzen da NID cookiea. ANID, IDE eta id cookieek 13 hilabete irauten dute Europako Esparru Ekonomikoan (EEE), Suitzan eta Erresuma Batuan, eta 24 hilabete gainerako tokietan.

Iragarkien ezarpenen arabera, baliteke Google-ren beste zerbitzu batzuek ere (YouTube-k kasu) publizitaterako erabiltzea cookie horiek, baita beste cookie eta teknologia batzuk ere, hala nola VISITOR_INFO1_LIVE cookiea.

Google-ren zerbitzuetan saioa hasten duten erabiltzaileentzat dira publizitaterako erabiltzen diren cookie batzuk eta antzeko teknologiak; adibidez, Google-renak ez diren webguneetan saioa hasita daukaten erabiltzaileak identifikatzeko DSID cookiea erabiltzen da, erabiltzaileak daukan iragarkien pertsonalizazio-ezarpena behar bezala errespeta dadin. 2 aste irauten du DSID cookieak.

Google-ren publizitate-plataformaren bidez, Google-ren zerbitzuetan eta Google-renak ez diren webguneetan iragarkiak jartzeko aukera dute enpresek. Cookie batzuek hirugarrenen webguneetan iragarkiak erakustea ahalbidetzen diote Google-ri, eta bisitatzen duzun webgunearen domeinuan ezartzen dira; esaterako, _gads cookiearen bidez, Google-ko iragarkiak erakusten dira webguneetan. Izenaren hasieran _gac_ duten cookieak, berriz, Google Analytics-ekoak dira, eta erabiltzaileen jarduerak eta haien publizitate-kanpainen errendimendua neurtzeko erabiltzen dituzte iragarleek. _gads cookieek 13 hilabete irauten dute; _gac_ cookieek, berriz, 90 egun.

Bisitatzen duzun webgunean Google-ko iragarkien eta kanpainen errendimendua eta bihurketa-tasak neurtzeko erabiltzen dira cookie batzuk eta antzeko teknologiak; adibidez, iragarleei haien iragarkietan klik egiten duten pertsonen eta webgunean ekintzaren bat (adibidez, erosketaren bat) egiten dutenen alderaketa erakustea dute helburu nagusi izenaren hasieran _gcl_ duten cookieek. Bihurketa-tasak neurtzeko erabiltzen diren cookieak ez dira erabiltzen iragarkiak pertsonalizatzeko. 90 egun irauten dute _gcl_ cookieek. Iragarkien eta kanpainen errendimendua neurtzeko ere erabil daitezke antzeko teknologiak (adibidez, Android-eko gailuen publizitate-identifikatzailea). Publizitate-identifikatzailearen ezarpenak kudeatzeko, erabili Android-eko gailua.

Ikusi publizitaterako erabiltzen diren cookieei buruzko informazio gehiago hemen.

Pertsonalizazioa

Pertsonalizaziorako erabiltzen diren cookieek eta antzeko teknologiek zerbitzua doitzen dute eduki eta eginbide pertsonalizatuak eskainita, g.co/privacytools helbidean edo aplikazioaren eta gailuaren ezarpenenetan aukeratutakoaren arabera.

Besteak beste, emaitza eta gomendio egokiagoak, YouTube-ren orri nagusi pertsonalizatua eta zure interesetara egokitutako iragarkiak sartzen dira eduki eta eginbide pertsonalizatuetan; adibidez, baliteke VISITOR_INFO1_LIVE cookieak YouTube-n gomendio pertsonalizatuak gaitzea iraganeko ikustaldi eta bilaketetan oinarrituta. NID cookieak, berriz, osatze automatikoko eginbide pertsonalizatuak gaitzen ditu Bilaketa zerbitzuan, bilaketa-hitzak idazten ari zarenean. Erabiltzaileak zerbitzua azkenekoz erabili zuenetik 6 hilabeteko epean iraungitzen dira cookie horiek.

Beste cookie batek, UULEk, kokapen zehatzari buruzko informazioa bidaltzen du arakatzailetik Google-ren zerbitzarietara, Google-k zure kokapenerako egokiak diren emaitzak erakutsi ahal izan diezazkizun. Arakatzailearen ezarpenen eta arakatzailean kokapena aktibatuta edukitzeko egindako aukeraren araberakoa da cookie horren erabilera. Gehienez 6 ordu irauten du UULE cookieak.

Pertsonalizaziorako erabiltzen diren cookieak eta antzeko teknologiak baztertzen badituzu ere, baliteke ikusten dituzun pertsonalizatu gabeko edukia eta eginbideak testuinguru-faktoreen arabera doituta egotea; adibidez, kokapena, hizkuntza, gailu mota edo unean ikusten ari zaren edukia.

Cookieak arakatzailean kudeatzea

Arakatzean cookieak nola ezartzen eta erabiltzen diren kudeatzeko aukera ematen dute arakatzaile gehienek, baita cookieak eta arakatze-datuak ezabatzeko aukera ere. Gainera, litekeena da cookieak webgunearen arabera kudeatzeko aukera ematen duten ezarpenak izatea arakatzaileak. Adibidez, Google Chrome-ren ezarpenek (chrome://settings/cookies helbidean eskuragarri) lehendik dauden cookieak ezabatzeko, cookie guztiak onartu edo blokeatzeko eta webguneetako cookieen hobespenak ezartzeko aukera ematen dute. Google Chrome-k ezkutuko modua ere eskaintzen du; horrek arakatze-historia ezabatzen du, eta gailuan erabilitako ezkutuko moduko leihoetako cookieak garbitzen, ezkutuko moduko leiho guztiak ixten dituzunean.

Aplikazio eta gailuetako antzeko teknologiak kudeatzea

Antzeko teknologiak nola ezartzen eta erabiltzen diren kudeatzeko aukera ematen dizute gailu mugikor eta aplikazio gehienek, hala nola aplikazio edo gailu bat identifikatzeko erabiltzen diren identifikatzaile esklusiboak. Adibidez, Android-eko gailuetako publizitate IDa edo Apple-ren publizitate-identifikatzailea gailuaren ezarpenetan kudea daiteke; aplikazioen identifikatzaile espezifikoak, berriz, aplikazioaren ezarpenetan kudeatu ohi dira.

Google-ren aplikazioak
Menu nagusia